Estatuko Aldizkari Ofizialak atzo argitaratu zuen Euskadiko Memoria Historiko eta Demokratikoaren Legea, “egiaren, justiziaren eta erreparazioaren” oinarriak amankomunean jarriz frankismoaren biktimen errekonozimendu “integrala” bermatzeko. Gainera, 150.000 eurorainoko isunak ezartzen ditu, “memoriaren aurkako” ekintza oso larri bat burutzeagatik.

Eusko Legebiltzarrak joan den irailaren 28an onartu zuen arau hori, EAJren, EH Bilduren eta PSE-EEren babesarekin, eta PPren, Voxen eta Ciudadanosen ezezkoarekin. Testuak nabarmentzen duenez, frankismoaren biktimen memoria “berreskuratzea, lehengoratzea eta birgaitzea” du helburu, “erreparazioa baliatuko duten neurriekin, eta zigorgabetasunak ez dezan jarraitu, kolpe militarra bideratu eta lagundu zutenak babesten” .

Hamabi kapitulutan eta testua ixten duten xedapen multzoan, “1936ko uztailaren 18ko estatu-kolpea eta ondorengo diktadura frankista gaitzetsi eta salatzen dira, printzipio zein balio demokratikoak eta biktima politikoen duintasuna berretsiz”.

Dokumentuak jasotzen duenez, “biktimen memoria berrezartzeko, lehengoratzeko eta birgaitzeko” ezinbestekoak diren baliabideak artikulatzea ekarriko du; “hedapena eta gizartearen aintzatespena sustatzea; erreparazioa erraztea; eta zigorgabetasunak kolpe militarra sustatzen lagundu zuten eran-tzuleak babesten ez jarraitzea”.

Legeak biktimatzat jotzen du 1936ko uztailaren 18ko estatu-kolpetik, ondorengo gerran eta diktaduran –1978ko Espainiako Konstituzioa indarrean sartu arte igarotakoa barne–, banaka zein taldean, kalte fisiko, moral edo psikologikoa, ondare-kalterik edo oinarrizko eskubideen galera jasan duen pertsona orok.

Hori kontuan izanda, argi adierazten du frankismoaren biktimek eskubide osoa dutela Justizia Administraziora jotzeko gizateriaren aurkako delituengatik eran-tzukizunak eskatzeko, eta “erabateko justizia” izateko.

Gogora Institutuaren egitekoa

Arauak zehazten duenez, Gogora Institutuari dagokio Gerra Zibilean desagertutakoak aurkitzeko eta identifikatzeko jarduerak egitea. Gainera, Gogorak baloratu beharko du kalte-ordainen egokitasuna, eta, hala badagokio, horiek ezartzea ere.

Eusko Jaurlaritzak, Gogora Institutuaren bidez, zientzia-talde profesional bat eratuko du, 1936tik 1978ra bitartean Gerra Zibilean eta Frankismoan Euskadin izandako giza eskubideen urraketei buruzko oinarrizko txosten bat ikertzeko eta egiteko, bai eta “gertatutakoa modu frogagarrian jasoko duen” eta ondorio egokiak biltzen dituen beste txosten bat ere.

Gerra Zibilaren eta diktaduraren testigantzen artxiboa ere eratuko da Euskadin, eta Gogorak plan bat ezarriko du, memoria historikoaren aurkako sinboloak ezabatzeko edo, hala badagokio, helburuz edo izenez aldatzeko.

Legeak zehapen-araubide bat ere jasotzen du, eta bertan arau-hauste larritzat jotzen ditu, besteak beste, 1936ko kolpe militarraren eta diktaduraren goraipatze edo apologia egiten duten ordezkari publikoek eta funtzionarioek egindako adierazpenak edo erakustaldiak; bai eta, 1936ko kolpe militarra –uztailaren 18ko ospakizunak barne– eta diktadura frankista, haren buruzagiak edo erakundeak oroi-tzeko, goresteko edo goraipatzeko antolatutako ekitaldiak eta omenaldiak.

Zehapen ekonomikoak 200 eta 150.000 euro arteko isunak izango dira.