Ibarra – Joseba Usabiaga (1981) aktore ibartarrak momentu ederra bizi du lanari dagokionez. Azken egunotan, ‘El Vasco’ filma aurkeztu du Zinemaldian, bertako pelikulen sekzioa (Zinemira) irekitzen. Kilometroak ekitaldiarekin oso harreman estua duen arren, lanak aurten Ibarrara hurbiltzea eragotziko dio.

Nola biziko dituzu pandemiarik gabeko lehen Kilometroak?

Ba etxetik kanpo, Ibarratik kanpo, lana daukagulako. Gure Zirkuarekin ibiliko gara asteburu honetan Hondarribian eta ezingo naiz bertan egon, horixe pena.

Dena den, Kilometroak festara hurbiltzen zara normalean?

Bai, noski. Etxetik gertu izan ohi denez, normalean joan izan naiz. Tolosa eta Ibarran, gainera, ohitura handia dago eta azken hogei urteetan sarritan joan naiz, baina aurten ezin izango dut.

Aurten zenbait aldaketa egin dira formatuan.

Bai, interesgarriak iruditu zaizkit. Gune gutxiago egongo dira, baina musikarekin zirkuitu moduko ibilbidea egin ahal izango da, oso erakargarria. Aurten huts egingo badut ere, badakit Ibarran oso egun polita pasako dutela. Gainera eguraldi ona eman dute astebururako. Beraz, jendea animatu nahiko nuke festara hurbildu eta parte hartu dezan.

Bestalde, azkenaldian lanpetuta ibili zara. Orain dela gutxi ‘El Vasco’ pelikula aurkeztu duzu Donostiako Zinemaldian. Nolakoa izan da esperientzia?

Ba oso ona! Donostiako Zinemaldian aurretik bi aldiz egona nintzen eta jada banekien zer nolako festibala den. Jendea gogotsu joaten da, ondo pasatzeko gogoekin, eta sarrerak aurrerapen handiz hartzen dira. Gure pelikulan berdin, oso ondo joan zen, eta ikusleek, espero bezela, barre asko egin zuten, izan ere, komedia bat da.

Filma datorren astean estreinatuko da zinema aretoetan. Zer esango zenieke gure irakurleei pelikula ikusi dezaten?

Askok komedia bat espero dute, baina ez da hori soilik; drama dexente dauka eta agian bat baino gehiagori negar malkoren bat aterako zaio. Diaspora eta inmigrazioari buruzko istorio oso polita da. Inork ordu eta erdi oso entretenigarria eta hunkigarria pasa nahi badu, ez da damutuko.