Larunbat goizeko gosari luzeak luzatzeko ohitura dut konpainia ezin hobea delako ziur aski; zeru berria leihotik lasai aztertzea atsegina da, gure gauzez hitz egin, eta ez dut munduarekin konektatzeko, hau da, sakelakoa eta prentsa begiratzeko presa eta gogo handirik. Nahita bilatu gabeko ohitura bilakatu da nagikeria gozo eta leun hori. Joan den larunbatean sakelakoa oso berandu ireki eta, hara, mundua okerrago dabilela ikusi nuen: Israelek eta Estatu Batuek Iran eraso dute.
Orduan bai hasi nintzela era konpultsiboan hedabideak eta sare sozialak arakatzen; lerroburu askotan eraso hitzari prebentibo adjektiboa gaineratzen zioten. Prebentibo? Zer nahi dute prebenitu? Hori da orain betikoek asmatu duten aitzakia herrialde bat bonbardatzeko? Harrigarriak dira lerroburu horiek idatzi zituztenen axolagabekeria eta profesionaltasun falta. Edo adimen artifizial bati utzi diote albisteak idazteko lana? Edo kopiatu al dute besterik gabe bonbardatzaileek bidalitako teletipoa? Ezaguna da aspaldidanik egia dela gerran lehen biktima, baina gaur egun neurri guztiak gainditu ditugu: ezin jakin zer den egia, zer gezurra, irudi bat egiazkoa den, aurreko gerra batekoa edo asmatutakoa zuzenean. Adimen artifizial horietako batek, adibidez, ukatu egin zuen albiste-agentziek emandako berria zeinaren arabera Irango eskola bateko dozenaka neska hil baitziren bonbardaketa horietako batean. Geroago damuak eta barkamenak etorri ziren, baina kaltea egina zegoen.
Betiko manipulazioa ere ez da falta: lehen erasotzaileak Israel eta Estatu Batuak izan baziren ere, orain badirudi guztiaren erruduna Iran dela, Iranek eraso baitu, ordainean, Pertsiar Golkoko estatuetan estatubatuarrek dituzten base militarrak. Europar Batasunak Irani eskatu dio erasoak eteteko, baina ez du hitzik esan Israelek eta Estatu Batuek hasitako sarraskiez, belaunak gehiago tolestuz.
Gerrako biktimak ere azken kezka dira hedabideetarako, garrantzitsuagoak dira Abu Dhabin edo hortik dabiltzan turistak, youtuberrak edo influencerrak.
Gerrak luze joko duela diote adituek. Hurrengo larunbata ez da orain arte bezain lasaia izango.