DONOSTIA. Gipuzkoako Foru Aldundia Euskal Herriko "Trail Estazioa" prestatzen ari da, Aralar eta Aizkorri-Aratz parke naturaletan. Trail estazio bat mendian korrika egiteko prestatuta dagoen eremua da, hainbat ibilbide eta zerbitzu eskaintzen dituena eta nazioartean homologaturiko seinaleak erabiltzen dituena.

Jon Peli Uriguen Gipuzkoako Aldundiko Berrikuntzako, Landa Garapeneko eta Turismoko diputatuak eta Francis Dujardin Trail Station erakundeko baliabide zuzendariak hiru urteko kontratua sinatu dute gaur, azaroaren 20an.

"Réseau des Stations de Trail" (Stations de Trail sarea) marka kontzesio moduko bat da, bere irudi, baldintzak eta arauak dituena, eta mundu osoko mendi korrikalarien artean erreferentea dena.

Kontratua sinatzeak hiru urterako esklusibotasuna dakar, hau da, Euskal Herrian ezingo du beste inork horrelako egitasmorik garatu. Gainera, Euskal Herriko "Trail Estazioa" komunikazio baliabide eta euskarri guztietan barneratzea dakar, alegia, nazioarteko sarean emango dute haren berri, Europa osoan.

Bestalde, korrikalariek smartphone aplikazioak erabili ahal izango dituzte ibilbideak ikusteko, mapak begiratzeko eta egindako denborak ezagutzera emateko, besteak beste.

Kontratua sinatzearen helburu nagusia naturari lotutako aisialdi jarduerak bultzatzea eta, zehazki, Gipuzkoako barnealdeko turismoa laguntzeko tresna erabilgarria izatea da. Kirol turismoa mundu osoan indartzen ari da, eta horrelako sare batek kirolzale ugari erakarriko ditu.

Gipuzkoako Foru Aldundiak 35.000 euro jarriko ditu Euskal Herriko "Trail Estazioa" abian jartzeko, eta guztira, 16 ibilbide prestatu dira. Abaltzisketa eta Zegaman kokatuko dira trail estazioaren harrera puntuak, eta bietan mendi lasterkariek hainbat zerbitzu izango dituzte (gimnasio, aldagelak, dutxak), bai eta eskualdeko informazio orokorra ere.

Trail estazioaren ibilbideak gauzatzeko parkeetako egungo ibilbide sareak erabiliko dira batez ere, orain dauden seinaleei trail estazioarenak erantsiz. Zailtasun ezberdineko ibilbideak ezarriko dira. Gaurko sinadurarekin egitasmoa abian da, eta, berandu baino lehen, ibilbideko seinale berriak jarriko dira.