Síguenos en redes sociales:

ItzulpenaJone GartziaItzultzailea

“Argitalpen honen funtsa historiari begiratzea eta eztabaida gaur egunera ekartzea da”

Jone Gartziak bere lehen itzulpena argitaratu du: ‘Errusiako gutunak’. Zasulitx eta Marxen arteko elkarrizketa biltzen da liburuan, beste hainbat testurekin batera

“Argitalpen honen funtsa historiari begiratzea eta eztabaida gaur egunera ekartzea da”UXUE GUTIERREZ

Jone Gartziak Errusiako gutunak liburua itzuli du. Katakraken eskutik, Zasulitx militanteak Marxi bidalitako gutuna jasotzen da, non galdetzen dion Errusiako landa komunan iraultzarako bidean eman beharreko pausuen inguruan. Marxen erantzuna ez ezik, aurretik idatzitako zirriborroak ere jasotzen dira. Argitaletxeak ohar bat gehitu dio edizioari, eta Montserrat Galceranek hi-tzaurrea egin du. Itzultzaileak frantsesezko zirriborroak hartu ditu oinarri, zirrimarra eta oin-ohar guztiekin, eta testu horiekin batera argitaratu ohi diren beste bi testu ere euskaratu ditu argitalpena osatzeko.

Marx eta Zasulitxen arteko gutunak itzuli dituzu. Historiako zein momentutan kokatzen gaituzte gutun horiek?

XIX. mende amaieran, 1881an. Gutunak bi bakarrik dira, eta gero lau zirriborro daude. Garai hartan Zasulitxek Marxi idatzi zion galdezka ea, testuinguru horretan, non Errusia industrializaziotik oso urrun eta erregimen oso zapaltzailearen barruan zegoen, Errusiako landa komuna kapitalismoaren fasetatik igaro behar zen edo ez iraultza eman ahal izateko. Liburuan ere jasotzen da 1882an argitaratutako Alderdi Komunistaren Manifestuaren errusierazko bigarren edizioaren hitzaurrea. Gainera, 1877an Otetxestvennie Zapisky aldizkari populistari Marxek idatzitako gutuna ere badago, azkenean igorri ez zuena.

Zure lehenengo liburu itzulia da. Nolakoa izan da esperientzia?

Izugarrizko ilusioa egiten didan lana da, nire lehenengo itzulpen literario argitaratua delako. Zirriborroak itzuli ditugu 1926an Frankfurren frantsesez argitaratu ziren bezala. Riazanovek 1911 eta 1923 artean aurkitu zituen zirriborro eta gutunak, eta 24an argitaratu zituzten Errusian, zuzenduta. Gutun hauen bi bertsio daude. Beste hizkuntza batzuetan, Marxek ezabatutako esaldi eta hitz guztiekin argitaratu dira, eta guk horiek hartu ditugu oinarri.

Zer izan da konplexuena?

Niretzat zailena izan da zirriborro formatuko gutun batzuk itzultzea, zeinak Marxek idatzi zituen argitaratzeko inolako asmorik gabe. Gainera, Zasulitxek Marxi argitaratzeko zerbait bidaltzea eskatu zion, eta Marxek igortzen dion gutuna oso laburra da, zirriborroak baino laburragoa, eta amaieran esaten dio ezin izan duela zerbait garatuago bidali, eta ez dio argitaratzeko baimena ematen. Zirriborroak frantsesetik euskarara ekartzea zaila izan da, egiturekin jolasteko askatasun gutxiago izan dudalako ezabatutako hi-tzak ere mantendu behar nituelako.

Gutunak ez ezik, beste testu batzuek osatzen dute ‘Errusiako gutunak’. Zer lotura dute haien artean?

Nik ez dut liburu bat itzuli, baizik eta liburu bat argitaratu da nik itzuli ditudan gutun eta pasarte batzuekin. Lotura gaia da, eta modu bat da azaltzeko azken Marx deitzen zaion horrek zelan garatzen zuen bere pentsamendua. Azkenean, apurtzen ditu determinismotik egiten zaizkion kritika batzuk, eurozentrisoa eta etapismoa. Gogoeta bat da, Errusiako landa komunak zer egin beharko lukeen iraultza gauzatu ahal izateko. Landa-komuna mantendu edo landa-komuna desegin eta kapitalismoaren fasetatik igaro gero iraultza eman ahal izateko? Testu hauetan erakusten da zelan XIX. mendean Marxek ez zuela inoiz historia etapa hain zurrunetan zirriborratu, eta esaten dio Zasulitxi berak Kapitalean aztertutakoa zela mendebaldeko Europan feudalismotik kapitalismora gertatutakoa, baina ezin zela inondik inora estrapolatu Errusiara. Marxek errusiera ikasi zuen horretarako, bertako garapen ekonomikoa ulertu eta aztertu ahal izateko.

Liburuan Zasulitx nor den azaltzen da kapitulu batean. Nola deskribatuko zenuke zuk bere hitzak itzuli eta gero?

Egia da pena ematen didala azkenean Zasulitxek idatzitako gutuna laburra zenez, ematen duela pisu gutxi hartzen duela nik egindako itzulpenean, baina Zasulitx izan zen XIX. mendeko emakume iraultzaile nabarmenetako bat. Zerbaitengatik, historiak ahaztu du. Ezaguna egin zen Fiodor Trepov jenerala hiltzen saiatu zenean. Ez zuen lortu, baina ekintza zuzena burutu zuen. Tribunal herrikoi batek epaitu eta absolbitu zuen, eta hori izan zen tribunal herrikoi batek halako kasu bat epaitzen zuen azken aldia. Gero erbesteratu egin zen Genevara, eta hortik idatzi zion Marxi. Ekintza horrekin ezaguna egin bazen ere, aurretik Errusian Naródnik mugimenduko militantea izan zen. 

Beraz, lotura zuzena izan zuen marxismoarekin.

Zasulitx izan zen Errusiara marxismoaren hastapenak burutu zituenetako bat, eta horren harira ere galdera egiten zion Marxi, erantzuna Errusiara eramateko. Kuriosoa da zer gertatu zen azkenean Marxen erantzunarekin. 1911n Riazanovek gutun zirriborroak aurkitu zituen eta Zasulitxengana joan omen zen galdetzera ia erantzuna jaso zuen. Zasulitxek esan zion ez zuela gogoratzen. Teoria ezberdinak daude, eta liburuan jasota daude. Agian erantzunak ez zuen konbentzitu, edo benetan galdu ziren… baina kuriosoa izango litzateke norbaitek Marxen gutun bat jaso eta hori ahaztea.