Síguenos en redes sociales:

Gizartea euskalduntzeko erreminta berria

Soziolingustika klusterrak 'Erabileraren GPSa' sortu du gazteen artean hizkuntzaren erabilera kokatu eta hedatzeko asmoz

Kasuak kasu, gaur egun, Euskal herriko gazteek euskara dakiten arren, ez dute behar bezain beste erabiltzen. Eskoletan hizkuntza hau ikasi ondoren, belaunaldi berriek gizartea modu naturalean euskaldunduko zutela pentsatu izan da askotan, baina beti ez da horrela izan.

Horregatik, egoera hau aztertu eta "ikuspegi orokorra" lortzeko asmoz, Soziolinguistika Klusterrak, Urtxintxa eskolak eta Topagunea euskara elkarteen federazioak, Gazteen erabileran eragiten duten faktoreen azterketa argitaratu zuten pasa den urtean.

Kaleratutako ondorioen arabera, asko dira gazteak gaztelaniara jo-tzera bultzatzen dituzten arrazoiak: pertsona eta talde erreferenteak, kontsumo eskaintzak, testuinguru politikoa, identitate kolektiboa, haurtzaroko ingurunea eta hizkun-tzaren gaitasuna, besteak beste.

"Lan teoriko deskriptiboak gizartera bideratzen ez badira, baliorik gabe geratzeko arriskua" daukatela ikusirik, Soziolinguistika Klusterrak pauso bat gehiago eman eta Erabileraren GPSa sortu du, hizkuntzaren egoera hobetzen lagunduko duten jarduerak biltzen dituen liburuxka.

Erakundeak atzo jakinarazi zuenez, tresna honek "euskararen erabilera kokatu eta gazteen artean hizkuntza hedatzea" bilatzen du. Eta horretarako, hainbat kasu praktiko proposatzen ditu, gazteei eta eurekin lan egiten duten talde eta eragileei zuzenduta batik bat.

Esaterako, nerabeen aisialdi denboran euskararen erabilera zabaltzeko, miresten dituzten pertsona ezagun eta euskal hiztunak aurkeztu, Facebook eta Tuenti euskaraz nola erabili jakinarazi, hizkuntzaren gaitasuna irrati saioen bidez landu eta antzerako beste jarduerak proposatzen ditu.

"Hizkuntza erabileran eragiten duten aldagai guztiak kontutan hartuz lan egiten laguntzeko sortu da GPSa, egiten dugunaz ondo hausnartu eta lanari interesatzen zaigun norabidea emateko", azaldu zuten atzo Soziolinguistika Klusterretik.

Interesa daukatenek liburuxkaren edizio digitala eskuragarri daukate www.soziolinguistika.org/gazteak helbidean. Eta paperezko gida eta posterra jaso nahi dituztenek, berriz, eskaerak kluster@soziolinguistika.org helbide elektronikoan eska ditzakete. Salneurri orokorra 5 eurokoa da eta Soziolinguistika Klusterreko bazkideentzat, 4 euro.