Ostiral honetan, goizeko 11.00etan, eman dio hasiera euskara batuaren aldeko giza kateak, Euskaltzaindiak eta Ikastolak herriari egitasmoak antolatutako ekimenak. Errenteriako Gamon Zumarditik Donostiako Alderdi Ederrera arte, 8.226 metrotan zehar 8.000 bat lagunek aldarrikatu dute hizkuntza batuak "gure herriaren garapenean izan duen balioa", antolatzaileen esanetan.

Batasunaren bidean. Euskara batuari gorazarrea izan da giza kate honetarako aukeratu izan den leloa. Hala, euskara batua ez ezik,  "sorreran bultzatzaile izan zirenei" ere omenaldia egiteko aprobetxatu nahi izan dute. 15 izen goraipatu dituzte: Koldo Mitxelena, Resurreccion Maria Azkue, Pierre Broussain, Jose Maria Satrustegi, Julia Berrojalbiz, Xabier Kintana, Raimundo Olabide, Julene Azpeitia, Luis Villasante, Arantxa Urretabizkaia, Henrike Knörr, Arturo Campion, Gabriel Aresti, Jean-Louis Davant eta Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi, hain zuzen ere.

Hala ere, antolatzaileek euskara batua "gaur errealitate bada, askoz ere pertsona gehiagori esker izan da eta horietako asko anonimoak direla" azpimarratu dute. Hala, herriak "nahi", "sortu" eta "eginiko" hizkuntza dela defendatu dute eta beronen erabilera izan dela gakoa. Eta erabilera horren jarraipena irudikatu nahi izan dute giza katearen bidez.

Horrez gain, euskarak batuak Euskal Herriari eginiko ekarpena ere goraipatu nahi izan dute ekimen honekin. "Euskarazko hezkuntza, komunikazioa, gizarte kohesioa edota euskal instituzioak ez lirateke gaur egun direna izango euskara batua izango bagenu eta garelako ere daukagu euskara batua", aldarrikatu dute.

Bestalde, giza kateak iraun duen bitarte horretan, Euskaltzaindiak osatutako dokumentu bat banatzeko ere aprobetxatu dute. Euskararen batasuna. Euskarazko hiztun elkartea trinkotzeko, bizirauteko eta garatzeko hiltzarria izenburu, hizkuntza batuaren sorrerak izandako ibilbide historikoa ulertzeko gakoak azaltzen ditu.

Errenteriako Orereta ikastolak sustatuko ekimen honek 11.30etan izan du amaiera. Momentu hartarako, bost gune prest izan dituzte ibilbideko puntu ezberdinetan  "euskara batuari gorazarre egiteko ekitaldi bana egiteko": Errenterian, Pasaian, Donostiako Herrera auzoan, Zurriola ikastolan eta Donostiako Plaza Berrian, hain zuzen ere. Eguerdiko 12.00etan ekin diote festa txiki hauei, ahalik eta 12.30etan amaitu diren arte.

106

[Argazkiak] Euskararen aldeko giza katea: Errenteria Iker Azurmendi

Ondoren, 15.00etan, Euskaltzaindiako hainbat kidek Orereta ikastolari bixita egin diote eta arratsaldean, 17.30etan, ekitaldi instituzionala izan da Errenteriako Udaleko Areto Nagusian. Bertan ekimenaren antolatzaileek, Ikastolen elkarteko eta Euskaltzaindiako kideek, eta euskalgintzako eragileek parte hartu dute.

64

[Argazkiak] Euskararen aldeko giza katea: Pasai Antxo Iker Azurmendi