donostia- 2015 eta 2018 artean euskaltzain urgazle edo ohorezko izendatutakoek dagozkien Akademiaren ikurrak eta diplomak jaso zituten atzo Donostiako egoitzan.
Luis Villasante Euskararen Ikergunean egin zen ekitaldian, Andres Urrutia euskaltzainburak 16 ohorezkoek eta 24 urgazleek egindako merituak goraipatu zituen. Ohorezkoei zuzendu zi-tzaien hitz hauekin: “Askotarikoak dira zuen eginak, hitzetan nahiz ekintzetan, euskalgintzaren esparruan. Horiek eskertu nahi ditu Euskaltzaindiak ekitaldi honekin”.
Urgazleek jaso zuten diplomak honela zioen: “Euskaltzaindiak euskararen alde orain arte egin dituen lanen esker-erakutsiz eta gerokoen pizgarri, urgazletzat hartu du”. Ohorezkoen kasuan aldiz honako hau irakurri zitekeen beraien diplometan: “Euskaltzaindiak euskararen aldeko haren merezimendu bikainak aitortuz, euskaltzain ohorezko izendatu du”.
Atzoko ekitaldian Urrutiak “lanean jarraitzeko” deia luzatu zien urgazle berriei eta ohorezkoei eskertu zien euskalgintzaren esparruan egindako esfortzua.
ateak ireki Euskaltzainburuak Akademiak euskararen arloan “egunotan bizien dabiltzan sektoreei” atea ireki behar diela adierazi zuen. “Hor ari zarete zuek ere, andrazko zein gizonezko, literaturan, kazetaritzan, zientzian, administrazioan, irakaskuntzan, ikerketetan eta bestelakoan”.
Urgazleei lanean jarraitzeko deia luzatu zien. “Akademian ere nahi zaituzte Euskaltzaindiak, euskara eguneratu baten eskakizunei erantzun egokia emanez”. “Akademiak badaki zer den lan hori eta berori barruratu nahi du, aukera emanez belaunaldi berriei parte har dezaten. Euskaltzaindiak euskaltzain urgazleak ain-tzat hartu behar ditu”, gehitu zuen Urrutiak.
Euskaltzain urgazleak. Jon Aizpurua, Irene Arrarats, Rikardo Arregi, Ainhoa Arregi, Asier Bidart, Agurtzane Elordui, Roberto González de Viñaspre, Karmele Jaio, Maite Lakar, Gotzon Lobera, Céline Mounole, Xabier Peritz Euzkitze, Patxi Petrirena, Patxi Salaberri, Allande Socarros, Luis Mari Zaldua, Josu Pikabea, Andres Alberdi, Amaia Apalauza, Xabier Erize, Iñaki Martinez de Una, Rosa Ramos, Castillo Suárez eta Blanca Urgell.
Ohorezkoak. Jose Antonio Aduriz, Martzel Andrinua, Txaro Arteaga, Maria Jose Azurmendi, Mire Jone Azurza, Henri Duhau-Lafourkade, Izaskun Gastesi, Abel Muniategi, Jose Mari Rementeria, Julen Urkiza, Aran-txa Urretabizkaia, Pello Zabala, Auxtin Zamora, Txomin Solabarrieta, Sabin Salaberri eta ekainaren 7an hil zen Manex Pagola.