Joan den astelehenean Primo de Riveraren gorpua Erorien Haranetik atera eta Madrilgo Carabanchel barrutian dagoen San Isidro sakramentu-hilerrira eraman zutenean, Falangearen sortzaileari omenaldia egingo ziotela aurreratu zuten. Eta baita egin ere. La Falange eta FE de las Jons alderdiek Primo de Riverari omenaldia egin zioten atzo, “Espainia, una, grande y libre” bezalakoak oihukatuz, eta Cara al Sol bezalakoak abestuz. Iazko urrian onartutako Memoria Demokratikoaren Legeari desafio garbia egin zion ekitaldia poliziaren kontrol zorrotz pean egin zen, bestelako istilurik sor zitezen saihesteko.

Bi alderdiek deialdi ofiziala egin zuten, Primo de Riveraren jarraitzaileak eguerdian elkartu zitezen, eta hitzordu horretan aurreko astelehenean erakutsitako sinbologia eta jarrerak errepikatu ziren. Kanposantuaren inguruan 400 falangista inguru bildu arren, erdiak baino gutxiago sartu ziren barrura, 170 inguru Gobernuak Madrilen duen Ordezkaritzaren arabera – gehienak mugimendu horien alkandora urdin bereizgarria jantzita, loreak eta erramu koroak zeramatzatela eta hasiberri zen euripean –. Poliziaren Esku Hartzeko Unitateko (UIP) dozenaka kidek inguratu zituzten elkarretaratuak. Eta sartzeko inolako aukerarik izan ez zutenak San Isidro hilerriaren barruan irudiren bat hartzeko asmoa zuten kazetariak izan ziren. Ekitaldiak ordu erdi eskas iraun zuen, eta polizia-iturriek Eferi azaldu ziotenez, “normaltasunez” garatu omen zen.

Nolanahi ere, San Isidro hilerria Primo de Riveraren oroimena ohoratzeko kokaleku bilakatzeko arriskua piztu da, 64 urtez Erorien Harana izan den bezalaxe; ezin ahaztu, Francisco Franco diktadorearen gorpua ere handik atera zutela 2019ko urrian. Izan ere, Erorien Haran entzutetsu horretan istiluak izan baitziren astelehenean, Falangearen sortzailea noiz aterako zain ehunka falangista elkartu zirenean. Manifestariek poliziaren setioa apurtu eta agenteekin iskanbilan aritu ziren hileta-autoa iritsi zenean, “Arriba España, Gobierno criminal” eta “Primero asesináis y después profanáis” bezalakoak oihukatzen zituztela. Istiluetan hiru pertsona atxilotu eta komisladegira eraman zituzten.

“Biktima bat” omentzen

Sanchezen Gobernuak omenaldi horiengatik ezar ditzakeen zigorrei dagokienez, alderdi falangistak ez dute uste haiek zigortzeko oinarri juridikorik dagoenik; beraien esanetan, Gerra Zibileko biktima bat omentzen ari ziren, Primo de Rivera 1936an fusilatu baitzuten Alacanteko kartzelan, gerraren hasieran. Nolanahi ere, Moncloako Exekutiboak, Memoria Demokratikoko Estatu Idazkaritzaren bitartez, zabalik du Falangearen aurkako espediente bat joan den azaroaren 20an Francisco Franco diktadorearen eta Primo de Riveraren heriotzaren urteurrenean, egindako ekitaldiengatik.

Joan den urrian indarrean sartu zen Memoria Demokratikoaren Legeak Espainiako demokrazia eta 1936ko altxamendu militarra edo erregimen frankista goraipatzea bateraezinak direla aitortzen du, eta memoria demokratikoaren kontrakotzat jotzen ditu “biktimak edo haien senideak omentzea, gutxiestea edo umiliatzea dakarten egin-tza publikoak, baldin eta gorespen pertsonala edo kolektiboa badakarte, altxamendu militarrarena, gerrarena edo diktadurarena, sistema errepresiboan parte hartu zuten buruzagiena edo diktadura-erregimenaren euskarri izan ziren erakundeena”.