Igor Zubeldia Realeko jokalaria “pozik eta eskertuta” agertu da kontratua 2029ra arte luzatu berritan. Klubeko web orriari emandako adierazpenetan aitortu duenez, berritzea denboraldi honetan “mahai gainean” eman duen “kolpe handi baten ondorengo premioa” da.

“Beti dut buruan zelairatzen naizen bakoitzean nere onena ematea dela, aurten, zorionez, oso denboraldi ona egiten ari naiz eta horregatik etorri zait premio hau. Fisikoki eta mentalki, bainta taldekideen laguntzaz, denak asko lagundu dit”, azaldu du Zubeldiak, klubeko kide guztiak eskertu aurretik: “Oso pozik eta eskertuta sentitzen naiz klubak nigan jarri duen konfindantzagatik. Eskerrak eman entrenatzaileei, Zubietan egunerokoan gurekin lanean dauden langile denei, eta taldekideei. Eurek gabe hau ez litzateke posible izango”.

Bere emazte eta alaba jaio berriarekin agertzen den bideoan, Azkoitiko jokalariak gogoan du txikitan Zubietara bertaratzen zenekoa: “Umea nintzela akordatzen naiz nola Zubietara joaten nintzen eta lehen taldeko jokalariekin ateratzen nituen argazkiak. Orain ni neu nago toki horretan, eta guregana argazki eske etortzen direnean ume horiek, geratzen zaien aurpegi hori ez du preziorik”.

Atzelariak ere hitz onak eduki ditu klubak azken denboralditan eman duen aurrerapausu nabarmenen inguruan: “Debutatu nuenetik hona klubak izugarrizko saltoa eman du, eta zorionez, prozesu horren partaide sentitzen naiz. Hau bizi dudala esan dezaket. Zubietan jokalari izaten erakusteaz gain, pertsona moduan hazten laguntzen digute, eta ditudan balore asko hortik jaso ditut”.

Realaren elastikoarekin bizi izan duen egunik handiena Sevillan irabazitako Kopa izan dela aitortu du Zubeldiak, nahiz eta arantza txikia ere eduki: “Izugarrizko eguna izan zen talde honekin Kopa hori lortzea, baina arantza txiki hori beti geratuko zaigu, gure zaletu guztien aurrean ospatzearena. Etorkizunean ederra litzateke Donostian denak ospatzen egotea”.

“Orain arte Realarekin edukitako amets handiena titulu bat bereganatzea izan da eta eskatzen hasita, beste titulu bat eskatuko nuke gure zale guztien aurrean. Aurten egiten ari garen denboraldiaren ostean, Championsera sailkatzea eta Realarekin partidu handi horiek jokatzea”, azaldu du Zubeldiak, burubelarri sartuta denboraldi amaieran.

Bartzelona, Almeria, Atletico Madril eta Sevilla falta dira sasoiari agur esateko. Txapeldunen Liga, helburu, eta hori du taldeak begiz jota: “Handiena kluba egiten ari dena da, askotan ez dugu baloratzen lau urte segidan Europara sailkatzea zer zailtasun duen. Aurten esku artean premio handiago bat dugu, eta beti gehiago nahi dugunez, geratzen diren lau partidu hauetan premio horren bila joango gara. Gure indar guztiekin borrokatuko dugu”.