ARTEAK, orokorrean, hainbat helburu eta baliabide eskaini ditzake, bai sortzaile lana betetzen duenarentzat eta baita ikusle papera betetzen duenarentzat ere. Sentimendu desberdinen erakusle izan daiteke, baina, era berean, beste sentimendu askoren aldatzaile ere bilakatu. Ondo ezagu-tzen du botere hau Marta Zelaia urduliztarrak. Bere lanen oinarrietako bat da arteak barne sentimenetan daukan eraldatze boterea eta behin eta berriz erakusten du bere lanetan.

Duela gutxi hitz bat deskubritu zuen: apotropaika; hau da, bere izaeragatik gai-tza aldentzen duen eta onura ekar-tzen duen sinesmen edo gauza. Eta hori da azken batean, sortzaile euskaldunak bilatu izan duena bere lanetan: ez lanen izaera aldagarri bat erakutsi edo gaitzetik aldentzea, baizik eta berak bizitako esperientzia txarrei buelta ematea, zerbait ona ateratzeko bertatik. Gaitasun honen bitartez sortutako azken lanak Bilboko La Talleren daude ikusgai pasa den astetik, Jai Egun izeneko arte erakusketan.    

“Aspaldian margotu gabe egon naiz, azkenaldian bordatuak, eskulturak edo bestelako margolanak egin izan ditut, baina ez oleoak”, Marta Zelaia-ren hitzetan. Ireki berri duten bere azken erakusketan, sorkuntza berriez gain, aurrez egindako pieza batzuk daude, baina lau pieza berri egongo dira kasu honetan: oleoz egindako lau koadro. Laurak tamaina handikoak dira eta bertan herri kirolak dira gai nagusi. Horrez gain, eskultura talde bat dago, egurrezkoak direnak, eta telaz egindako bordatuak ere ikus daitezke. Eta pieza txikiago batzuk, tapiz modukoak.

Zelaiak azaltzen duenez, “nire lana bere osotasunean ulertzeko edo behintzat nire lan egiteko prozesua ulertzeko balio duen lan bat dago erakusketan, aspaldi Errekalde aretoan erakutsi nuen sokatiran oinarritutako koadro bat”. Proiektu horretan bere bikotea den, Carlos Fernandez margolaria izan du lagun. “Nik margolan bat egiteko eskatu nion.

Momentu hartan gurasoen zaintzan oinarritutako lanak egiten nengoen eta helburua berak egindako koadroaren beste koadro bat egitea zen. Prozesu hau guztia ulertzeko La Tallerren bi koadro hauek ikusi ahalko dira”. Erakusketaren izenburua Jai Egun da oraingo honetan eta arrazoia oleoz egindako lau koadro berrietan agertzen diren gaiak dira. 

Marta Zelaia artista urduliztarraren lanak bisitatu nahi dituenak uztailaren 20ra arte izango du aukera. Pankra Nieto

Sortzailearen hitzetan, “gure herrian dugun jai egun bat ospatzeko moduak dira. Mahaiaren kontzeptua ere dago hor, elementu garrantzitsua baita bere inguruan gertatzen den guztiagatik”.

MATERIALAK

Marta Zelaia Arte Ederretan lizentziatua da (Euskal Herriko Unibertsitatea), pintura arloan. 1987an Bizkaiko Foru Aldundiaren beka bat jaso zuen eta, besteak beste, Ertibil saria irabazi izan du bi urtez jarraian. Hainbat arte tailerretan parte hartu izan du bere ibilbidean zehar; batzuk aipatzekotan: Hanna Collinsek eskainitakoa Gironako Quam93-an edo Angel Bados eta Txomin Badiolak Artelekun eskaini zutena 1994an. Hastapenetan, margolanekin hasi bazen ere, gehienbat, oleoaren erabilera maisuki erakutsiz, gerora beste hainbat genero ere erabili ditu sormen lanetan.

Materialen aukeraketari dagokionez, obra bat sortzen hasten denean, hasiera batean jaio-tzen zaion kontzeptuak eramaten du material bat edo bestea aukeratzera. “Esango nuke lanaren araberakoa dela. Adibidez, Errekaldeko erakustokian egindako azken lanek gurasoekiko lotura zuten. Momentu hartan nire tailerrean ezin izan nuen lanik egin beraiek zaintzen nenbilelako. Tailerra beraien etxera eraman nuen era batera”.

Momentu hartan bere lan egiteko modua eraldatu behar izan zuen eta momentu hartan bizi zuen egoerari egokitu. “Zer egin ahal nuen galdetu nion nire buruari eta amak josten edo bordatzen erakutsi zidanez, lotura bat bilatuz hasi nintzen, beraiek ere ulertzeko zer egiten ari nintzen. Behin materiala pentsatuta neukala, irudian pentsa-tzen hasi nintzen eta Arteta bezalako margolaria izan nuen erreferentzia-tzat, nire gurasoek ere ezagutzen zutelako. Gurasoek zer egiten ari nintzen ulertzea nahi nuen”.

Esperientzia haren ondoren eratutako beste bilduma batean (La Tallerren bertan aurkeztutakoa hau ere), azulejoak erabili zituen materialtzat otzara handi bat egiteko. Urduliztarrak dioenez, “horren arrazoia Portugalera egindako bidaia bat izan zen. Izan ere, bertan azulejoak asko erabiltzen dituzte, bai barruan eta bai kanpoan”.

Arteak barne sentimenetan daukan eraldatze boterea da Zelaiaren lanen oinarrietako bat. Pankra Nieto

Azken urteetan egin dituen bordatuei buruz aipatu behar da, izan ere, gaztetan ikasitako gaitasun bat du eta “gustura egiten duen zerbait” da. “Lana margolan bat egitea bezalakoa da. Koloreak aukeratzen dituzun bezala koadro baterako, hariak ere aukeratu behar dituzu, modu batera edo bestera. Gogoz egin nuen zerbait izan zen eta gero hori garatzen ere jarraitu dut”. Azkenengo erakusketa honetan berriro itzuli da bere hastapenetara nolabait; alegia, oleoak egitera, hasiera batean jarraitutako bide bat berreskuratuz, Arte Ederretan zegoenean egiten baizituen. Sorkuntza lanean, arrazoi desberdinak daude, bide batetik edo bestetik joaterako orduan; “Horrelakoa izaten da materialen aukeraketa”, Zelaiaren hitzetan. 

EFEKTU APOTROPAIKOA

Sortzaileak, hortaz, ibilbide oparoa izan du azken hamarkadetan. Oleogintzarekin hasi bazen ere, gero beste material desberdin ugarirekin esperimentatu izan du. Hala ere, aldatu ez den zerbait Zelaiarentzat, bere lanen bidez bilatzen duen zerbait da: gertatzen zaizkion gauza txarrak artearen bidez eralda-tzea, hain justu. Egoera honi izen bat aurkitu zion efektu apotropaikoa zer den aurkitu zuenean eta dena gertaera baten ondoren izan zen. “Zoritxarrez gauza txar asko gertatzen dira gure inguruan eta Apotropaica erakusketa atera nuenean eskumuturra apurtu nuen eroriko baten ondoren.

Udazken hasiera bat izan zen, tailerrean sartzekoa nintzela, gehien erabiltzen nuen besoa apurtu nuen gainera. Momentu horretan zer egin pentsatzen hasi nin-tzen, hilabete ba-tzuetan ezin bainuen lanik egin. Egoera horri buelta ematekotan, pentsatu nuen artea beti erabili nuela era horretan”, berak azaltzen duenez. Hu-tsuneek, hortaz, era batekoak edo bestekoak izan, beti hauspotzen gaituzte aurrera jarraitzera. Zelaiak azpimarratzen duenez, esaterako, berari “arteak beti lagundu” dio lan horretan. “Aurrera egiteko modu bat izan da niretzat, oso lagungarria”. 

Marta Zelaiak, hala ere, apotropoika kontzeptua ez du gaitzetik urruntzeko modutzat, baizik eta kontrako egoerei buelta emateko modutzat ulertzen du. “Apotropaika erakusketa aurten egin nuen Santanderren, Patio Alexandra izeneko erakustokian eta apirilera arte egon zen ikusgai. Bertan, Elena Gonzalezekin egon nintzen elkarlanean eta berak esaten zuen bezala, gauza txarrak beti izango ditugu inguruan, modu batera edo bestera. Hauek nola hartzen edo ulertzen ditugun bizitzan zehar da efektu apotropaikoaren gakoa”.

Momentu txar horiei nola buelta eman, hain zuzen; adibidez, eskumuturra apurtu zuenean. “Kasu horretan, eskumuturra apurtuta nuela, pentsatu nuen: nola erabili hau orain? Igeltsua daukat, orduan zer egin? Bada, irudiak egin daitezke bertan. Edo nik gehiago eskultura bezala erabiltzen nuen”. Egoera honek sortzen dizkion erantzunen bilaketa lanean, efektu apotropoikoaren kon-tzeptua ezagutu zuen, ez bakarrik bere kabuz, baita erakusketa ikusi zuten ikusleen bitartez ere.

“Gai baten inguruan beti egiten dituzu ikerketak eta apotropaiko hitza agertu zen; ez nuen ezagutzen, eta jende askok ezagutzen ez duenez ere, lan bildumarako erabili nuen”. Erakusketa ikusi zutenek hitz berri bat ikasteko aukera izan zuten, behintzat. Zelaiak gehitzen duenez, “are gehiago, bi pertsona desberdin bertaratu ziren izenburua dela eta. Asko hitz egin zidaten gaiaren inguruan”. 

LAGUNTZAK

Sortzaileak urte hauetan guztietan jasotako ezagutzak eta esperientziak asko lagundu diote bere lanean. Bere hastapenetan jasotako beka ere mugarri izan zen eta, horregatik, artearen munduan sartu berriak direnei laguntzeko prest dago. Gaur egun Bizkaiko Foru Aldundiak bekak eskaintzen ditu artista gazteen sorkuntza lanean laguntzeko. Barriek izenpean, 2018. urtetik aurrera, artista hasiberriek sortzaile bermatu baten babesa daukate bere lehenengo erakusketetan. Marta Zelaia lehena izan zen aldundiak eskainitako programaren barruan bere babesa eskaintzen.

Bere hitzetan, “Alicia Fernandezek bultzatuta, proiektu berri bat jarri zen martxan. Lehen bekadunak izan ginenok hasten zeudenekin batera, erakusketak egiten hasi ginen eta ni izan nintzen proiektu horretan parte hartu zuen lehena”. Erakusketa hauek Errekalden egiten dituzte gaur egun. Urduzliztarrak dioenaren arabera, berak bere garaian bizitakoa gaur egungo sortzaileen egoerarekin konparatuz, lan egiteko erraztasunean nabaritzen du alderik handiena.

“Gaur egun lan asko egiten dute elkarrekin, talde lan gehiago dago. Lehen lana bakarka egitekoa zen gehiago, eta alde horretatik inbidia pixka bat bai ematen didate. Gustukoa dut bikoteka sortzaileak lanean ikustea, egiten dutela egiten dutela ere: bai film laburrak, bai arte plastikoak, eta abar”.