"Askotan pentsatzen dugu ezagutzen ez dugun pertsona batek ez duela euskaraz jakingo, baina berez badaki"
- Euskara hutsean bizitzen saiatu ziren azaroaren 12tik 19ra Euskal Herriko probintzia desberdinetako bederatzi gazte Gaztealdia izeneko ekimenean. Hizkuntzaren normalizazio prozesuan egunerokotasunean aurki daitezkeen talkak eta arnasguneak identifikatzea izan da helburua, eta Xabier Karril (Lasarte-Oria, 2001) parte hartzaileak bere esperientzia nolakoa izan den azaldu dio egunkari honi.
Zergatik sortu duzue Gaztealdia?
-Aurreko urtean Euskal Herriko euskara gazte-talde desberdinak saretzeari ekin genion eta aurten, Euskaraldia zetorrela baliatuta, ikusi genuen gazteon artean kezka bat zegoela. Gure inguruan ere euskararen erabilerak izan duen beherakada nabarmenaz jabetu ginen, baita horren aurrean agintariek hartu duten jarrera konformistaz edo ezer ez egiteko hautuaz ere. Ondorioz, zerbait egin behar genuela pentsatu, eta gazte garenetik, gure ahotsa entzunaraztea zen xedea. Horretarako, Gaztealdia izena jarri genion tresna hau baliagarria izan zitekeela pentsatu genuen.
Nola batu zinen ekimenera?
-Ni EHUko Arabako campuseko euskara taldeko kidea naiz, eta Bizkaiko Topa Gaitezen taldeko batek bertan parte hartzeko proposamena egin ostean baiezkoa eman nion.
Euskal filologia ikasten duzu Gasteizko Letren Fakultatean. Nolakoa da zure ingurunea?
-Ni betidanik mugitu izan naiz nahiko giro euskaldunetan, baina gure fakultatea agian salbuespen modura hartu daiteke. Orokorrean, zerbitzu edo une guztietan hizkuntza eskubideak bermatu ez arren, gehienetan horrela izaten da. Baina beste fakultate batzuetan askoz ere nabariagoak dira hizkuntza eskubidearen urraketak.
Zein izan da Gaztealdiaren helburua?
-Asmoa eta helburu nagusia, egunerokotasunean euskaraz hitz egiteko eta euskararen normalizazio prozesuan aurki daitezkeen talkak eta arnasguneak identifikatzea zen.
Zortzi egunetan zehar euskara hutsean bizitzen ahalegindu zarete. Nolakoa izan da zure esperien-tzia?
-Egia esan, orokorrean nahiko ona izan da. Azken finean, Lasarte askoz ere hobeto ezagutzen dut Gasteiz baino, beraz, banekien Lasarte inguruan nolako oztopoak edo bidelagun diren faktoreak aurki ditzakedan. Egia da Gasteiz agian ez nuela hainbeste ezagu-tzen eta nahiko sorpresa handia hartu dudala. Neurri batean Gasteizko egoera soziolinguistikoa zein den jakinda errealitatea oso bestelakoa da, baina hala ere, espero ez nituen arnasgune askorekin egin dut topo.
Adibide bat jarriko zenuke?
-Behin supermerkatura joan nintzen erosketak egitera eta kutxazainarekin euskaraz hitz egiten hasi nintzen. Berari kosta egiten zitzaion, baina ahaleginak egin zituen niri euskaraz erantzuteko. Jakin-mina edo aurrera jarraitzeko asmoa zeukala nabaritzen zitzaion, eta une batean, ordaindu beharrekoa esan behar zidanean, ez zi-tzaion euskaraz ateratzen. Gaztelaniaz esan zidan, baina mesedez euskaraz nola esaten zen azaltzeko eskatu zidan jakin-mina zeukalako. Esan egin nion, eta erantzun zidan pozik zegoela hori jakinda hurrengoari erantzuten asmatuko zuelako. Hori nahiko positiboki baloratu nuen.
Arnasguneak bilatzeko zailtasunik izan al duzu?
-Gasteizen ez nuen arnasgune asko aurkitzerik espero eta uste baino errazagoa egin zait.
Beraz, arnasgune gehiago aurkitu dituzu talka eremuak baino?
-Nire kasuan hala izan da, baina ez da kide guztien kasua izan. Beste batzuk dezente talka gehiago aurkitu dituzte arnasguneak baino. EAEko erdigunetik urrun bizi direnek arazo gehiago izan dituzte. Adibidez, Tuterako neska batek oztopo asko izan ditu, eta Donibane Lohizuneko mutil batek esan du nahiko zaila egin zaiola ariketa.
Zein izan da zortzi egun horietako esperientzia gogoangarriena zure-tzat?
-Lehen aipatu dudan supermerkatukoa, batez ere. Beste guztiak nahiko egoera normalak izan dira, baina egia da txanponaren beste aldea ikustea ere tokatu zaidala. Adibidez, beste supermerkatu batera joan nintzenean kutxazain batek ez zuen halako erantzun onik izan; justu aurkakoa izan zen eta nahiko aurpegi txarra jarri zidan, haserre balego bezala. Egoera hori nahiko itogarria izan zen eta gaztelaniara jo behar izan nuen.
Zein desberdintasun daude, hizkuntzari dagokionez, Lasarte-Oriaren eta Gasteizen artean?
-Lasarte-Oriako egoera soziolinguistikoa, euskarari dagokionez, ez da oparoena Gipuzkoa mailan, baina Gasteizekin alderatuta ona da. Lasarte-Oriako kaleetan euskara askoz ere gehiago entzuten da, batez ere gazteon artean. Gasteizen, aldiz, nahiko zaila izaten da gazte bat euskaraz hitz egiten entzutea, kanpotik etorri den ikasleren bat ez bada. Beraz, euskararen presentzia askoz ere handiagoa da Lasarte-Orian Gasteizen baino.
Zer ondorio atera dituzu Gaztealditik?
-Askotan aurreiritziak alde batera utzi behar direla eta ezezaguna den pertsona batekin topo egiterakoan lehenengo hitza gaztelaniaz egin beharrean, agian ahalegintxo bat egin eta hemendik aurrera euskaraz egiten hasi behar garela. Pertsona horrek euskaraz ez badaki, orduan aldatu beste hizkuntza batera. Askotan pentsatzen dugu ezagutzen ez dugun pertsona batek edo betidanik gaztelaniaz hitz egin dugun norbaitek ez duela euskaraz jakingo, baina berez badaki. Horrela, ezkutuan dauden arnasguneak desestali ditzakegu.
Zein da desberdintasun nagusiena Gaztealdiaren eta Euskaraldiaren artean?
-Gaztealdia batez ere gazteok bideratutako ekimena da, eta ondorio batzuk atera nahi izan ditugu. Fokua talka eta arnasgune horietan jartzen genuen eta gehienbat eremu horietan zentratzen ginen. Euskaraldia orokorragoa dela esango nuke.
Gaztealdiari jarraipena emateko asmorik baduzue?
-Printzioz asmoa, ekimen hau bukatu eta ateratako ondorioekin lanketa prozesu batean murgiltzea da, orain horretan gabiltza.
"Gasteizen nahiko zaila izaten da gazte bat euskaraz hitz egiten entzutea, kanpotik etorri den ikasleren bat ez bada"
"Gure inguruan ere euskararen erabilerak izan duen beherakadaz jabetu ginen eta zerbait egin behar genuela pentsatu genuen"
Temas
Más en Sociedad
-
La seguridad vial, prioridad en Gipuzkoa tras las intensas lluvias
-
Tolosa sigue trabajando para “hacer transitables” las carreteras
-
La plataforma 'Parar la Guerra' celebra manifestaciones en todo el Estado para pedir "el fin del genocidio en Gaza"
-
Inundaciones en Gipuzkoa: toda la noche en un camión entre Alegia y Amezketa