Ezohiko gertakaria. Hala deskribatu dute Saturraran opera Juan Carlos Perez (Mutriku, 1958) musikariak eta Kirmen Uribe (Ondarroa, 1970) idazleak. Bide luzea eginda, Saturraran hilaren 20an eta 22an egongo da ikusgai eta entzungai Bilboko Arriaga antzokian. Saturrarango irlak duen sinbologia indartsua oinarri, eta 80ko hamarkadako giroan kokatuta, bi emakumeren arteko amodio istorioa kontatzen du operak.

Libretoa ondu zuen Kirmen Uribek lehenbizi (Juan Carlosen enkarguz), eta Juan Carlos Perezek musikaz jantzi zuen testua ondoren. Sorkuntza prozesuaz, formatu berrian murgiltzearen erronkaz eta estreinaldiaren atariko espektatibez aritu dira bi sor-tzaileak.

Juan Carlos, formatu handian egindako aurretiazko hainbat lanek (Dei-tzen dizut Virgilio, Bernardo Atxagaren poema batean oinarritutako poema sinfonikoa da) bultzatu zaituzte opera bat idaztera. Zergatik opera?

Juan Carlos Perez: Behar nuelako. Forma handietan musika idazten hasi nintzenetik, gero eta erosoago sentitzen nintzela ikusten hasi nintzen. Beste poetika bat zen eta beste erreinu batera eramaten ninduen. Erakargarria egiten zitzaidan niretzako berria zen eszena hori: musika, taula gainean, baina biluzik, inongo artifiziorik gabe. Musika bere osotasunean. Bilatzen ari nintzen benetakotasuna operan gertatzen da. Beraz, ailegatu zen momentua, ez dakit zerk edo zeinek aginduta.

Juan Carlosek erein zuen ‘Saturraran’-en hazia, formatu handietan murgiltzen hasita. Nola batu ziren zuen bideak?

Kirmen Uribe: Juan Carlosek opera luze bat idatzi nahi zuen, eta gauza bakarra esan zidan: Saturrarango hai-tzekin lotu nahi zuela istorioa. Bera Mutrikukoa da, ni Ondarroakoa eta betidanik toki berezia izan da guretzat. 

J.C.P.: Hasieratik eduki nuen Kirmen buruan, banekien ondo ulertuko zuela Saturraranen gaia. Oso gertukoa dut Kirmen eta proposatu nionean asko gustatu zitzaion ideia.

Bientzat izan da zuen lehenbiziko opera. Gogotsu ekin zeniotela lanari nabari da, baina erronka ere izan da, ezta? 

K.U.: Idazten hasi baino lehen, libreto bat nola egiten den ikasi behar izan nuen. Opera pila bat ikustea eta libreto pila bat irakurtzea izan da gakoa. Pentsa, libretoan agertzen da ja non eta noiz kantatzen duten kantariek; hau da, zehazki zer eta nola gertatu behar den oholtzan. Hori izan da zailena. Irudimen ariketa handia, hutsetik sortzea izan da.

J.C.P.: Niretzat erronkarik handiena egunero idazten jarraitzea izan da, hasierako gogoari eustea. Lan izugarria izan da eta denbora luzea, haria ez galtzea izan da nire buruhaustea. 

‘Saturraran’. Izenburutik hasi eta istorioeran sakoneraino gurutzatzen du hitzak opera. Zer da Saturraran zuentzat?

K.U.: Saturraran lotzen dut askatasunarekin. Gaur egun jendeak han akanpatzen du, furgonetan jende asko etortzen da kanpotik eta han egoten dira egunak pasatzen, hondartza nudista bat dago… Gune liberatu bat da. Basatia da, ez dago etxerik inguruan hondartza hutsa da eta naturarekin duen loturagatik misterio berezia du tokiak. 

J.C.P.: Saturraran, niretzat, umetako garaien oroitzapen bat da. Marea behean zegoenean, Mutrikutik Saturraranera joaten ginen haitzetatik, barruan askatasuna sentitzen genuen. Gure kasa. Herritarren begietatik aparte, jolasak asmatzen genituen bertan. Mareak agerian utzitako putzuen artean amesten genuen bertan; Saturraran, helburu misteriotsua zen guretzat. Abentura bat. 

80ko hamarkadan kokatu duzue Saturrarani lotutako istorioa. Zelan erretratatu duzue kontakizuna?

K.U.: Saturraranen daude bi haitz handi eta guri etxetan txikitan kontatzen ziguten bi maitale zirela, ezin zirenak elkarrekin egon. Uretara salto egin eta ito egin ziren, euren memorian sortu omen ziren haitzok. Horrela hasi nintzen hausnar-tzen ea bi maitale horiek, bi neska, bi mutil, neska eta mutila… ote ziren. Erabaki nuen protagonistetako bi izango zirela arrantzale bat eta bere alaba. Anek (alabak) ezagutzen du Andaluziatik datorren beste neska bat eta maitemintzen dira. Hori da operan garatzen den gatazka. Dira libre izan nahi duten bi neska, baina gizartea ez dago prest, eta babesten dira paraiso artifizialetan (drogak) eta horrek gero ondorioak ditu. Tentsioa dago: nik izan nahi dut nik, baina gizarteak ez dit uzten. 

Juan Carlos, zuk nola gogoratzen duzu garai hura? 

J.C.P.: Hamarkada hartan gauza asko gertatu ziren. Bai politikoki, bai sozialki, baita kulturalki ere. Dena lotuta zihoan. Garai gogor batetik gentozen eta ematen zuen beste giro askeago batera gindoazela. Ilusioa zegoen. Elkartasuna. Dena plurala zen, baina helburu berarekin. Droga ere sartuta zegoen, eta hasiera batean liberatzailea zela pentsatzen zena, azkenean infernu bilakatu zen. Hortik ere ikasi beharra zegoen. 2024. urtearen talaiatik begiratuta ez dakit ondo ulertu den zer gertatu zen eta zergatik. 

K.U.: Bizkorregi joan ziren, baina ateak zabaldu zizkiguten gero etorri ginen guztioi. Niretzat belaunaldi hori izan zen borrokatu zena aurreiritzien aurka, eta arakatu zituzten bizitzeko era berri asko. Beti sentitu dut miresmena belaunaldi horrekiko. Kultura aldetik asko gustatzen zait garai hartako musika eta zinema. Ekarri nahi nuen hori, baina gaur eguneko formarekin. Oso garai berezia izan zen, aldaketa asko gertatu ziren. Dena zen oso eferbeszentea zen eta jendeak gogoa zeukan gauzak egiteko. 

 

Zer hartu behar izan duzue kontuan opera formatua lantzeko?

K.U.: Libretoa idazten da lehenago, eta musika konposatu ondoren. Obra eszenikoa da, ez da poema bat edo eleberri bat, norbaitek kantatu egingo du, beraz, hori eduki behar duzu kontuan. Pare bat urte egon nintzen bueltak ematen, eta ondoren idatzi nuen libretoa. Izan ere, uste dut maisulan bat eta obra konbentzional baten arteko ezberdintasuna askotan denbora dela, zenbat denbora ematen diozun lan horri. Denbora da sekretua gauza onak egiteko. Garai batean gauzak bizkor egin nahi izaten nituen, gaztaroaren energia hori izango zen. Orain ikusten dut denbora erlatiboa dela. Baina patxada hartzea ondo dago eta gauzak pixkanaka lantzea hori da ideala. Operarekin ere horrela izan da; guztira, zazpi urteko lana izan da.

J.C.P.: Operaren formak ematen dizun lehenengo gauza ahotsa da. Ahotsa, alde batetik, testu bat esaten duen ahalbideekin; eta, ahotsa, bestetik, instrumentu bilakatuta. Instrumentu indartsua da, oso espresiboa. Operan elkartzen dira espresatzeko bi bideak: hitza eta musika. Gero, operaren tradizioari jarraituz, badauka berezko keinua, ahots inpostatuarena, eta horrek estetika bat sortzen du. Greziarren garaiko tragediatik, hitzak solemnitatearekin esaten dira, pisua hartzen dute, eta esaten dutena baino haratago eramaten zaituzte. Hi-tzek beste dimentsio batera zaramatzate, holografikoa eta esanahi ani-tzekoa.

Opera garaikidearen kontzeptua aipatu duzue. Zer da opera garaikide bat?

J.C.P.: Opera garaikidea da gaur egun egiten den opera. Musikari dagokionez, nahiz eta operaren tradizioari jarraitu, instrumentu tradizionalak erabiliz (orkestra sinfonikoa, koroa…), erabiltzen den lengoaia gaurkoa da. Paradoxa ematen badu ere, musika klasikoan erabiltzen den hizkuntza berria izan daiteke. Gaur erabiltzen diren teknikak, edo pentsamendu musikala, ez dira musika klasikoaren garaikoak. Honi buruz asko hitz egin liteke, oso gai interesantea eta bizia da.

Nolakoa izan da elkarlana?

J.C.P.: Behin Kirmenek libretoa egin zuenenan, eta nik musika jartzeari ekin nionetik, beti egon gara kontaktuan, edozein aldaketa edo iradokizunen berri ematen nion. 

K.U.: Oso bizia izan da, eta asko egon gara. Oso atsegina da Juan Carlosekin lan egitea eta asko ikasi dut berarekin. Juan Carlos kreatiboki oso librea da eta euskal gizartearekiko bere jarrera ere asko gustatzen zait. Berak ekarpenak egin dizkit, baina errespetu handiz. 

Estreinaldiaren atarian, nola zaudete?

K.U.: Ilusio handia egiten dit opera bat delako, euskaraz. Gertakari handia da; Oso garestia da eta lan handia da opera bat sortzea. Gainera, opera talde lana da, ez zaude bakarrik idazten. Hemen eta hemengo jendearekin sortua da, eta horrek ilusio berezia egiten dit. Gauza ezberdina da, oso garaikidea. Opera asko aldatu da, eta astakeria da esatea: “opera ez zait gustatzen”. Dena den, operak badu puntu elitista, eta hori puskatu nahi izan dugu, opera kalera atera nahi izan dugu. 

J.C.P.: Egia da ez dela asko kontsumitzen musika mota hau, eta hori lotuta dago arte garaikidearekin gertatzen denarekin. Horregatik da ezohiko gertakaria, ez delako arrunta halako proiektu bat martxan jartzea. Artea, bere zintzotasunean, iparrean jartzea. Gure lana bukatu ondoren, idatzi eta gero, Arriaga antzokiak eta Bizkaiko Foru Aldundiak ikusi zuten proiektuaren ahalbidea, eta beraiei esker posible izan da aurrera egitea. Sinistu dute Saturraran-en eta ez diegu hutsik egin nahi. Irrikitan gaude ikusteko eta entzuteko.