Goñi-Memoriala gaur amaituko da Beloki pilotalekuan
Asteazken honetan Zumarragan eta Beloki pilotalekuan amaituko da pilotazaleen garizuma partikularra, Goñi Memoriala txapelketaren finalak jokatuta. Lehiaketa horrek indar handia hartu du afizionatu mailako erreferentzia-tzat, eta inguruko pilotazaleen topagune bilakatu da. Inolako zalantzarik gabe, nabarmentzekoa izan da azken sei asteotan frontoira hurbildu diren zaleen kopurua eta aniztasuna, eta giro bikaina espero da edizio arrakastatsu hau amaituko den egunean ere.
Izan ere, txapelketak nahikoa gora-behera izan baditu ere, erabat pilotari gipuzkoarrez jositako finalak osatu dira, eta pilotazaleen gustukoak izateko osagai guztiak dituztela esan genezake. Senior binakakoan, Murua-Ugartemendiak jokatuko dute oraindik ere finalerdiko izua erraietan izango duten Elola-Lizeagaren aurka; bi atzelari jotzaile eta oso estilo desberdineko bi aurrelari nor baino nor gehiago. Gorriek ibilbide lasaiagoa izan dute Goñi Memorialaren aurtengo edizio honetan, eta pizgarri gisa aipatu, Alkizako atzelariak afizionatu mailan jokatuko duen azken partida izango dela, izan ere, astelehen honetan bertan egingo baitu debuta profesional mailan Tolosan Baikorekin, kontrakorik ezean Unai Laso lagun duela. Ugartemendiak ondo erakutsi du Belokin oso eskuin berezia duela, hutsuneak irekitzeko gaitasuna baduela, eta finala test esanguratsua izan daiteke eliteko debut horren atarian.
Aurrean beste jotzaile handi bat izango du, Lizeaga, jokatzeko posturan akaso traketsagoa baina pilota ederki astintzen badakiena, eta Elolarekin batera ahalmen handiko bikotea osatzen duena. Bidaniko aurrelariak ikaragarrizko sasoia du, eta egun inspiratua izanez gero, aurreko koadroetan partidak berera eramateko gaitasun handia du; gainera, iazko finaleko arantza atera nahiko du nola hala. Pilotari pausatuagoa eta konbentzionalagoa, Murua arrasatearra ederki moldatu da Ugartemendiarekin, eta hasiera-hasieratik erakutsi dute txapela janzteko hautagaiak direla.
Kaiola
Bitartean, kaiolako promesen finalean Oihan Etxeberria eta Beñat Zubizarreta lehiatuko dira; azken urte honetan bilakaera nabarmena izan duten bi pilotari dira, eta, itxura batean, partidak oso parekatua eta irekia beharko luke. Oiar-tzuarra eta Ataungoa ondo nagusitu dira aurreko kanporaketetan, errematerako ahalmen bikaina eta piloteoa menderatzeko ahalmena erakutsiz. Zer esanik ez, etorkizunerako oso kontuan hartu beharreko bi pilotarien arteko norgehiagoka izango da, dagoeneko Baikok begiz jota dituelarik.
Jaialdia Oliveira-Ibañez eta Rodriguez-Aleman bikoteen arteko Herri Txapelketako finalarekin hasiko da. Gogoan izan, lehen partida honetan finalerdietatik erabilitako formula berdinarekin jarraituko dutela, gehienez 35 minutuko benetako joko-iraupena izango duelarik.
Zumarragako pilotaren egun handiaz gozatzeko modurik onena Beloki pilotalekura joatea da noski, baina jaialdia herritarrei ahalik eta erosoen hurbiltzearen aldeko apustuarekin segitzen dute antolatzaileek, eta pilotalekura bertaratu ezin direnek zuzenean jarraitu ahal izango dituzte finalak Kirolzaleren YouTubeko kanalean (18.30ean).