Síguenos en redes sociales:

“Pilota partida batean galtzen joanez gero, burua ez galtzea da zailena dudarik gabe”

Pilotari profesionala izateko ametsa du Iker Garcia idiazabaldarrak. Atzelaria da eta oraingoz behintzat, emaitza onak eskuratzen ari da 14 urteko gaztea

“Pilota partida batean galtzen joanez gero, burua ez galtzea da zailena dudarik gabe”

idiazabal - Ia 1,90 metro luze da Iker Garcia pilotaria. 14 urte beteko ditu, eta dagoeneko puntako atzelaria da. Dozenaka txapela irabazi ditu dagoeneko eta badirudi zeresana emango duen kirolaria dela. Besteak beste, Euskadiko eta Gipuzkoako txapelduna izan da. Diziplinatua dela dio eta egunero-egunero egiten dituela luzaketak eta pilotako ariketak. Orain arteko ibilbideaz eta dituen helburuetaz hitz egin du.

Zenbat denbora daramazu pilotan jokatzen?

-Nik uste 9-10 urte ingururekin hasi nintzela. Gelakoak eta beti ibili izan gara pilotan, eta ni ere hala hasi nin-tzen atsedenaldietan. Gustatu egin zitzaidan eta, gainera, Unax Aldasoro lagunarekin lehia nuenez, herriko pilota eskolan apuntatu ginen biok. Bertan urtebete egin nuen eta ondoren Etxarrira joan nintzen. Orain Lazkaon nabil.

Aldaketa horiek zergatik?

-Idiazabalen ikasi nuen nola eman behar zitzaion pilotari ondo, eta sakea ere bai. Hasierako ikaskuntza izan zela esango nuke. Normalean, hobetzeko, zaharragoekin edo maila handiagoa dutenekin jartzen dira kirolariak. Idiazabalgo kasuan jende falta zegoen eta beraz, eskola baten bila hasi ginen eta Etxarrikoarekin egin genuen topo. Aitor Zubietak eramaten du eskola hori eta bertakoekin jokatzen hasi ginen. Jende berria ezagutzeaz gain, nik uste gehiago prestatu nintzela bertan, koordinazioa eta ariketak ere asko egiten genituen eta.

Eta ondoren Lazkaora.

-Bai. Esan ziguten maila altuena duten pilotariak bertako eskolara joaten zirela eta azkenean horixe erabaki genuen. Oso gustura nabil han. Astean bitan entrenatzen dugu, baina nik etxean ariketak egunero-egunero egiten ditut.

Beti binaka jokatzen duzu?

-Normalean bai, atzelari. Asko gustatzen zait atzeko jokoa, gustura sentitzen naiz bertan; eta bide batez, nahiago dut taldean aritu.

Zer da zuretzat pilotan jokatzeak duen gauza zailena?

-Partida batean galtzen joanez gero, burua ez galtzea, dudarik gabe. Hotz mantendu beharra dago momentu oro, batez ere, bestea irabazten ari zaizunean. Gainera, kontzentrazio maila handia eskatzen duen kirola da.

Presiorik sentitzen duzu? Edo gehiago da zuk zure buruari jar-tzen diozuna?

-Egunak eta egunak daude, noski, baina orokorrean ezetz esango nuke. Azken finean askoz ere okerragoa da norberak bere burua presiona-tzea, azkenean presio horrekin ez direlako gauzak ateratzen nahi bezala.

Pilotak zein balio dituela esango zenuke?

-Nik uste pilotariak gertuagokoak izaten direla. Futbola hiri handi bat bezalakoa da eta pilota, aldiz, herri txiki bat bezalakoa. Guztiok ezagutzen dugu elkar eta norbait gerturatuz gero, beti hitz egiten gelditzen gara.

Dagoeneko txapel asko eskuratu dituzu, nahiz eta oso gaztea zaren. Baduzu baten bat berezia dena?

-Bai, aurten herriko pilota txapelketa irabazi dut eta bertan zaharragoen kontra jokatu genuen. Gainera, etxean jokatuta, jende asko inguratu zen eta horrek poz handia eman zidan dudarik gabe. Bestela, iazko denboraldian Gipuzkoako eta Euskadiko txapeldun ere izan nin-tzen eta ilusio handia sentitu nuen.

Eta zer da pilotak ematen dizuna?

-Hobby bat bezala ikusten dut, ondo pasatzeko zerbait. Betidanik egin dut amets pilotari profesionala izatearekin; beno, egia esan behar bada oso txikia nintzenean moto-kroseko gidaria izan nahi nuela esaten nuen, baina pixka bat hazi bezain laster hasi nintzen esaten pilotaria izan nahi nuela.

Amets bat.

-Zabaleta edo Errezustaren kontra jokatzea, onenak direlako eta ezagutzen ditudalako. Eta debutatzekotan,Victor pilotariarekin batera egitea gustatuko litzaidake.