008ko urriaren 4an, Sevilla Atleticoren kontra galdu zuen Realak, bat eta huts, Sevillako Sanchez Pizjuan estadioan jokatutako partidan. Finlandiar batek sartu zuen gola, area kanpotik, sekulako zartakoa eskuairara. Reala Bigarren Mailan zegoen orduan, kamiseta hori-berde xelebre harekin jokatzen zuen, eta aurrean zuena txapelketako talderik kaxkarrena zen, denboraldi hartako 42 partidatatik bi bakarrik irabazi eta azkena bukatuko zuena.

Udazken hartan, argi gorri guztiak piztu ziren, hondoa jo zuen Realak. Zelaian noraezean zebilen taldea, sailkapenaren erdi aldean katigatuta eta betiere Lehen Mailara igo-tzeko postuetatik urrun; bulegoetan, krisi ekonomiko eta instituzional bortitza bizi zen, kluba ia-ia desagertzera eraman zutenak.

13 urte geroago, urrun, oso urrun dirudite egun haiek; zenbat aldatu diren gauzak hain denbora gutxian. Reala zegokion lekura, Lehen Mailara itzuli zela ospatu genuen lehenengo eta, gero, Ligako taulan erditik gora lehiatzera ohitu gara; Europara atera eta zelai historikoak ezagutu ditugu. Eta, orain, lehiaketa biribila osatu ostean, azken hiru hamarkadetako partidarik ilusionagarrienaren ataritan gaude: Kopako finala.

Desagerpenari iskin egin eta Reala berpiztu bada, klubak eta taldeak bere nortasuna berreskuratzen asmatu dutelako izan da, bere betiko balioetara itzuli eta hauek oinarri hartuta berreraiki direlako: harrobiaren balioa, etxekoengan konfiantza, elkarlana, zuzentasuna, ondo egindako lana, umiltasuna, seriotasuna, errespetua€ Gipuzkoak, bere osotasunean, partekatzen dituen balioak dira denak ere, lurraldearen eta klubaren arteko lotura estutzen dutenak.

13 urte beranduago, klub eredugarria bihurtu da Reala sozialki, ekonomikoki zein kirol ikuspegitik, eta harrotasunez esan dezakegu Gipuzkoa ordezkatzen duen taldea dela. 13 urte geroago Sevillan aurkezten da berriro ere Reala, baina oraingoan kalitatezko futbola eta joko ona daude bere aurkezpen kartaren erdigunean. Iraganeko zailtasunak ahaztu gabe, baina Kopako Finalak gozatzeko partida izan behar du realzaleentzat. Gozatuz irabazteko, eta garaipenarekin gozatzeko.Gipuzkoako ahaldun nagusia