PV/EHUren Udako Ikastaroek iaz aurrez aurreko eta modalitate birtualean lortutako kopuru berdina izatea espero dute, 13.000 ikasletik gora, hain zuzen ere. Bestetik, behin pandemia amaitzen denean, formula dual honi eusteko asmoa du euskal unibertsitate publikoak, hainbat doikuntza eta hobekuntza eginda.

Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak eta Itziar Alkorta Udako Ikastaroen zuzendariak atzo aurkeztu zituzten mintegiak Miramar Jauregian eskainitako prentsaurrekoan, Agustin Erkizia Gipuzkoako campuseko errektore ordea eta Roberto Iñiguez de Onsoño Irizarreko Pertsonaleko zuzendaria lagun zituztela.

Guztira, 40. edizioak 180 ikastaro izango ditu, eta guztiek modalitate presentziala eta birtuala izango dituzte. Ikastaro horiek urriaren 7ra arte luzatuko dira, eta beste hamar jarduera ireki baino gehiago ere izango dira Berrikas lelopean, pandemiak utzi dizkigun irakaspenei erreferentzia eginez.

Hezkuntza, zahartzea, iraunkortasuna, pandemia, gobernantza, generoa eta euskal kultura izango dira mintegien gai oinarrizkoak.

Alkortak adierazi zuenez, EHU aztertzen dabil zer eduki-mota egokitzen zaien hobekien formatu birtualei, modalitate horretako arreta “prekarioagoa” baita; eta egiaztatu dutenez, hobe omen da Internetez jarrai daitezkeen gauzak gertatzen diren espazio bat eskain-tzea, distrakzioa errazten duten online ikastaro soilak egitea baino.

2020an, osasun krisiak ekarritako baldintzak kontuan izanik, 13.000 ikasletik gora bildu zituzten, “ikasle kopuru polita”; eta hori horrela izanik, aurten Miramar Jauregiko egoitza nagusian “lau ikastaro baino ez eskaintzea” erabaki dute.

Munduko hainbat lekutatik hazi egin omen dira matrikula birtualak, batez ere Latinoamerikatik, nahiz eta ordutegi aldaketa nabarmena izan haiekiko; eta, beraz, “plazak orekatzea” espero dute, aurrez aurrekoak murriztu direlako.

Matrikula epea zabalik dago dagoeneko, eta aurten “mintegia hasten den egunean bertan” izena emateko aukera ere eskaintzen da Alkortak azaldu zuenez.

Irekiera akademikoa ekainaren 25ean izango da eta “zehazteko puntuan” dagoen hizlari batek pandemiak utzi dituen irakaspenei buruzko hitzaldia eskainiko du; Miramar Jauregiko lorategietan berriz, hainbat kultur jarduera egingo dira.

40. urteurrena ospatzeko ekitaldi instituzionala Urrian egingo da.

Izen esanguratsu batzuk aipatzearren, besteak beste, bigarren Iraunkortasun Foroa irekiko duen Cristina Iglesias eskultorea, Carlos Duarte Ozeanografian aditua, Antoni Trilla Bartzelonako Unibertsitateko epidemiologoa, Auzitegi Goreneko magistratuak eta politikako ordezkariak aipatu zituen Alkortak.

1995az geroztik Hezkuntza Sailarekin batera unibertsitateaz kanpoko irakasleei zuzendutako Irakasteko ikasten ekimenaren baitan hamar ikastaro eskainiko dira, haur irakaskuntzaren erronkak, Steam Hezkuntza (Zientzia, Teknologia, Ingeniaritza eta Matematika) nola ezarri, teknologiaren inpaktua edota ikasgeletako bizikidetza lantzeko helburuarekin.

Bestalde, Irizarrek ere hainbat ikastaro antolatu ditu: Karmele Jaio idazlearen lanari buruzkoa, psikologia kognitiboaren praktikaren ingurukoa, Mugarik Gaberen laguntzaz jasangarritasuna aztertuko duena, eta pandemiak kulturaren munduan piztu dituen erronkei buruzkoa.