Bilbok badu beste jaialdi interesgarri bat, hiriaren eta arkitekturaren arteko harremana jendeari hurbiltzen diona: OPEN jaialdia
Ez da arkitekturaren dibulgazio-jaialdia soilik; hiriaren balioa modu fresko eta partekatuan ezagutzeko aukera ere bada.
Lehen Open House Bilbao izenarekin ezagutzen zen, eta gaur egun, izen berriarekin, esentzia bera gordetzen du: ateak zabaltzea. Urtero, iraila amaieran eta urri hasieran eraikin publiko zein pribatu askok ateak irekitzen dituzte, doan eta herritarren gozamenerako. Ez da soilik arkitekturaren dibulgazio jaialdia; hiriaren balioa modu fresko eta partekatuan ezagutzeko aukera ere bada.
Arkitekturari buruzko jaialdi askok ikono handiak eta edertasun formala erakusten dituzte, baina OPENek bestelako bidea aukeratzen du: herritarra bihurtzen du protagonista. Bisitariak ez dira kontsumitzaile hutsak; hiriaren parte aktibo bihurtzen dira. Bilboko paisaia urbanistikoa ez da soilik begiratzeko, baizik eta bizi-tzeko, ikusteko, ezagutzeko eta kritikatzeko parada ere ematen du.
Esan genezake jaialdiaren funtsa argia dela: arkitektura ez dadila izan adituentzat esparru esklusiboa. Antolatzaileen esanetan, “hau zure hiria da, zure etxe kolektiboa, eta zuk ere ulertu eta gozatu dezakezu”. Horretarako, eraikinak irekitzen dira, ibilbideak proposa-tzen dira, tailerrak antolatzen dira eta solasaldiak egiten dira. Hori guztia giro hurbil eta parte-hartzailean.
2025eko edizioa irailaren 29tik urriaren 5era da, zazpi eguneko egitaraua. Lelo nagusia “Eraikinetik harago” da aurten. Hau da, espazio fisikoetatik abiatuta, arkitektura bizitzeko moduari, prozesuei eta hiriaren izaerari arreta jarri zaio. Jaialdiak ikuspegi berritzaileak bilatzen ditu: proiektu parte-hartzaileak, elkarlaneko arkitektura eta espazio komunitarioak jorratu nahi dira.
Bederatzigarren edizio honek “Eraikinetik harago” leloa ardatz hartuta, espazio fisikoetan arreta jartzeaz gain, arkitektura egiteko eta bizi-tzeko modu berriei ere erreparatuko die. Gai nagusien artean daude ikerketa eta forma alternatiboak, diskurtso sozial eta komunitarioak, irisgarritasuna eta inklusioa eta auzoetako kale eta espazio publikoak arkitekturaren parte gisa ulertzea. Denak ere, ustez, ikuspegi ireki eta plural batetik.
Eta, zer egiten da zehazki? Ekintza nagusia eraikinak bisitatzea da. Normalean, itxita dauden espazioak zabaltzen dira eta jendeak sartzeko aukera du: eraikin historikoak, eraikuntza garaikideak, bulegoak, ikastetxeak edo kultur guneak. Horrez gain, hiri-ibilbide tematikoak, instalazio iragankorrak, haur eta helduentzako tailerrak, hitzaldiak eta mahai-inguruak eskaintzen dira. Bisita gidatuak euskaraz zein gaztelaniaz egiten dira, eta beti daude boluntarioak prest azalpenak emateko. Guggenheim bezalako ikonoak ere programan agertzen dira sarritan, baina edizio bakoitzean eraikin ezezagunagoak eta bitxiak ezagutzeko aukera dago.
Guztira, 100 jarduera baino gehiago antolatu dira: 89 espazio ireki, ibilbide tematikoak, tailerrak, instalazioak eta hitzaldiak. Hau guztia posible egiten du 400 boluntarioz osatutako sareak, OPENen esentzia diren horiek. Eta, bitartean, hiria eszenatoki bilakatuko da.
Oinarrian herritarrei eraikinak irekitzea egon arren, 7 bloke nagusi ditu aurtengo egitarauak: ibilbide tematikoak IBILI, arkitekturaren inguruan HITZ EGIN, espazio berriak DISEINATU, arkitekturaren inguruan JOLASTU, arkitektura buruzko zinema IKUSI, katalogoko eraikinak BISITATU, eta bertako arkitektura JAN. Aste barruko ekintza nabarmenen artean honakoak egon dira: Bilbo km 0, Hiri produktiboak hitzaldia eta honen harira gerriko agroekologikoaren inguruan Otxarkoagan egin den hiri ibilbidea, eskola patioen inguruan hausnartzeko aukera egon da Hau patio bat al da? solasaldiarekin, Emakumeak obran solaldia eta irisgarritasun kognitiboaren inguruko lantegia: errazTEA.
Asteburuan, aldiz, 89 eraikin bisitatzeko aukera egongo da, batzuk oso klasikoak eta beste batzuk, aldiz, bereziagoak: Demaio, BeAr rABe, EITBren egoitza, La Singorga Kulturgune Feminista, Labe Garaia, Carreras Mujica arte galeria... Horrez gain, bi ibilbide tematiko ere antolatu dira: “familia ibilbidea” eta “hiri ibilbea: hiri produktiboa.”
Azken batean, OPEN jaialdiak erakusten du arkitektura ez dela soilik eraikin erraldoiak mirestea. Arkitektura gure eguneroko bizimoduan dago, eta herritarrekin egiten den zerbait da. Herritarrentzat aukera paregabea da ikasteko eta gozatzeko, eta arkitekturazaleentzat plaza aparta esperimentatzeko eta eztabaidatzeko. Hala ere, Bilbok jaialdi honen bidez bere nortasuna berritzea eta ospatzea helburu izan arren, bere gabeziak ezkutatzea zaila du. Non dago hiria bizi dugunon ahotsa? Nola parte hartu genezake? Zer ate ireki behar da Bilbo bizigarri, hezitzaile, anitza eta inklusibo baterantz urratsak emateko?