Síguenos en redes sociales:

Iruñea, egundokoa!

Milaka eta milaka lagunek egin dute bat euskararen alde Korrikaren lehen hirian

Mugarria zela jakina zen eta Korrika 17 hain ordutegi onean bertara iristea ere. Atzo, arratsaldeko 19:00ak jo berriak zirenean, zapaldu zuen euskalakarien lasterketak Iruñeako lehen auzoa: Buztintxuri. Ordura arte, ehunka lagunen erritmora abiatzera ohituta zegoen euskaltzale koadrilak bere burua hamar bat aldiz puztuta ikusi zuen. Mila laguneko koadrilak -ezerezean utziz Sorotan Beleren lagunartea- zeharkatu zuen Berriozar eta Iruñea arteko muga. Irudia zoragarria zen, egundokoa. Nafarroako hiriburuko auzoetan aurrera egin ahala, gainera, euskalakariak biderkatzen hasi ziren: mila, mila eta bostehun, bi mila, hiru mila eta gora, eta gora. Kemena eta emozioa oso kutsagarriak dira eta ez dira paratzen errazak.

"Euskararen aldeko jarrera gero eta nabariagoa da hemen -zioen hiru urteko alabarekin Korrikara batu zen ama euskaldun batek-. Borroka asko egiten dugu eta gehiago egin behar dugu, hemen ez delako erraza (euskaldun izatea), baina mota honetako ekitaldiek hauspoa ematen digute". Eta Korrika bezalako gertakarien garrantzia azpimarratuz bazeuden galtza laburretan ere Manuel Velasco moduko lagunak; iruñearra bera, erdaldun elebakarra baina euskaltzale amorratua. "Korrika guztietan hartu izan dut parte", aitortu zuen. Euskara nafar hizkun-tza da! eta Euskara ofiziala! deiadarrek bazuten norabide argia. Iruñean, eta Nafarroan oro har, euskalduntze prozesuak saihestu behar dituen oztopoetaz neka-neka eginda daudela erakutsi zuten euskalakariek. Baina ez batzuek eta ez besteek ez dute lortu grinak ematen dien bultzada indargabetzea, Korrikak islatu zuen legez. Ahaztezina izan zen Iruñean gertatutakoa.

Ehun urteko Korrika Herrialdeko hiriburura ailegatu aurretik, baina, eginak zituen Korrikak makina bat kilometro. Goiztiriaren aiduru, lozorroan zegoela oraindik iratzarri zuten euskalakari nafartarrek Sakanako bailara, lehen oilarrak kukurrukua jo baino lehenago. Euskal Herriko erdigune geografikoa den haran honek hauspo ederra eman zion euskal tropelari bigarren egunari aurre egiteko. Goizaldeko brisa freskoak lasterketara animatzen zuen eta, elkarlanaren paradigma, inoiz baino abiadura onenean egin zuen aurrera lekukoak Ziordia, Olazti eta Altsasu inguruan. Pozgarriena, agian, lehenbiziko kilometroetan Udalak Gaztetxeari, eta alderantziz, lekukoa elkarri luzatuz, Ziordia eta Olaztiko instituzio ofizial eta alternatiboen artean mezu sekretuak hain modu bizian aurrera egitea lortu izana. Desberdintasunek baino lotuneek indartzen dute katea. Jendetza demasa biltzen hasi zen suge euskaldun arragora bailaran sakon-tzen joan ahala.

Lekuko eramaleen artean ere, gizaldien arteko diferentzia. Michael Perugachi, lau urteko mutiko arbizuarra izan zen orain arteko postari gazteena. Estela Velazquez ama ekuatoriarrarekin batera egin zituen zegozkion metroak. Eta, hainbat kilometro aurrerago, Pakita, SOS Nafarroaren izenean, izan zen lekukoa eramateko aukeratua: "83 urte ditut, baina kirol asko egiten dut; 24 bat aldiz izan naiz Hiru Erregeen Mahaian". Ez da marka makala; ez eta Korrikan bi aldiz bakarrik parte hartu izana: atzoko eta "duela berrogei" urte antolatutakoa.