Arantza Gonzalez Donostiako Udaleko zinegotzia Ezker Anitza-IUko koordinatzaile nagusi izendatu dute alderdiaren XI. Asanbladan, eta igande honetan amaitu da batzarra, Bilbon.

Ezker Anitza-IUk jakitera eman duenez, Gonzalezek, Gipuzkoako antolakundearen arduradun nagusiak, Euskadiko Koordinakunde berriaren "babes zabala" jaso du, asanbladen arteko zuzendaritza organo gorena baita. 39 kidek osatzen dute Koordinadora berria, eta Bilbon egindako asanbladan izendatu dute.

Aukeratua izan ostean egindako lehen hitzaldian, Ezker Anitza-IU "erabakigarria" izango dela eta ezkerretik "proposamen politiko alternatiboak" izango dituela aldarrikatu du euskal alderdiaren koordinatzaile nagusi berriak.

Ezker Anitza-IUren ibilbidea eta lana goraipatu ditu Gonzalezek. Azaldu duenez, "politikan pertsonalismoak triste modan jarri diren mundu honetan, guk kolektiboa defendatzen dugu, eremu guztietan politika egiteko dugun moduaren elementu eta ardatz nagusi gisa, bai barrura begira, bai kanpora begira".

Osasun publikoa

Ezker Anitza-IUko koordinatzaile nagusi berriak "osasun publikoaren aldeko itun bat" aldarrikatu du, eta horrek, esan duenez, "Osakidetzan aldaketa garrantzitsuak egitea dakar, eta pertsonen osasunarekin negozioa egiten dutenen interes pribatuak publikotik ateratzea".

Era berean, hezkuntza publikoa defendatu du eta etxebizitza eskubide gisa bermatzeko erabaki "ausartak" eskatu ditu.

Egungo "gerra boladaren" aurrean, Gonzalezek bakea defendatu du eskubide guztiak bermatu ahal izateko oinarri gisa, eta ustelkeriaren aurka egitea "ezinbestekoa" dela esan du, "datorren lekutik datorrela ere, ñabardurarik, zalantzarik edo oihal berorik gabe".

"Ezin da errukirik izan, ez ustelekin, ezta usteltzaileekin ere", gaineratu du.