Síguenos en redes sociales:

Dantza ikuskizuna

Eskola garaiko doinuei pauso dantzariak

Txikitako garaietako doinuak dantzan jarri dituzte Tio Teronen semeak taldeko kideek ‘Haurreskolari’ ikuskizunean. Zuzeneko musika, dantza eta umorea uztartu dituzte oraingoan ere

Eskola garaiko doinuei pauso dantzariakTio Tenoren Semeak

Txikitako garaietara bidaiatzeko aukera ez da sarritan izaten. Memoria egin, eta noizbehinka gogoratu ohi dira haurtzaroko edo gaztaroko zenbait momentu; pozgarriak direnak gehienetan, aho zapore ona utzi zutenak bere garaian. Hala, Tio Teronen semeak taldeko kideek ikastetxera bueltatzea erabaki dute 'Haurreskolari' lanarekin, beraien bizitzaren parte diren egoera eta doinuen bitartez une ahaztezinak biziberritzeko helburuz

Aurreko beste bi ikuskizunetan ('Freshcool eta Festamentua') egin bezala, hitz jostariak elkartu dituzte hirugarrenaren izenburuan, eta ondo laburbildu dute ikuskizunak berak eskaintzen duena: haur, aurreskulari eta eskola. Hiru hitzen batura da 'Haurreskolari' ikuskizuna. 

Izenburuarekin egin bezala, Tio Teronen semeak taldeak orain arte erakutsitako ezaugarriak biltzen ditu emanaldi berriak: zuzeneko musika, euskal tradizioan oinarritzen diren dantzak eta umorea. Baina, osagai guzti horiekin berria den ikuskizuna eraiki dute; desberdina eta berezia dena, esklusiboa, baina taldearen izaera bere horretan manten-tzen duena. “Taldea berbera da, eta taldearen izaera ere bai. Gidoia da aldatzen dena: kuadrillako parranda bat oinarri zuen ikuskizunetik hileta batera salto egin genuen, eta orain gure eskola garaiak jaso ditugu”, azaldu du Antton Fernandez taldeko dantzariak.

Taldekideek beraien eskola garaietako arropa jantzita dantzatzen dute, kirol arropa kolore-tsua edo tirantedun formala daramatela. Horien bitartez, garai horietara bidaiatzea proposatzen dute: “Erabiltzen ditugun janzkerekin zein aukeratu dugun musikarekin gazte garai horiek irudikatzen ditugu. Izan ere, Euskal Herrian euskaraz emandako marrazki bizidun askoren melodiekin osatu ditugu dantza piezak”. 

HURRENGO EMANALDIAK:

  • Irailak 27, larunbata: Irun, 19:00etan.
  • Irailak 28, igandea: Araia, 13:30ean. 
  • Urriak 11, larunbata: Zugarramurdi, 12:00etan.
  • Urriak 12, igandea: Erandio Goikoa, 19:00etan.
  • Urriak 18, larunbata: Segura, 13:00etan.

Iazko urtarrilean hasi ziren ikuskizuna prestatzen, eta ekainaren amaieran estreinatu zuten. Ordutik, taldeko batzuek zein besteek gaztetan bizitako egoerak irudikatzen dituen lana zabaltzen ari dira. “Pasarte edo egoera batek ikuspuntu desberdin asko izan ditzake, eta saiatu gara denak integratzen”, azaldu du Fernandezek. Esaterako, jolas-orduetan futbolean jokatzen zuten eskolako ezagunenak irudikatzen dituzte obran, baita taldekideak aukeratzen zituztena ere; eta, zelan ez, azken aukeratzen zituzten horiek ere bai. “Ez dugu pentsatutako pasarterik kanpoan utzi. Gure hiru emanaldietatik hau da gehien irauten duena; ordubete inguru. Pasarteak sartu eta sartu ibili gara, bateko eta besteko anekdotak jasoz”, baieztatu du.

Eskola garaiko errealitate asko ageri dira ikuskizunean, eta horiek umorez jorratu dituzte. Izan ere, umorearekin gaiak kritikoki ere jorra daitezkeela uste dute: “Umorea tresna ona da kritikarako edo zer pentsatua emateko. Umorea erabiltzen dugu kritikotasuna hauspotzeko, baina gure buruari buruz barre egiteko ere bai. Gure burua ez dugu serioegi har-tzen, gure rol batzuk aztertzen ditugu eta kritika publiko bat egiteko baliatzen dugu”.

Zuzeneko musika, dantza eta umorea uztartzen ditu obrak.

Euskal dantzak eraldatuz

Eta, hori, dantzaren bitartez transmititzen dute. Hala, euskal tradiziotik abiatutako dantzak dira ikuskizuneko protagonistak. “Baztango Mutil dantzak azaltzen dira, Otsagabiako dantza erreferentziak ere badaude, baita Arratiako Jotarenak edo Bizkaiko Makil jokoarenak ere. Zuberoako dantzak ere ageri dira. Guk gure ukitua ematen diegu, gidoi edo istorio baten barruan sartuta baitaude, baina dantza horiek ageri dira”, jakinarazi du Fernandezek.

Dantzak ez ezik, musikak ere berebiziko garrantzia dauka. Eta, dantzariek gaztarora salto egin dutenez, duela 30 urte ingurukoak dira ageri diren musika doinu gehienak: “Tio Teronen semeak taldeak 10 urte bete ditu eta 11.a osatzen ari da. 40 urtetik gora dauzkagu gehienok, beraz, 40-50 urte bitarteko jendeak bere haurtzaroa bete-betean gogoratzeko aukera izango du ikuskizunarekin”.

Gazte zirenean ikasitakoa desikasten ere saiatu dira obran; eta, ikusleen eskutik, ikasketa-prozesu berri bat umorez eraiki dute. Izan ere, taldeko asko irakasleak dira ofizioz, eta eskola garaiko bizipenak ikasle zein irakasle modura bizi izan dituzte. 

Ikus-entzuleek ondo pasatzen dute 'Haurreskolari' obran, segituan konektatzen dute dantzariekin, eta jendearen berotasuna nabari dutela dio Fernandezek: “Urte eta hilabete batzuk daramatzagu ikuskizuna eskaintzen, eta gu ere gero eta gehiago sartzen ari gara gure paperean, eta emanaldia bera garapen bat izaten ari da. Dena da naturalagoa, eta hori nabaritzen dute”. 

Aurten, 33 emanaldi eskainiko dituzte guztira denboraldia urriaren 18an Segurako Dan-tza Egunean amaitu bitartean, eta horietako lau Boisen izan direla azpimarratu dute. Jaialdian egotea “ederra” izan da, baina, aurrera begira, hurrengo urtean ikuskizunari jarraipena emateko asmoa dute: ezin iritsi izan diren herrietara heldu eta egon diren horiek berriro bisitatu gura dituzte.