- Gipuzkoako Foru Aldundiak, Kontseiluak, UEMAk eta UEUk Lurraldea eta Hizkuntza. Arnasguneen garapen jasangarrirantz jardunaldiaren V. edizioa antolatu dute elkarlanean. Urtarrilaren 23an egingo da topaketa Donostiako San Telmo Museoan eta arnasguneetan euskararen erabilera hainbat arlotan sendotu ahal izateko modu desberdinak izango dituzte aztergai.

Atzo aurkeztu zuten V. edizioa Gipuzkoako Foru Aldundian eta bertan izan ziren Garbiñe Mendizabal, Hizkuntza Berdintasuneko foru zuzendaria; Paul Bilbao, Kontseiluko idazkari nagusia; Iraitz Lazkano, UEMAko lehendakaria, eta Kepa Sarasola, UEUko zuzendaria.

Mendizabalek adierazi zuenez, arnasguneak babestu ez ezik, hizkun-tzaren erabileraren ikuspegitik dituzten ezaugarriak "garatzeko eta zabaltzeko beharra" argia da. "Gipuzkoa eta Euskal Herri orekatu bat nahi badugu lurralde, ekonomia eta gizarte ikuspegitik, hizkuntza berdintasuna ere ezinbestean sakondu beharreko gaia da", esan zuen.

2014ean hasi ziren Lurraldea eta Hizkuntza jardunaldiak antolatzen eta hasierako edizioetan eragin linguistikoen ebaluazioa egiten aritu baziren ere, 2018an jauzi egin eta garapen jasangarriari buruz hitz egitera pasa ziren. "Aurreko urteotako jardunaldietan arnasguneen garapen iraunkorreko oinarriak jarri genituen mahai gainean, baina horiek nola abiarazi zehaztea ere garrantzitsua da, zereginen bidea zabaltzen hasi eta hitz hutsetan gera ez gaitezen", azaldu zuen Lazkanok.

Horretarako, aurtengo topaketan arlo horretan nazioartean emandako urratsak ezagutzeko aukera izango da, haietatik hona zer ekar daitekeen aztertuz. Bestetik, udalerri euskaldunetan garapen sozioekonomikoa modu iraunkorrean nola sustatu ere zehaztuko dute, bertako produktuak oinarri hartuta. Horrez gain, hirigin-tzak eta proiektu zehatzek hizkun-tzan duten eragina ere aztertuko dute. "Azken batean, zergatik eta zer egin behar dugun zehaztu ondoren, nola egingo dugun erabakitzeko jardunaldia baita aurtengoa", azaldu zuen Lazkanok.

Izen-ematea ueu.eus webgunean egin daiteke, eta zuzenean ere jarraitu ahal izango da UEUren YouTubeko kanalean.

Nazioarteko esperientzien berri izateko eta hizkuntza politiken inguruan sakontzeko aukera eskainiko du topaketak