ARKITEKTO esanguratsu askok osasunaren eta arkitekturaren erlazioan sakon ikertu zuten XX. mendean. Esan daiteke garai batean obsesio puntu bat egon zela gizonezko arkitekto batzuen aldetik, gorputza, “osasuna”, garbitasuna eta arkitekturaren arteko erlazioan. Hala ere, obsesio horietatik at, Lina Bo Bardi italiar arkitekto-modernoaren hitzetan, “arkitektura eta osasuna elkarren artean lotuta daude.
Elkarrekintza soziala eta ongizatea sustatzen dituzten espazioak diseinatzea funtsezkoa da gizarte osasuntsu baterako.” Edotea Jeanne Gang arkitekto estatubatuarrak honela erlazionatzen ditu: “Arkitekturak jendea elikatuko duen eta inspiratuko duen ingurune bat eskaini behar du. Pentsatu behar dugu gure eraikinek nola lagundu dezaketen komunitateen ongizatean eta zoriontasunean.”
Eraikitako ingurunearen eta ongizate emozionalaren arteko harremana hainbat diziplinatan aztertu da, psikologia arlotik arkitektura eta hirigintzaraino. Harreman hori hainbat faktorek eragiten dute, hala nola, argiztapenak, espazioaren banaketak, naturarako sarbideak eta kolore eta materialen erabilerak.
Arkitektura-diseinuan osasun mentalean eragiten duen elementurik garrantzitsuena argi naturala da. Eguzki-argiarekiko esposizioak erritmo zirkadianoen erregulazioan eta serotonina ekoizpenean eragiten du, umorearen erregulazioan giltzarri den neurotransmisorea izanik.
Argiztapen oneko espazioek, leiho handiak dituztenek argi naturalaren sarrera ahalbidetuz, depresioaren sintomak murrizten lagun dezakete. Argi faltak, aldiz, Urtaroko Nahaste Afektiboarekin lotura du, urteko zenbait garaitan gertatzen den depresio mota bat da, batez ere, neguan, eguzki-argi gutxiago dagoenean.
Argiztapena ez ezik, adituen esanetan, espazioaren banaketak eta barruko diseinuak ere eragin handia dute osasun mentalean. Espazio ireki eta jariakorrek askatasun-sentsazioa susta dezakete eta estresa murriztu, espazio itxi eta desordenatuek klaustrofobia eta antsietate sentsazioak sor ditzaketen bitartean.
Espazioaren ordena eta antolaketa funtsezkoak dira; ingurune ongi egituratu eta minimalistek ingurune lasaiago bat sortzen laguntzen dute, antsietatea edo depresioa eragiteko arrisku txikiagoarekin.
Naturarako sarbidea beste faktore garrantzitsu bat da. Ikerketa ugarik erakutsi dute ingurune naturalekin, hala nola, parke, lorategi eta berdeguneekin, kontaktuak eragin positiboak dituela osasun mentalean. Etxebizitza-inguruneen barruan eta inguruan elementu naturalak egoteak estresa murriztu, umorea hobetu eta ongizate orokorra handitu dezake.
Biofiliak, gizakiaren naturarekiko joera berezkoak, dio elementu naturalak arkitektura-diseinuan integratzeak, hala nola, landareak, ura eta argi naturala, onura terapeutikoak izan ditzakela.
Bestetik, koloreen eta materialen erabilerak ere eragiten du umorean. Kolore leun eta naturalak, hala nola, urdin, berde eta beige tonuak, lasaiagoak izan ohi dira, eta antsietatea eta depresioa murrizten lagun dezakete.
Bestalde, kolore bizi eta distiratsuak, estimulagarriak izan arren, kontu handiz erabili behar dira gehiegizko estimulazioa edo estresa ez sor-tzeko. Hala ere, orokorrean, azken urteetan, gure etxeetako pareten homogenizazioa eman da, dena zuriz margotzera eraman gaituzte.
Espazioak eta arkitektura-diseinuak eragin handia dute osasun mentalean eta ongizate emozionalean. Argi naturalaren erabilera egokiak, espazioaren banaketak, naturarako sarbideak eta kolore eta materialen aukeraketak depresioa saihesten eta kudeatzen lagun dezakete. Elementu horiek arkitektura-diseinuan integratzeak ez du soilik espazioen estetika hobe-tzen, biztanleen osasunerako eta orekarako ingurune osasuntsuago eta orekatuago bat ere sustatzen du. Hor erronka dugu.
Bota begirada bat zuen etxeetara, lantegietara, edota bestelako espazioetara. Zure behar emozinal eta fisikoak asetzen laguntzen dute? Zer eragiten du espazioak? Zeren arabera diseinatu dira bizi ditugun espazioak? Azken hilabeteotan ezberdin sentitzen ditut espazioak, eta osasunean eragin zuzena izaten ari den sentsazioa daukat.
Estandarretan diseinatutako behe solairu batean bizi naiz, argi natural gutxi, espazio diafanoak eta kolore pastelak dituenean. Eta baliteke aurretik aipatutako baldintza duin espazialak ez betetzearen ondorioz, etxean ez naizela gustura sentitzen, edo oporren beharra daukadala. Argi dagoena da gure sentimendu eta emozioetan eragina duela arkitekturak, beraz, ondo aukeratu uda honetako espazioak!