Síguenos en redes sociales:

Idiazabalen egindako gaztak saritu dituzte herritarrek

Euskal Gaztaren Azokak artzainen lana balioan jartzeko helburua dauka

Idiazabalen egindako gaztak saritu dituzte herritarrek

idiazabal - Idiazabalgo Euskal Gaztaren Azokak denboraldi berriko gaztak dastatzeko aukera eman zuen asteburuan zehar eta gazta onenak saritu ere egin zituen. Kasu honetan, epaimahai berezi bat ez, herritarrak beraiek izan ziren asteburuan zehar onenak zeintzuk ziren erabaki zutenak.

Hala, Idiazabalgo Goiburu gailendu zen gainerakoen artean eta Ainhoa Aizpuru Ekonomia Sustapeneko, Landa Ingurumeneko eta Lurralde Orekako diputatuaren eskutik jaso zuen saria atzo goizean. Herrikoa zen baita bigarren gazta onena ere, Jexux Aranbururena, hain zuzen ere, eta hari Ikerne Zuloaga Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Politikako Sailburuordetzako zuzendariak eman zion bigarren postuko ziurtagiria.

Hirugarren postuan Elgoibarko Mausitxa geratu zen eta Sakanako (Nafarroa) Arruazu herriko Albik egin zuen laugarren. Nafarrak ziren, baita ere, bosgarren postuan geratu zen gaztaren egileak, Lekarozeko Inpernuko gaztakoak, hain zuzen ere.

artzainen omenez Artzainen lana balioan jartzeko helburua du Idiazabalgo gazta azokak eta iaz egun bateko jai egunetik asteburu osora zabaldu ondoren, aurten ere harrera ona izan du eta giro polita nagusitu da herrian. Larunbatean hainbat ekitaldi egin zituzten, mami lehiaketa barne eta baita bazkariak ere, eta atzo goizean zehar izan zen zer egina eta ikusia, eguraldia lagun.

Gainera, artzainen beraien topagune ere bada azoka (20 bat bildu ziren) eta horietako batzuk omenaldia jaso zuten atzo: Arantxa Etxezarreta eta Bitoriano Urrestarazu, Olazargibel baserrikoak, alde batetik, eta Joseba Baez Arimasagastiko gaztagile oiha, bestetik, omendu zituzten: esneak probokaturiko alergia atera zaio eta utzi egin behar izan du gaztagintza Baez gazteak. - N.G.