Janaria, arropa garbia, dirua, gutunak eta bestelakoak hartu, eta Ezkabako mendi tontorrera igotzen ziren zenbait emakume talde 1934tik 1945era bitarte. Ezkabako gotorlekuko presoei laguntzeko saretu ziren emakumeak dira, eta hori bizipenak jasotzen ari da Beatriz Larragueta zinemagilea eta gidoilaria (Iruñea, 1999). Horretarako, Emakumeak dokumental laburra filmatzen dabil. Datorren urterako prest egotea espero du. Orain arte autoekoizpenak egin ditu, baina oraingoan El Rayo Verde ekoiztetxearekin ari da lanean. Azaldu du horri esker “babestuagoa” sentitzen dela. Horrez gain, mentoretza programetan ere pare hartu du, eta bultzada “handia” izan dira. 

  • Txikitan zenbatetan igo izan zara Ezkabara ezagutu gabe gotorlekuaren historia?
  • Askotan. Azkenean, Arrotxapekoa naiz eta txikitan askotan joaten ginen Ezkabara. Gotorlekura, gutxitan. Ez nekien ezer. Horregatik, heldua izan naizenean inpaktu handia izan da ni ibilitako bide berdinetatik emakume horiek pasa zirela jakitea. Gotorlekuaren inguruan ez nekien ezer; soilik presoak zeudela.
  • ‘San Kristobal / Ezkaba: hormak eraitsi oroimena harresitzeko’ liburuaren bidez hasi zinen gotorlekuaren inguruan arakatzen. Zerk deitu zizun arreta?
  • 'Autobus De La Memoriak' atera zuen, eta denuntzia moduko bat zen. Sala-tzen zuten gotorlekua memoria historikorako leku bihurtzeko lanak egiteko dirua zegoela, baina hori egin beharrean barruko bi horma bota zituztela. Orduan, gotorlekuko espazioak ezabatu zituzten. Liburua erosi eta tiraka-tiraka informazioa biltzen joan naiz.

"Isilarazitako gaiak ziren eta senideak eta hurrengo belaunaldiak ez mintzeko edo babesteko ez zen asko hitz egiten”

Bea Larragueta - Zinemagilea

  • Hortik, emakume horien testigantzak jasotzen dituen ‘Sareak Ehotzen’ liburura iritsi zinen. Aurkitu duzu emakume horien inguruko bestelako erreferentziarik?
  • Liburu hori oinarria izan da oso lan potentea delako. Amaia Kowasch Velascok liburua idatzi zuenean, emakume horien gehiengoa bizirik zegoen. Guk senideekin lan egin dugu. Egunkarian deialdi bat atera genuen, eta horren bidez asko gurekin harremanetan jarri ziren. Orain, elkarrizketak egiten eta jendea ezagutzen ari naiz. Egia esan, ez dute informazio asko, eta pixka bat liburuan dagoena kontatzen dute. Azkenean, familia barruan ez zen asko hitz egiten. Isilarazitako gaiak ziren eta senideak eta hurrengo belaunaldiak ez mintzeko edo babesteko asmoz, ez zen asko hitz egiten. Gainera, momentu politikoagatik, beldur handia zegoen. Orain aldatu egin da egoera, eta lagundu nahi dutenez, ahal dutena kontatzen dute.
  • Ezagutu dituzun bizipen horietan bada zerbait arreta deitu dizuna?
  • Igo zen emakume batekin egon nin-tzen. Oraindik bizirik dagoen eta ezagutu dudan bakarra da. Kontatu zidan 5 urteekin igo zela, eta bakarrik hiru flash zituela. Festa moduko bat zela sentitu zuenez, oso atsegina izan zela gogorarazten du. Festatzat sentitzeak atentzioa deitu zidan. 
Bea Larragueta ‘Emakumeak’ dokumental laburra filmatzen.

Bea Larragueta ‘Emakumeak’ dokumental laburra filmatzen. Hugo Lopez Sarasa

  • Sarean igotzen ziren. Nolakoak ziren talde horiek?
  • Talde asko ziren eta garaiaren arabera igoera egoera desberdina zen. 1934an jotak kantatzen eta beldurrik gabe igotzen ziren. 1936. urtearen ondoren, beldurrarekin eta gaizki. Testuinguru historikoaren ondorioz aldaketa handia egon zen. 1936koak norbaiten laguntzaz igotzen ziren ezer ez gertatzeko. Taldeei dagokionez, talderik gabe igotzen ziren emakumeak zeuden, eta horrez gain, anarkistak, sozialistak, komunistak, Emakume Abertzale Batza... Senide askok esan didate ez zirela inongo talde edo alderdikoak, eta igotzen zirela lagunekin edo senide bati laguntza eskaintzeko.

"Ez da elkarrizketez beterik egongo. Esperimentalagoa, sentsorialagoa eta poetikoagoa izanen da”

Bea Larragueta - Zinemagilea

  • Datu bilketan ibili zara, eta irailean grabatzeko asmoa zenuen. Dagoeneko filmatu duzu nahi zenuen guztia? 
  • Oraindik ez da itxitako prozesu bat. Bi urtez Handycam batekin –kamara txiki batekin– elkarrizketak, igoerak eta horrelakoak grabatu ditut. Nire objektu pertsonal baten bidez nire ikuspuntua azaldu nahi izan dut. Irailean analogikoan grabatzen hasi ginen, baina oraindik filmatzen gaude. 
  • Analogikoan grabatzea bada denboran atzera egiteko modu bat?
  • Bai. Gauza askoren erabakia izan da. Irudiaren bidez iraganera itzuli nahi nuen. Horrez gain, mugatzeko modu bat izan da niretzat. Azkenean analogikoarekin minutu oso konkretuak dituzu grabatzeko, eta ezin duzu zinta bota eta listo. Hori niretzat erronka handi izan da. Pentsatu behar izan dut ongi zer erakutsi nahi dudan. Horretako filmaketa oso ongi markatuta eraman behar nuen.
  • Lekukotzetatik abiatzen zara, baina nola eragiten dio zure egungo begiradak duela 90 urteko gertakari bati?
  • Ni orainaldian nago eta nire off ahotsaren bidez eurengana zuzen-tzen saiatzen naiz. Inguruko elementuen, egiten zuten bidearen, naturazko elementuen eta horrelako elementuen bidez haien arteko konexio moduko bat egiten dute. “Hemen nagoen lekutik pasako ziren?”, “Ikusiko zuten hemen dagoena?”, “Ukituko zituzten zuhaitz hauek pasatzerakoan?”. Horrelako galderen bidez eurengana hurbiltzen naiz. Ezkaba mendia bera ere protagonista da. Iraganera eta euren ahotsetara iristen saiatzen naiz.
  • Orduan, asko izanen du sentsorialetik?
  • Bai, soinuak berak garrantzia izanen du eta ez da ohiko dokumental bat izanen. Hau da, ez da elkarrizketez beterik egongo. Esperimentalagoa, sentsorialagoa eta poetikoagoa izanen da.