Esklerosi Anizkoitzak, Gipuzkoan 750 pertsonari eragiten dien gaixotasuna da. Euskadin, 2.600 kasu daude eta estatu mailan 55.000. Gaixotasun honen berri emateko, igande honetan, euskal hondartza, urtegi eta igerilekuetan, Mójate-Busti Zaitez ekimena ospatuko da.
Ademgi-Gipuzkoako Esklerosi Anizkoitzaren Elkarteak azaldu duenez, Busti zaitez kanpainaren bitartez funtsak biltzen dituzte, Euskadiko hiru errehabilitazio-zentroetan gaixotasun hori sufritzen duten pertsonei eskaintzen zaizkien errehabilitazio-zerbitzuak finantzatzeko.
Bide batez, 26 urte hauetan gaixotasun neurodegeneratibo horren tratamenduan aurrerapausoak eman direla nabarmendu nahi izan dute, aldez aurretik “ia ez zelako ezer ezagutzen, ez zegoen tratamendurik, ezta sentsibilizazio sozialik ere”.
Urte luze horietako lanari esker, “panorama erabat irauli da, eta sortu den farmakologia ugariari esker, bizi-kalitatea hobetu duten tratamenduak aplika daitezke, gaixotasunaren garapena aldatzeko gaitasuna dutelako”, adierazi dute elkartetik.
Ikerketa izan da Esklerosi Anizkoitza duten pertsonen “beste aliatu handia, bai tratamendurako, baita gaixotasuna hobeto ezagutzeko ere”. Ademgitik azaldu dutenez, “Betiko ametsa sendabidea topatzea bada ere, aukera terapeutiko eskasagoak dituzten forma progresiboenentzako tratamendua bilatzean oinarritzen da nagusiki ikerketa, baita kalteak apaltzen ere”.
Ildo beretik, pazienteen elkarteen lana “funtsezkoa” izan da gaixoei eta haien familiei Esklerosi Anizkoitzarekin “ahalik eta bizi-kalitate onenarekin” bizitzen laguntzeko, “ikerketarako funtsak lortzeko eta gizartea sentsibilizatzeko”.
Mojate Busti Zaitez ekitaldi “lotsagabea, dibertigarria eta freskoa” da, eta gizartea gaixotasun kroniko eta neurodegeneratibo horretaz modu parte-hartzailean jabetzea du helburu.
Horrexegatik, gaur beste hitzordu bat izango dugu: Euskadi osoan zehar 60 merchandising-postutik gora jarriko dira Gipuzkoa, Araba eta Bizkaiko hainbat udalerritako hondartza, urtegi eta igerilekuetan. Bertan, Katuky Saguyaky markako Mikel Urmenetaren diseinuekin egindako produktu solidarioak erosi ahal izango dira, herritarrak Esklerosi Anizkoitzaren alde “bustitzera” animatuko dituzten bitartean.