Nostalgiaren bidaia
Arrazoi asko egon daitezke hiri bat bisitatzeko edo zehazki, berriz bisitatzeko. Italiako iparraldean kokatzen den Turin hiriaren kasuan nire arrazoia argia da, nostalgia
Ez naiz bidaietan leku bat errepikatu zalea. Badakit nonbaitetik behin bakarrik igaroz gero ez dela denbora nahikoa izaten lekuak ezkutatzen dituen txoko, istorio edo berezitasun guztiak ezagutzeko. Argi dut hori, baina etxeko egongelako apalari begirada bat bota eta Dervla Murphy, Patrick Leigh Fermor edo Ander Izagirreren liburuak ikusten ditudanean, mundua zeinen zabala eta zeinen anitza den pentsatzen dut eta neronek nire begiekin ikusteko irrika pizten zait.
Horrek ez du esan nahi lekuak errepikatzen ez ditudanik. Batzuetan gertutasunagatik, besteetan erraztasunagatik edo norberaren oporraldi egunetan eguraldi ona bermatua den lekua delako. Edo nostalgiagatik.
Italian egin nituen unibertsitateko ikasketak, Turinen zehazki, eta hara itzultzen naizen bakoitzean, aix, ze kilimak. Leku baten deskribapena beti bada ere subjektiboa, Italiari buruz hitz egitean nire iritzia subjektibo baino guztiz makilatua da. Onartzen dut. Nostalgiaren errua.
Nostalgia da zerbitzariak kafearekin batera ekarritako edalontzi txiki bete ur frizzante patxadaz edatea, kafea ondo dastatu ahal izateko eta horrela kafea hobea dagoela sinestea.
Aspaldiko partez gerturatu gara Piemonteko hiriburura, Savoiako Etxearen egoitzara. Etxeko txikiei gurasook gure urte polit batzuk non igaro genituen erakusteko gogoz gaude. Badakigu eurei berdin zaiela hiri bat zein bestea, baina gure irrika barneratu dute, naiz eta ez ulertu. Trenez iritsi gara, ordu bete berandu, Porta Susako geltoki (guretzat) berrira.
Nostalgia da tren geltokietako bozgorailuetatik zure trena bost, hamar edo hogei minutuko atzerapenarekin datorrela entzutea, eta hala ere irribarre bat ateratzea.
Hiri barnerantz jotzeko, Via Cernai kale luzexkara jo dugu. Luzexka diot eta ez luzea, zeren eta bere ia kilometroko luzera huskerian geratzen da Via Franciako 11 km-en alboan. Via Cernaia, hiriko beste hainbat kale bezala, arkupez estalia dago. Savoiatarren aginduz, Turin herria hiri esanguratsu bat bilakatzeko asmoz, kale garrantzitsuetan euritik eta eguzkitik babestuko zieten arkupeak eraikitzen hasi ziren. Pixkana-pixkana gaur eguneko 18km-ko luzerara iritsi dira pasealeku estaliak. Euritik babesteko merkeago lukete aterkiak banatzea hiritarren artean.
Nostalgia da zebrabide bat oinez gurutzatzean, albotik ziztu bizian moto txiki bat pasatzea eta besoekin keinuka hasi eta va fan culo! esanda gustura geratzea.
Piazza Castello. Gazteluaren plaza. Turinen bihotza, erakusleihoa eta hitzordu lekua. 360 graduko itzuli bat emanez gero Palazzo Madama, Palazzo Reale, Palazzo della Preffetura eta beste hainbat eraikin historiko ikusi daitezke, estilo barroko eta neoklasikoaren maisulanak denak. Dotorezia horrekin guztiarekin apurtzen Torre Littoria izeneko eraikin arrazionalista dago, turindarrak maitasun gutxiz ‘begian ukabilkada’, ‘dorre harroputza’ edo ‘Duce-aren (Mussolini) atzamarra’ deitzen diotena. Aurrera egin dugu Via Po-ko arkupeetan barrena eta bertan dauden taberna dotoreetako batean atsedena hartzeko tartea egin dugu.
Nostalgia da zapore garratz eta mingots puntuduna duen chinotto edari freskagarri bat eskatzea zihur egon gabe gustoko duzun hala ez, eta hala ere tragoaz gozatzea.
Via Po-ko arkupeetan ugariak dira liburu dendak, zaharrak eta berriak, gai zehatzetakoak eta inongo loturarik gabekoak. Gauean itxiak egoten diren kaxoi berdeak kuxkuxeroentzako erakuslehio bihurtzen dira egunean zehar. Tranbiaren triki-trakak, autoek harbidean eginiko burrunbak eta jendearen berriketak arkupeetan bildu egiten dira, kalea beti zaratatsu mantenduz.
Nostalgia da espaloiean gurutzatzen dituzun pertsonak telefonoz berriketan eta eskuekin keinu esageratuak eginez doazela ikustea, eta zuk eginiko hurrengo telefono deian ohartu gabe eskuak mugitzen hastea.
Po ibai ertzera iritsi aurretik, ezkerretara begiratzean Mole Antonelliana eraikin-puska ikusi ahal izan dugu. Hasiera batean sinagoga izateko pentsatua, hiriaren jabetzara igaro zen XIX. mende amaieran azken ukitua eman ziotenean. Egun hiriaren ikur nagusia izateaz gain (bi xentimoko txanponetan ikus daiteke), zinemaren museo interesgarria dago bertan, Turinek zinemarekin duen lotura estuaren erakusgarri.
Nostalgia da kafe bat hartu bitartean La stampa egunkaria interes handiz irakurtzea, bertan politikaren eta calcio-aren kaka-pila besterik ez badago ere.
Izen motxeko ibai luzera iristean harlanduzko Vittorio Emanuele I zubiaz baliatu gara ibaia gurutzatu, Gran Madre de Dio elizaren kupula izugarriaren albotik pasa eta Turineko txoko kuttunetako batera igotzeko, Turineko balkoira, Monte dei Cappuccini-ra. Elizatxo bat, mendizaletasunari buruzko museo interesgarri bat eta Turineko ikuspegirik ikusgarriena. Zorteko gaude eta aurreko egunetako euriteek metropoliko milioi bat pertsonek sortzen duten smog-a desagerrarazi dute, Alpeek Piemonteren inguruan osatzen duten harresi itzela bere oparotasunean ikusteko aukera eskainiaz. Eta hiri eder honetan bizi nintzela pentsatzea ere. Aix.