Egiaren eta fikzioaren arteko dantza da autofikzioa, egiaren eta asmatutakoaren arteko hibridazioan mugi-tzea. Eta, Dejabu konpainiako aktoreek beraien gorputza istoriaren zerbitzura jartzea erabaki dute euren antzokietarako itzulera iragartzen duen Itzulera obran.

“Antzezlanak proposatzen duen jolasetako bat da hori: zer den egia, zer den asmatua nahastea”, aitortu du Ainara Gurrutxaga konpainiako kide eta aktoreak. Eta, guzti hori Mexikon kokatu dute. Izan ere, han daude krisi kreatiboan dauden konpainia bateko hiru kide, dokumental bat grabatzeko asmoz. Baina, ezusteko batek zeharo aldatzen du bidaiarien norabidea. Ideia hori du abiapuntu Itzulera obrak, eta hori kontatzen dute Gurrutxagak, Urko Redondok eta Miren Alcalak oholtza gainean. David Aguilar zinemagilea ere eszenatokian egongo da, baina atzeko pantailan agertuko diren irudiak hartzen.

Gogo bizi batetik edota desio batetik abiatuta lantzen ditu obrak Dejabuk, eta horrela otu zitzaien autofikzioa egitea: “Gure buruari erronkak jar-tzen dizkiogu, inoiz ez dugu egiten badakiguna”. Konpaniako kideek inprobisazioaren bidez jarduten dute, ez dute gidoi bat idazten eta gero oholtzan hori interpretatzen. Ez. Gidoia eszenan bertan sortzen dute, kolektiboki. “Ikerketa gustatzen zaigu, eta materiala espazioan sortzen dugu. Sortze lan horretan genbiltzala, konturatu ginen hitz egin nahi genituen gaiek eskatzen zutela gu erdigunean jartzea”, onartu du. Hala, lehenengoz egin dute autofizionatutako lan bat, eta bidea “oso interesgarria” dela iruditu zaie.

Errealitatea oinarri 

Hala, eszenan proposatzen dituzten jolas horiek benetako bidaia bat dute oinarrian: konpainiakoek Mexikora egindakoa. “Guk oso gutxi planifikatzen dugu antzezlan baten sortze prozesua. Guk irekidura bat sortzen dugu, antzokia umetoki modura ulertzen dugu, eta hutsetik, zer datorren ikusten dugu. Irudiekin eta emozioekin lan asko egiten dugu, eta saiatzen gara prozesu ahalik eta ez intelektualena egiten, gorputza jartzen sorkuntzaren zerbitzura. Baina, obra hau prestatzen hasi ginenean, bidaia ateratzen zi-tzaigun. Eta maketekin sortzen genituen irudietan Mexiko izan zitekeen lurralde bat agertzen zen. Eta hara joatea erabaki genuen”.

Han bildutako materialak eta ezagututako jendeak azken gidoian parte hartzen dutela onartu du. Izan ere, txundituta bueltatu ziren: “Mexikora iritsitakoan bibrazio eta energia oso indartsua sentitu genuen. Ikusgarria da paisaia, jendea da ikaragarria da eta sorkuntzarekin oso konektatuta daude. Iruditeria aberatsa daukate, eta arte adierazpen oso aberatsa dute: dena da artea. Edertasunaren sublimazio bat da”. Gainera, egindako bidaia aprobetxatu egin zuten beste antzerki konpainia batzuekin egoteko, batez ere Yucatanen.

Bizitako esperientzia horretan oinarritutako lana da Itzulera, lan benetan pertsonala, eta hori eszenan erakusteko lan asko egin behar izan dute: “Guretzako erronka izan da,  beste sortzaile batzuek ni-a gehiago erabiltzen dute, baina guk ez, eta, gainera, ni hori zaurgarria da”. Izan ere, obrak galduta egoteari buruz hitz egiten du, zailtasunei buruz. “Gauza gizatiarrez hitz egiten du, guk ere konpainia modura pasatu ditugunak, eta hori gorpuztea izan da erronka polita, ia sendagarria ere bai”. Hala, antzezlanean kontatzen dena egia ez izan arren, guztiz “egiazkoa” dela dio. “Itzulera ez da errealista, fantasiaren mundua asko maite dugulako, baina obran kontatzen duguna, gure bihotzarentzat egiazkoa da”.

Road movie

Formari dagokionez, road movie modura osatu dute lana. Berritasuna beti da balio erantsi bat beraientzat, baina formatu honek konpainiakoen desio batean du oinarria: Aguilarrekin lan egiteko gogoa. “Guk asko maite ditugu Zazpi t’erdiko kideak, eta nahi genuen beraiekin lan egin, eta David gonbidatu genuen prozesura. Hala ere, lengoaiak esploratzeko gogotik ere jaio da”, aitortu du sortzaileak, eta onartu du bi lengoaiak uztartzea izan dela obraren erronka nagusietako bat.

“Muntaian bi lengoaien arteko elkarrizketa horizontala, ez hierarkizatua topatzea erronka izan da. Nahi genituen antzerkia eta zinea maila berean uztartu, eta horrek eman digu esploratzeko bide bat. Sekulako lana egin dugu antzerkiaren indarra defendatzeko. Eta horrek eskatu digu sintesi handia, baita teknikari dagokionean bilaketa handi bat egitea ere”, azaldu du Gurrutxagak.

Dagoeneko aurkeztu dute obra, eta espero zutena baino harrera “beroagoa” izaten ari da: “Oso teknikoa da lana eta arduratuta geunden, ze arriskatua da, genero ezberdinak lo-tzen dituelako. Guk komedia egin nahi genuen, baina poetika asko dauka, eta musikak ere garrantzia handia dauka. Hibrido bat da, gure-tzat ere berria dena”. Antzerkia erritual bezala ikusten dute, kolektiboki, eta ikusleen maitasuna jasotzen ari dira.

Hala, ondo pasatzeko deia egin diete ikusleei, erritmo biziko komedia dela esanda, bizitza ospatzeko sortutakoa: “Obra hau sortu dugu ospatzeko. Bizitza ospatzeko, an-tzerkia ospatzeko, ze nahiko etsita gaude. Denok behar dugu maitasuna sentitu, elkarrekin gaudela sentitu. Eta hau etorkizunarekiko ilusio bat da. Komedia da gauzarik sakratuena. Antzoki bat barreka entzutea baino gauza ederragorik ez dago”.