Jose Antonio Griñan Andaluziako Juntako presidente ohiari indultua ematearen aurka bat etorri ziren atzoPP eta Unidas Podemos . Espainiako Gobernuak behin eta berriz esan du “garaia iristen denean” erabakiko duela zer egin.

Isabel Rodríguez Lurralde Politikako ministro eta bozeramaileak argi utzi zuen berriro exekutiboaren jarrera; Gobernuak Justiziari erabateko errespetua diola adierazi zuen, bere iritziz, enplegu-erregulazioko espedienteen auziko epaia “ez dela erraza izan” magistratuentzat, oso gertakari “konplexuak” direlako. Emakumezko bi epailek boto partikularra agerrarazteak ere hori nabarmentzen duela aipatu du.

Gainera, inplikatutako pertsonen eta haien familien legitimitatea defendatu zuen ministroak, “euren maniobra-marjinan eskura dituzten ekintza guztiak bultzatzeko”. Moncloak argi esan du oraindik ez dela erabaki bat hartzeko unea, baina indultua emateko aukeraren aurrean, Unidas Podemosek eta PPk bat egin dute.

Pablo Echenique alderdi morearen Kongresuko bozeramaileak garbi adierazi zuen Gobernuak indultuak emateko duen prerrogatiba ez dela erabili behar Griñan kartzelatik libratzeko. “Indultua beste gauza batzuetarako da, ez horrelako kontuetarako”, azpimarratu zuen, neurri hori ustelkeriarekin lotutako gaietarako ez dela erabili behar esanez.

Bide batez, “ustelkeria kontuak zirela eta, Rajoy Moncloatik kanporatzeko” lan gehien egin zuen indar politikoa Podemos izan zela ekarri zuen gogora.

PPren izenean, Pedro Rollan Maila Autonomikoaren eta Tokikoaren Koordinatzeko idazkariordeak erantzukizuna eskatu zion PSOEri; izan ere, nabarmendu duenez, espainiar ugari omen daude kezkatuta eta asaldatuta, neurri horretaz baliatuko ez zirela esan eta gero Gobernuak indultua eman zielako hainbat pertsonari, proceseko buruzagiei erreferentzia eginez.

Rollanen ustez, 680 milioi euroko “ustelkeria eskandalu baten ondoren” Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentea Griñani indultua eman ala ez baloratzen ari-tze hutsak “mesede eskasa egingo lioke Justiziari”. Horregatik agertu zen indultuaren aurka, epaia betearaztea eskatuz.

kartzelara sartu zain

José Antonio Griñán espetxeratzeko zain dago, Auzitegi Gorenak joan den asteazkenean enplegu-erregulazioko espedienteen epaia argitaratu zuenez geroztik. Bertan sei urteko espetxe-zigorra ezarri zioten, lagun-tza soziolaboralak ordaintzen utzi izanagatik, jakitun zelako “kontrolik eza eta legez kanpoko egoera larriak gertatzen ari zirela” eta, ez zuelako deus egin hura ekiditeko.

Ciudadanos ere indultua ez ematekotan da; Edmundo Bal Kongresuko bozeramaileak adierazi duenez, Auzitegi Gorenaren epaia argitaratu ondoren “jada ez dago aitzakiarik” erabat “irmoa” delako.