Aenaren eta Hondarribia Arraun Elkartearen artean lortutako babes-akordioa Hondarribian dagoen Donostiako Aireportuaren instalazioetan aurkeztu zuten asteartean; bertan izan ziren Ángel Sanz (Aenako Lehendakaritza, Estrategia eta Gai Publikoen bulegoko zuzendaria), José Manuel Sánchez (aireportuko zuzendaria) eta Joxemi Elduayen (Hondarribia Arraun Elkarteko presidentea).

Elduayenek historikotzat jo zuen urtebeterako sinatutako akordioa, luzaroago irauteko asmoz sortu delarik. Hauxe esan zuen: “Klubeko zuzendaritzan sartu ginen egun beretik aritu gara akordio hau hi-tzartu nahian, eta horretarako egokiera une honetan gertatu da. Oso pozik eta harro gaude Aenaren eskutik lanean jarduteko eskaini zaigun aukera honekin. Inork gutxik esan lezake hirian aireportu bat duenik, eta ez da aireporturik izango, ia bere instalazioen barruan arraun klub bat duela esan dezakeenik".

Anekdota gisa, gogora ekarri zuen Elduayenek “gu guztiok hazi izan gara, uretako serieak egiteko eta entrenatzeko, aireportuko pistako horman pintatutako markei begira. Bategite hau erabat naturala izan da, eta urte luzetan irautea nahiko nuke”. 

Aenaren izenean, José Manuel Sánchez bat etorri zen Elduayenekin: “Elkartasuna erabat naturala izan da, eremua eta balioak partekatzen ditugulako. Arraun kluba bera bezalaxe, gure lurraldearen aldeko apustua epe luzerakoa da, eta hainbat belaunaldik Gipuzkoa lurralde erakargarri eta ondo konektatua bihur-tzeko egin duten ahaleginaren emaitza gara”.

“Uda honetan, Hondarribia Arraun Elkarteko traineru batek egingo die ongietorria aireportura iristen diren bidaiariei, eta, horrez gain, Aenaren logoa ikusgai izango da A Coruñatik Hondarribiraino gizonezkoen zein emakumezkoen lehiaketa nagusietan parte hartuko duten klubeko ontzietan”, esanez amaitu zuen Sanchezek.