Síguenos en redes sociales:

Bueltan dira AEKren udako barnetegiak

Bueltan dira AEKren udako barnetegiak

Barnetegiak aurtengo udan ere bueltan dira, nahi duten herritar guztiek eta bizitzaren alderdi guztietan euskararen erabilera bultzatzen jarraitzeko, baita aisialdian ere.

Aste honetan AEKetik jakinarazi dutenez, matrikulazio epeak jada zabalik daude udako hilabeteetan euskara hurbiletik bizitzen eta sentitzen jarraitzeko, bi modalitatetan: “Alde batetik, zauden lekuan zaudela, AEKk euskara eskura jarriko dizu: etxe ondoan, hainbat euskaltegitan, ikastaroak eskainiko dira, uda partean ere euskara ikasteko eta azterketak prestatzeko. Informazio zehatza hurbilen duzun euskaltegian eta AEKren webgunean jaso dezakezu. Gainera, online-ikastaroen eskaintza ere izango da, maila guztietan”, azaldu zuten. Azken modalitate horretan, tutoretza-saioak 15 egunean behin egiten dira, gela birtualean, etengabeko ebaluazio pertsonalizatua eskainiz. Online-ikastaroak iraupen, helburu eta eduki askotarikoak izan daitezke, beti eskatzailearen beharrei egokituta (norbanakoak, enpresak, ikastetxeak…). Moodle plataformaren bidez garatu dira, eta garrantzia berezia ematen zaie talde-lanari, irakasleen jarraipenari eta erabilerari. Bestalde, modalitate honetan, AEKren metodologian oinarritutako ikastaroak daudenez, nork bere bizitzako edozein arlo eta unetarako euskara erabiltzen ikastea dute helburu: eguneroko bizimodurako, lehen egunetik mintzatzeko, “maite dituzunekin bizitzeko, kaleko harremanetarako, kulturaz gozatzeko, erabilera formalerako, euskara-maila egiaztatzeko eta lanean erabiltzeko”. “Ikastaro horiek ez dizute aparteko betebehar edo trebezia teknikorik eskatuko; gainera, ez duzu ezer deskargatu edo instalatu beharrik izango. Moodle plataforman oinarrituta daudenez, baliabideak intuitiboak, interaktiboak eta dinamikoak irudituko zaizkizu; hitz batean esanda, erakargarriak. Azkenik, gure ikastaroetan garrantzia berezia hartzen dute ondoko hauek: elkarren artean aritzeko eta komunikatzeko tresnek, ahozko erabilerak eta ikus-entzunezkoen lanketak”, nabarmendu nahi izan zuten.

Gauzak horrela, uztailetik irailera bitartean, AEKk hainbat aukera eskaintzen dizkie interesdunei: badira euskara ikasteko eta azterketak prestatzeko ikastaroak, 75 ordukoak. (Noiz hasi: uztailaren 3an. Noiz amaitu: irailaren 29an. Prezioa: 317 euro -C2, 390 euro-. Non: https://www.egela.aek.eus/); C2 atarikoa, hobekuntza ikastaroa ere eskaintzen dute, hori ere 75 ordukoa, C1 gaindituta dutenentzat. Ikastaro hori oso egokia da euskara-maila hobetzeko edota hurrengo ikasturtean C2 maila egin nahi dutenentzat (Noiz hasi: uztailaren 3an. Noiz amaitu: irailaren 29an). Irailerako beste hainbat aukera ere eskaintzen dituzte: Azterketak (HABE, IVAP...) prestatzeko ikastaro laburrak (25 ordu). B2, C1 eta C2 mailak (noiz hasi: irailaren 4an; noiz amaitu: irailaren 29an. Prezioa: B2 eta C1, 106 euro. C2,185 euro); eta bada b estelako aukera bat ere, itzulpengintza-ikastaroa (30 ordu. Noiz hasi: irailaren 4an. Noiz amaitu: irailaren 29an. Prezioa: 276 euro).

Aukera horiez guztiez gain, barnetegirik ere ez da faltako. “Beste alde batetik, barnetegiak: euskara egunerokotasunean bizitzeko aukera eskaintzen dizugu. Tartean, badira familia barnetegiak ere. “Udan denbora eta aukera gehiago izaten da euskara ikasi nahi dutenak biltzeko; edozein tokitatik online, zure herrian bertan edo euskara entzungo den leku batera joateko, bertakoekin zein ikaskideekin euskaraz egiteko eta beste hainbat eta hainbat gauza euskaraz egiteko. Hori guztia, jakina, AEK-ko irakasleen eskutik, paraje ederrean eta giro ezin hobean; uda-giroan, hain zuzen ere”.

barnetegiak “Barnetegian, euskara nonahi entzungo duzu, euskaraz mintzatuko zara herrikoekin zein ikaskideekin, eta euskaraz biziko zara: eskolak jaso, txangoetara joan eta beste makina bat jarduera ere egingo dituzu. Hori guztia leku zoragarrietan eta udako giro bikaina baliatuz. Horixe da barnetegia, euskara ikasteko lekurik onenetakoa”. Horietarako ere hainbat aukera sortu dituzte: bi asteko barnetegiak (Hego Euskal Herrian, Arantzan eta Foruan A2- B1- B2- C1 mailak. Barnetegi hori uztailaren 3tik 16ra izango da, baita uztailaren 17tik 30era ere. (A2 maila bigarren hamabostaldi honetan eskainiko da). Gero, uztailaren 31tik abuztuaren 13ra, abuztuaren 14tik 27ra eta abuztuaren 28tik irailaren 10era). Bestalde, mailak egiaztatzeko azterketa prestatzeko 2 asteko barnetegiak ere antolatu dituzte; B2 eta C1/EGA mailakoak Arantzan eskaintzen ditu AEKk. Edukiei dagokienez ikastaro bereziak direnez, azterketak prestatzera bideratzen dira eskolak beren-beregi. Azkenik, Xiberera euskalkia landu nahi dutenek ere izango dute barnetegia egiteko parada, uztailaren 23tik 29ra, Mendikotan. Kide prezioa 335 eurokoa da.