2.800 pertsona baino ez zituen mobilizatu atzo ikasgeletan gaztelaniaren %25eko kuota aplikatzea eskatzeko manifestazioak, PPren kargu ugari (Alberto Núñez Feijoo presidentea izan ezik, Colon-go beste argazki bat saihestu nahi izan zuelako) Voxekoak eta Ciudadanos-ekoak bertan izan arren. Hiru alderdietako buruzagiek Escuela de Todos mugimenduak deitutako manifestazioa babestu zuten, Generalitatearen hizkuntza-politika “zapaltzaile eta izutzailearen” aurka. Udaltzaingoak eskainitako 2.800 pertsona parte-har-tzaileren datua oso eskas geratu da, erakunde horrek berak Diadaren martxan zenbatutako 150.000 lagunekin alderatuta. Antolatzaileek, aldiz, gazteleraren aldeko 200.000 pertsonen datua aipatu zuten. Argazki horren aurrez aurre kokatzen da ERC, Junts, PSC eta komunek katalanaren lege berriaren inguruan duten adostasun politiko zabala.

Manifestazioa 12.30ak aldera abiatu zen Garaipen Arkutik, español, lengua vehicular zioen pankarta handi bat buruan zuela, eta atzeraxeago katalanezko bertsioa ere agerian zen el castellá, també llengua vehicular idatzita. Kamioi batek girotu zuen ibilbide guztia musika jarriz. Manifestazioaren buruan bildutako ordezkari politikoen artean nabarmentzekoak izan ziren, besteak beste, Cuca Gamarra PPko idazkari nagusi eta Kongresuko bozeramailea; Cayetana Alvarez de Toledo eta Dolors Montserrat Behe Ganberako eta Europako Parlamentuko diputatu popularrak; eta Ines Arrimadas C ‘seko burua. Santiago Abascal Voxeko liderra, aldiz, manifestarien artean ibili zen. Nazionalismoaren babesarekin gobernatzen jarraitzeko “utzikeria” leporatu zion Espainiako Gobernuari Gamarrak.

Bertan ez izateagatik kritikak jaso ostean, Alberto Nuñez Feijoo PPko buruak bi hizkuntzen arteko “bizikidetza” bermatzeko Zuzenbide Estatuaren tresna guztiak erabiliko dituela adierazi zuen Toledoko parlamentarien arteko XXV. Biltzarrean eskainitako adierazpenean. Nabarmen-tzekoa da, bere iritzi propioa aldarrikatu zuela hizkuntza biak defendatuz. Abascal, berriz, 155. artikulua aplika-tzearen alde azaldu zen.

CANET DE MAR-EKO AITA EZ ZEN IZAN

Júlia Calvet, S ‘ha Acabat! Elkarteko presidenteak manifestu bat irakurri zuen, eta Generalitateak “harrokeriaz” etengabe burutzen duen Konstituzioaren zein ebazpen judizialen aurkako “desobedientzia lotsagabea” izan zuen hizpide. Impulso Ciudadano elkarteko presidente José Domingok, Canet de Marreko haurraren aitak idatzitako ekitaldiaren aldeko hitzak irakurri zituen. Semearen heziketaren zati bat gaztelaniaz eskaintzeko eskaria egin zuen aitak ez zuen atzoko manifestazioan parte hartu. –M. Tolosa