Síguenos en redes sociales:

"Gabon hauetan gure dendetan sartzen zaretenean gure zigilua topatuko duzue"

"Gabon hauetan gure dendetan sartzen zaretenean gure zigilua topatuko duzue"

- Gipuzkoako 17 gozogile batu egin dira eta elkarte bat sortu dute: Gozoa. Gainera, zigilu bat sortu dute gabonetan eta aurrerantzean Gozoako bazkideen obradore eta dendetan jartzeko, "artisau kalitate" eta "sektorea garatzeko konpromisoaren" adierazgarri.

Helburua etengabeko berrikuntzak ezartzen dituen erronkei elkarrekin aurre egitea da, Euskal Gastronomiako familia zabalaren parte izaten jarraitzeko.

Zigilua atzo aurkeztu zuten Donostian eta bertan izan ziren Eneko Goia alkatea, Arantxa Tapia, Eusko Jaurlaritzako Garapen Ekonomiko, Jasangarritasun eta Ingurugiro Sailburua, eta Bittor Oroz, Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaian Politikako sailburuordea, besteak beste.

"Gabon hauetan gure dendetan sartzen zaretenean gure zigilua topatuko duzue. Zigilu horren bidez, leku horietan bertako produktuak saltzen ditugula identifikatuko duzue, kalitatezkoak eta osasuntsuak diren elikagaiak", azpimarratu zuen aurkezpenean Gozoa elkarteko lehendakari Lorena Gomezek.

Pandemiak gozogintzaren sektorea ere "gogor" kolpatu du, baina Gomezen hitzetan, "ahal duten guztia" egingo dute "egunotan gozoarekin izan ohi diren hitzorduetan hutsik ez egiteko".

Zigiluarekin batera irudi korporatibo berria aurkeztu zuten eta GozoaBlog izeneko blogaren argitalpena iragarri zuten, urtarriletik aurrera abian izango dena. Horrez gain, Kukai Dantzak elkartearekin kolaboratzen duen bideo bat erakutsi zuten eta baita kanpaina honetarako Elena Arzak, Ander González eta Andoni Luis Aduriz sukaldariek egindako beste bideo bat ere.

Ekitaldian zehar, Gozoako lehendakariarekin batera Inazio Egaña zuzendaritzako kideak ere hartu zuen hitza eta artisau gozogintza "lehen sektorea" dela adierazi zuen, "nahiz eta batzuetan ostalaritzan jardun". "Bertako produktua gara, balio erantsi handiko artisau eraldatzea gara, elikadura osasuntsu eta arduratsua gara", nabarmendu zuen Egañak.

Gozoaren helburua txakolinak, sagardoak edo Errioxako ardoak lortu duten eraldaketa integral berbera lortzea da eta horrela, munduko gastronomia gozoaren gida-liburuetan egotea.

Gozoako bi ordezkariek jakinarazi zutenez, Arabako eta Bizkaiko artisau obradoreekin batera federazio bat osatzeko prozesua martxan da eta gonbidapena egin zieten Gipuzkoa inguruko gainerako lurraldeetako artisau obradoreei ere federaziora batu daitezen.

Bere aldetik, Arantxa Tapiak gozogileak bateratzea "berri ona" dela nabarmendu zuen "sektore oso baten egituraketa" irudikatzen duelako, eta gabonetan "bertako produktuen aldeko apustua" egitearen garrantzia azpimarratu zuen.

Eneko Goiak Donostiako Udalak Gozoarekin elkarlanean aritzeko duen nahia azaldu zuen, gastronomian "erreferente" izaten jarrai-tzeko helburuarekin.

Iñigo Sarobe. Sarobe (Bera).

Lorena Gomez. Maitiana (Donostia).

Jose Arruti. Arruti (Andoain).

Hodei Sanbuenaventura. Choc-Arte (Donostia).

Miren Lukas. Oa (Hernani).

David Martín. Oiartzun (Donostia).

Jose Mari Pikabea. Geltoki (Donostia).

Ismael Sayalero. Sayalero (Zarautz).

Rafa Gorrotxategi. Gorrotxategi (Tolosa).

Inazio Egaña. Egaña (Azpeitia).

Txema Galparsoro. Inaxi (Andoain).

Antxon Lucas. Garikano (Donostia).

Jose Mari Unanue. Unanue (Ordizia).

Jose Manuel Unanue. Labegoxo (Usurbil).

Patxi Aramendia. Aramendia (Donostia).

Borja Esnal. Esnal (Hernani).