- Kutxa Fundazioak eta Donostia International Physics Center (DIPC) ikerketa-zentroak ZientziaKutxa hitzaldi-zikloa programatu dute ekaina eta uztaila bitartean. Gaurkotasun zientifikoa edo interes soziala duten gaiei buruzko lau dibulgazio-hitzaldi eskainiko dituzte zientzialari ospetsuek Tabakalerako Kutxa Kultur Plazan eta Eureka! Zien-tzia Museoan.

Gene bidaiaria izenpean, muga fisiko eta mentaletatik haratago bidaiarazten gaituzten gai zientifikoen ingurukoa izango da aurtengo zikloa. Programak zientzialari abenturazaleenak omentzen ditu, eta profil bidaiaria eta esploratzailea duten hizlariak ekarriko ditu.

Euskaraz eta gaztelaniaz eskainiko dituzte hitzaldiak eta aldez aurretik izena eman beharko da kutxakultur.eus webgunearen bidez lehenengo hiru saioetarako eta eurekamuseoa.eus-en laugarrenerako. Gainera tiny.cc/Zien-tziakutxa bidez ere zuzenean jarraitu ahal izango dira.

Lehen hitzordua bihar bertan izango da Asier Hilario geologoarekin. Euskal Kostaldeko Unescoren Munduko Geoparkeko koordinatzaile zientifikoa da eta Pirinioak geologiaren ikuspegitik erakutsiko ditu.

Ekainaren 23an, EHUko Maria Intxaustegi itsaspeko arkeologoak urpeko ondarearen inguruko hi-tzaldia eskainiko du. Uztailaren 7an Jeronimo Lopez geologo eta Madrilgo Unibertsitate Autonomoko irakasleak beroketa globalaren ondorioz eskualde polarretan gertatzen ari diren aldaketei buruz hitz egingo du.

Amaitzeko, uztailaren 28an Mirjana Povic astrofisikari serbiarrak galaxien eraketa eta bilakaerari buruzko saioa eskainiko du.