Fleming Herri eskolako Aniztasunean Lagun taldeak botako du Amasa-Villabonako txupinazoa
Villabona - Amasa-Villabonako Santio jaiak berehala datoz. Aurten, txupinazoa jaurtitzeko ohorea izateko arrazoiak soberan dituen herritar talde batek izango du. Fleming Herri eskolako Aniztasunean Lagun boluntario taldeak izango du protagonismo osoa, ikasturte osoan hezkuntza eta euskara ardatz duen proiektua auspotzeko egiten duten lana eskertzeko balio izango duelakoan.
Fleming Herri eskola bereziki koloretsua den eskola bat da. Hogei jatorri baino gehiago, hainbat erlijiotako ikasleak eta egoera sozioekonomiko ezberdinak dituzten haurrek ikasten dute Amasa-Villabonako eskola publikoan. Ostean daude Euskal Herrira Algeria, Nigeria, Senegal, Sahara, Brasil, Nikaragua, Maroko, Hondurasetik.... heldutakoak. “Arrazoi ezberdinengatik utzi zituzten atzean herriok eta egun euskal herritarrak dira. Eta haur askok, neurri handi batean gure eskola hartu dute lurrarekiko lotugune. Euskal Herria anitza da eta Fleming eskola ondorioz, errealitate horren isla da, bai jolastokian eta geletan gertatzen dena ere”, azaldu dute Aniztasunean Lagun taldeko kideek.
Denboran atzerago hasi zen dena eta komeni da gogora ekartzea. Fleming ikastetxeko guraso elkarteak egin zuen proposamena eta hainbat herritarrek onartu egin zuten. Horrela, badira zortzi urte boluntario taldea beharrezko arreta eta hezkuntza-errefortzuak behar dituzten haurrekin lanean hasi zela. “Lagun talde bat elkar hartuta gaude, haurrei ahalik eta hezkuntzarik onena emateko, eta gainera euskaraz. Erronka handia izan da, ezberdina, eta, hasiera guztietan bezala, ez da erreza izan. Baina guztiok diogu berdina, prozesu guztia esperientzia oso positiboa bilakatu dela denontzat. Argi baitaukagu etorkizuneko gizartea eskolatik hasten dela, eta aukera berdintasuna bermatu behar duen eskola publikoan dagoela gakoa”, azaldu dute boluntarioek.
Horrela, boluntario hauek Fleming Herri eskolako geletan astean behin erakusten diete ikasleei gozo egon daitekeela elkarrekin hezkun-tza eta euskara ardatz dituen proiektu amankomun batean. Modu honetan, gizarteak ezartzen duen berdintasun ezari aurre egin dio boluntarioen laguntza taldeak eta zailtasunen gainetik emaitza akademikoak hobetzea eta euskara erakustea dituzte erronka nagusiak. “Lan inklusiboa eta berritzailea egiten duen, eta gizartera egokitutako abanguardiako eskola bat sortzen ari gara Amasa-Villabonan. Eta Elkarbizitza koloretsua, berriz, gure arteko altxorra”, aldarrikatu dute taldekideek.
Baina ez dituzte ahaztu nahi Fleming Herri eskolako ikasleak, boluntario taldearekin batera proiektuari forma ematen dioten aktore garrantzitsuak baitira. “Beraiek dira programa honen protagonista nagusiak. Egunero, euskaraz ikasi eta euskararen erabilera indartzen ari diren haurrak; buruketak euskaraz eginez, liburuak euskaraz irakurriz, euskaraz zenbatuz eta euskaraz mintzatuz”, adierazi dute. Aukerez beteriko eskola sortu nahi dute Amasa-Villabonan eta horretan jarraituko dute “elkarbizitza bultzatuz eta maitasun dosi handiekin ikasiz eta irakatsiz”.
Más en Sociedad
-
El Gobierno español presenta a víctimas de la dana un plan frente a inundaciones con 530 millones
-
La EHU amplía plazas en Medicina y creará en Bilbao una Clínica Social Odontológica
-
Jaiotzak has dira Parke Bizirik-en 33 habia-kutxetan, Astigarragan, Donostian, Errenterian eta Irunen
-
EHUk Kimika fakultatearen 50. urteurrena ospatuko du 'Donostia is Sciencie' kongresuarekin