Síguenos en redes sociales:

Arkitektura

Errepresentazioa

Arkitekturek gure behar fisiko, psikiko eta sinbolikoak asetzeaz gain, gure gorputzak doktrinatzeko balio dute: elizak izan daitezke horren adibide garbi bat

ErrepresentazioaFredpanassac (wikimedia cc 2.0)

Eliza, bere jatorrizko esanahian, kristau fedearen gurtzarako eraikia den espazio sakratua da. Orokorrean, gurean behintzat, harriz eta egurrez altxatutako egitura bat izan ohi du; baina, bere balioa sinbolikoa da, batez ere. Eliza komunitatearen bilgune izan da mendez mende, eta egun ere arau sozialen eta moralaren bozgorailua izaten jarraitzen du: hor gertatu dira jaiotzak, bataioak, ezkontzak, agurrak eta ospakizunak. Eta, seguruenik ere, sexu erasoak, adin txikikoei abusuak, bekatuak... elizaren arkitekturak gero eta paper handiagoa izan du; gurtza lekua izateaz gain, herri baten doktrinazioan rol garrantzitsua izan du. Ikusi Paul Urkijoren Gaua pelikula.

Euskal Herria txikia izan arren, eliza ugari ditu. Auzo ia bakoitzean dago bat, eta, herri askotan, bi edo gehiago. Zaila da kopuru zehatza ematea, baina milatik gorako eraikin erlijiosoen ondarearen aurrean gaude. Hiri handietan eliza monumentalak daude, eta landa eremuetan, berriz, tamaina txikiagoko tenplu xumeak. Horietako asko Erdi Arokoak dira; beste ugari, berriz, berrituak edo eraldatuak izan dira. Eta, azken hamarkadetan, asko hutsik geratzen hasiak dira.

Kopuru horrek erakusten du Elizak gure herria antolatzeko hainbat dispositibo izan dituela, eta baita artaldea kontrolatzeko garrantzia ere. Botearen mezua transmitu du, egun Youtuberrek edo artista esanguratsuek egiten duten moduan. ‘En fin’, Rosalia. Eta, aldi berean, erakusten du boterearen konplize izan dela denboran horrenbeste irautearren.

Elizak ez dira soilik erlijio erakusleihoak. Gure kaleen egitura bera markatu dute. Baserri bideak, erdiguneak, plazak eta ospakizun nagusiak elizaren inguruan antolatu izan dira. Horregatik, eliza kopurua handia ez ezik, egitura sozialaren arrasto bizia ere bada. Gure herrietan identitatea eta iraupena ordenatzen dituen erreferen-tzia puntu bat. Areago, bere arau normatiboen barruan sartzen ez den oro zigortzen du.

Euskal Herriko eliza guztien artean, bada bat bere formagatik eta presen-tziagatik bereziki nabarmentzen dena: Gotaineko eliza. Gotaine-Irabarne (Zuberoa) herrian dagoen eliza bitxia da; San Andresen omenez eraikia, herriaren bihotzean dago, pilotalekuaren parean. Gotaineko eliza monumentu historiko izendatua da, eta ez alferrik. Kanpandorre hirukoitzak bereizten du guztien gainetik. Hirutako zeinutegia (zubereraz hirutako zeinütegia, zeinütegi hirurkuna, edo hiru püntako zeinützülia) edo hiru puntako ezkila-dorrea da. Zuberoan daude ia gehienak, eta bere inguruko elizek duten kanpai-horma da, kanpandorrearen funtzio bera duena eta, izenak dioen bezala, hiru punta dituena.

Dorre hori ez da ohikoa niretzat, baina Zuberoako sinbolo arkitektonikoa da. Hiru punta altxatzen dira zerurantz, forma geometriko garbi eta zorrotz batez. Kanpaiak puntetako bakoitzean antolatzen dira, eta horrek elizari itxura dramatiko eta estetikoa ematen dio. XVI.mendeko elizaren hiru puntek Jesukristo eta harekin batera gurutziltzatuak izan ziren bi lapurrak irudikatu nahi ditu. Erdiko pinakulua beste biak baino altuagoa da, Jesukristo bera irudikatuz eta, beraz, kanpandorre-kalbarioa izanik. Gotaineko eliza trinitario hau Zuberoako lurraldeko ezagunena da, nahiz eta ez izan bakarra.

Gotaineko elizak badu kultur lotura sendo bat ere. Ez da soilik gurtzarako espazioa; artearen eta iruditeria kolektiboaren parte bihurtu da. José María Ucelayk Zuberoako dantzak margotu zuen, eta Zuberoako dan-tzak irudikatzeaz gain, atzealdean Gotaineko eliza ageri da. Horrek adierazten du eraikina esanguratsua izan zela, eta paisaiaren barruan duen botere ikonografikoaren adierazgarri dela. Eliza hori, ikuspegi arkitektonikotik begiratuz gero, ezohikoa eta originala izateaz gain, herri txiki baten nortasunaren adierazpen berezia da.

Jesus Mari Lazkanok egin zuen Ibon Aresoren erretratua etorri zait burura: lehen planoan, Bilboko alkatea, eta hondoan, Bilbo maketa bat balitz bezala ageri da. Hor argi eta garbi bereizten dira Areso alkateak bere udal ibilbide luzean bultzatu zituen proiektu esanguratsuenetako batzuk: Guggenheim museoa, Euskalduna jauregia, Abandoibarra eta Iberdrola dorrea, Miribilla auzoa, etab. Botere adierazpena, ‘en toda regla’. Zergatik agertzen da Gotaineko eliza koadroan? Zer bilatzen da? Egungo zer eraikinek betetzen dute honen funtzioa? Durangoko Azoka batek zer funtzio du gugan?