Lehen Korrika orain dela 40 urte egin zen. Aurrerapausoak nabarmenak izan dira ibilbide honetan, baina Luix Intxauspek, ekimenaren Gipuzkoako koordinatzaileak, euskararen erabileraren inguruan piztutako alarmak azpimarratu dizkio egunkari honi. 22.edizioa hastear dagoela, teoriatik praktikara pasatzeko gonbita luzatu dio gizarteari, egunerokotasuna euskaraz bizitzeko hautua egitearena.
Azkeneko Korrika 2019an izan zen. Bereziki gogotsu, urtebeteko atzerapenaren ostean?
-Korrika bi urtetik behin antolatzen da. Berez, 2021ean egin behar zen eta, pandemia zela eta, urtebete atzeratu da. Beraz, bai, gure aldetik gogoa antolatzeko momentuan. Askotan esaten ari gara, Korrikatik ere bai, gogo handia sentitzen dugula Euskal Herriko txoko ezberdinetan. Uste dut AEKn, antolakuntza aldetik, gogotsu gaudela. Korrika ilusioz beteriko ekitaldia da, Euskal Herrian egiten den politenetako bat, seguruenik. Antolatzea bada polita eta aurten, bereziki, gogo handia dagoela esango genuke.
Leloa Hitzekin
-Jolas bat da; hitz, hitzarena eta ekin, ekintzarena. Esaten duguna da hitzetatik ekintzetara pasatzeko momentua dela; euskararen normalizazio prozesuan, hitzetatik edo diskurtsoetatik harago, euskararen aldeko ekintza irmo eta sendoetara pasatzeko garaia dela iruditzen zaigula.
Nola deskribatuko zenuke Korrikak izandako ibilbidea 1980ko lehen ediziotik 22. honetara arte?
-Ibilbide hori izugarria da. Lehenengo Korrika haiek kontuan hartuta, dimentsioa bera, alde batetik; Korrikak egiten zituen kilometroak edo gaur egun egiten duen ibilbidea... Hasieran, bestetik, izan zituen hainbat zailtasun; Korrikaren aurkako jarrerak existitzen ziren. Gaur egungo Korrika, berriz, oso parte hartzailea da, bereziki aurten; gogo handia sentitzen ari gara, jende askoren parte hartzea aurreikusten dugu, bai kilometroetan, lekuko eramaileetan, Korrika batzordeetan... Onespen oso zabala dauka Euskal Herriko lurralde guztietan. Oso anitza da gaur egungo Korrika; mundu guztiak dauka lekua. Parte hartzea ikusten badugu, hori da, zabala, anitza eta inklusiboa.
Euskararen erabilera gizartean 40 urte hauetan, Korrikaren hazkundearen proportzio berean hazi da?
-Ez dakit Korrika eta euskararen egoera eta erabilera proportzio berean joan diren, baina egia da 70-80. hamarkadatik hona, ibilbide handia egin dela euskalgintzan. Hezkuntzan, helduen euskalduntzean, euskararen aldeko dinamiketan edo komunikabideetan euskararen aldeko ekimen asko egin dira. Ezagutza areagotu da, baita erabilera ere, zenbait gunetan. Baina azpimarratu nahiko nuke, gaur egun Korrika hain zabala, anitza eta parte hartze handia duen ekimena izanik, euskararen normalizazio prozesua badagoela alerta egoera batean eta alarma gorri batzuk baditugula, erabileraren kasuan. Azkenaldian ezagutu ditugu soziolinguistika klusterrak emandako hainbat datu; euskararen arnasguneetan, erabilera gelditu egin da eta zenbait lekutan, atzera egiteko arriskua daukagu. Mundu guztiak adierazten du euskararen alde dagoela, baina badaude elementu batzuk kezkagarriak ere badirenak.
Belaunaldi berriek gehiago ala gutxiago hitz egiten dute euskaraz?
-Euskal Herriko lurralde luze-zabalean oso egoera diferenteak daude. Ez da berdina Alkiza batean, ziurrenik, edo Tutera batean, edo Maulen, edo Miarritzen. Datu askok, gazteei dagokienez, ezagutzarekin alderatuta, erabilera baxua dela esaten dute. Baina askotan ere aipatzen da, gazteek hizkuntza bizia behar dutela, komunikatzeko baliagarria izan behar zaiena. Hori batzuetan euskararekin kosta egiten zaie. Erabileraren bilakaerek, askotan, gazte garaitan gazte euskaldunek gutxiago erabiltzeko joera dutela adierazten dute, baina adinean aurrera egin ahala, euskara bizi eta erabiltzeko joera berreskuratzen dela. Niri, pertsonalki, askotan fokua gazteengan jartzen dugula iruditzen zait, baina helduok ere pentsatu beharko genuke zer egiten dugun.
Zerk bultzatzen du gaur egun norbait euskaltegian euskara ikastera?
-Denetarik dago. Inpresioa bada, duela urte batzuk, jendea gehiago hurbiltzen zela hizkuntza bera ikastera, euskal kultura ezagutzera; euskara ikastera, kontzientzia batekin. Azkenaldian, gero eta gehiago antzematen dugu jendea titulu bat behar duelako hurbiltzen dela. Hizkuntza ikasteak beste mundu bat ikustera eramaten zaitu eta hori sentimenduekin lotuta dago. Helburua titulua denean, horretara zentratzeak eta lortu edo ez lortzeak, frustrazioa ere sor dezake. Euskara ikastea, erabilerarekin lotutako hizkuntza bat baldin bada eta prozesua horrela egiten baldin badugu, titulua, askotan, ondorioa bat da.
Zer egin daiteke euskararen erabilera bultzatzeko,norbanakoaren, instituzioen, gizartearen aldetik?
-Nola bizi garen eta zein hizkuntzatan bizi nahi dugun hautu pertsonalak dira. Gizartean, Korrika bera kontzientzia eta sentsibilizazioa lantzen diren ekimena da. Administrazio publikoen artean ere fokua jartzea inportantea da. Korrikaren lurraldea Euskal Herria da, hiru administrazio ezberdin ditugu eta euskararen egoera juridikoa ezberdina da hiruretan. Baina instituzioek neurri asko jar ditzakete abian, euskararen ezagutza areagotzeko, helduen euskalduntzea indartzeko eta hizkuntza-politika benetan ekintzaileagoak izateko.
Zein da Korrikaren etorkizuna?
-Ediziotik ediziora handitzen doan ekimena da. Korrikak berak, orokorrean, oso sentsazio positiboa uzten digu; euskararen aldeko sentsibilizazioak, emozioekin lotura badu. Aurtengo leloarekin lotuta, ez da bakarrik lasterketan parte hartzea; euskararen aldeko dinamika horretan zein ekintza egiten diren ere bada. Euskararen aldeko jarreratik, euskararen aldeko ekintza eta konpromisoak behar ditugu. Nik uste dut hortik jo behar dugula; ondo dago Korrikan parte hartzea, baina beste ekintza edo jarreraren bat piztu edo sustatu behar du, normalizazioan aurrera egin dezagun.