"Mundu berri bat guztiontzat (2)" kantu eta bideoklipen proiektua aurkeztu du larunbat honetan Bizipoza elkarteak Hernaniko Biteri kultur etxean. Motxila 21 Nafarroako musika taldeak eman dio hasiera ekitaldiari "Gurpilak Sutan" kantuarekin.

  • Eskuratu NOTICIAS DE GIPUZKOArekin "Mundu berri bat guztiontzat (2)" CD eta DVDa

Taldearen emanaldia eta gero, Joxe Mari Agirretxek eta Amaia Elizondok, elkarteko talde eragilearen kideek, aurkezle lanak egin dituzte, bideoklipak aurkeztuz eta ekitaldian parte hartu dutenei hitza emanez.

Leire Elizegi Belokik, Bizipozako koordinatzaileak, proiektuaren nondik norakoak azaldu ditu: helburuak, ekoizpena, elkarteen eta euskal sortzaileen arteko elkarlana eta beste hainbat zehaztasun. Ondoren, Gure Nahia eta Gure Señeak elkarteen, eta Super Hren bideoklipak proiektatu dira.

Hiru elkarteen bideoklipak ikusi eta gero, Itsaso Etxeberriak, Arena Comunicación Audiovisual ekoiztetxeko produktoreak, bideo grabaketen eta edizioen zehaztasunak eman ditu. Ademgi eta Bortzirietako Guztiok Taldea elkarteen bideoklipak proiektatu ondoren, Euskal Herriko Down Sindrome Fundazioko kidea den Mikel Jauregik hartu du hitza sortzaileen izenean.

Segidan, Motxila 21 taldeak oholtza hartu du bigarrenez eta "Mugitu zaitez" abestia jo du. Jarraian, Euskal Herriko Down Sindrome Fundazioa eta Sanfilippo elkartearen bideoklipak ikusteko aukera izan da.

Nerea Godoyk, Sanfilippo elkarteko boluntario, Bizipozako talde eragileko kide eta Bilboko egoitzako langileak, hiru arloetan duen esperientzia kontatu du. Bukatzean, beste bi bideoklip ikusteko aukera izan dute bertaratutakoek: Etiopia Utopia Fundazioa Tikal, eta Gipuzkoako Kirol Egokituen Federazioa eta Mindara Elkartearenak.

Jarraian, Amaia Elizondok, GKEFko arduradunak eta ikuskizunaren aurkezleak, hitza hartu du, Juan Luis Asensio Mindara Elkarteko lehendakariarekin batera. Bizipoza osatzen duten elkarte guztientzat haien errealitatea musika, letra eta irudien bitartez gizarteratzearen garrantziaren inguruan aritu dira. Mindara Elkarteko kidea den 12 urteko Eider Garcia Elosegik bere trebezia erakutsi du sabeliztun bezala, bere panpina Mariarekin eta Joxe Mari Agirretxerekin elkarrizketa bat izaten.

Chernobilen Lagunak eta Beroa elkarteen bideoklipak ere ikusteko aukera izan dute bertaratutakoek. Ondoren, Laboral Kutxako Marije Etxanizek bost babesleen izenean hartu du hitza (Laboral Kutxa, Fagor Taldea, Danobat group, Irizar eta Kutxa Fundazioa). Xabi Lertxundik, Hernaniko alkatea, hitz batzuk esan ditu jarraian.

Motxila 21 taldeak hirugarren eta azken abestia, "Amalur", eskaini du. Oraingo honetan Xabier Zabala konpositorea izan dute bidelagun. Ondoren, Zabalak hartu du hitza eta 10 abestien musikaren sortze prozesuaren zehaztasunak eman ditu.

Ekitaldia bukatzeko, Joxe Mari Agirretxek, Amaia Elizondok eta Leire Elizegik eskerrak eman dizkiete aretoa bete duten guztiei: elkarteetako kideei, sortzaileei, babesleei, argitaletxeari, komunikabideei... Datozen asteetan argitaratuko diren bideoklipen agendaren berri eman dute talde argazkia egin baino lehen. Amaitzeko, Bizipoza Auzolan bideokliparen proiekzioarekin agurtu dituzte ikusleak.BIDEOKLIPEN ARGITALPENAK

Hurrengo asteetan bideoklipak publikatzen joango dira Bizipozaren web orrian eta sare sozialetan. Honako hau da egutegia:

Urtarrilak 29: Bizipoza Auzolan bideoklipa

Otsailak 1: Hogeitabira (EHko Down Sindrome Fundazioa)

Otsailak 4: Txokotxoa (Beroa Elkartea)

Otsailak 8: Guztiontzat ( Bortzirietako Guztiok Taldea Elkartea )

Otsailak 11: Beste pauso bat (Ademgi Elkartea)

Otsailak 15: Parke bat (Super H Elkartea)

Otsailak 18: Mundu bat non (Etiopia Utopia Fundazioa Tikal)

Otsailak 22: Gaur gu gara eguna (Sanfilippo Elkartea)

Otsailak 25: Izan gure lagun (Gure Nahia eta Gure Señeak elkarteak)

Martxoak 1: Nahi ibili gurekin? (Gipuzkoako Kirol Egokituen Federazioa eta Mindara Elkartea)

Martxoak 4: Misha Txikia (Chernobilen Lagunak Elkartea)