Hitz batek definitu beharko balu Argiñe Ceballos Gelozaga hitz hori “sortzailea” litzateke. Arte Ederretako ikasketak bukatu bezain pronto, BilbaoArten bekadun gisa hasteko aukera izan zuen bere Gradu Amaierako Lanari esker. Aurkeztutako proiektu horretan, oihal batzuk moztu zituen eta gela ilun batean egindako mozketek proiektatzen zituzten formak erakutsi zituen.
Forma horiek suge itxura zeukatela eta, momentu horretatik ez ditu narrasti horiek bere burutik atera. Haiei buruz irakurri du, eta jakin-minez haien azalari buruzko nondik-norakoak bereganatu ditu. Berak ere suge bat izan nahi du. Hori hala izatea ezinezkoa dela jakitun izanik, argazkilaritzan aurkitu du modua bere iruditeria eta errealitatea txertatzeko.
BilbaoArte izan da bere aurtengo egoitza, eta hortxe garatu du bere proiektua, zeinetan sugeak, iluntasuna, argien jokoa eta formen sorkuntza protagonista izan diren. Hilabete honetan amaituko du bere lana BilbaoArten, baina Ceballosen-tzat, jakin-minak ez du etenik, eta ikasten eta lanean jarraitzeko grinak ere ez.
Esperimentazioa oinarri
“Disziplina guztiak ditut gustuko, baina benetan gustatzen zaidana esperimentatzea da”, aitortu du bizkaitarrak. Artistak era oso naturalean azaltzen du bere obraren eraikuntza: “Ez dago nahi zehatzik, ez dago egitasmo finkorik”. Prozesuan zehar sortutakoak esaten dio zein den hurrengo urratsa: “Nire disziplina argazkilaritza da, eta horretan zentratu naiz, baina argazkietan nire elementu propioak ere badaude”.
Oihalekin lan eginez, suge baten larruazala simulatzen zuen sare moduko bat sortu zuen. Azal horiekin bere argazkietako protagonistak jantzi eta inguru naturaletan egin ditu argazkiak, hala nola, mendian edo uretan. Bere suge propioak ez ezik, argazkietan berak sortutako azal horiek sortzen dituzten formak ere agertzen dira. Adibidez, uretan forma zehatzak aurkitu ditu Ceballosek argazkia iluntasunean atera eta gero argitzearen bidez.
Artistari ez zaizkio etiketak gusta-tzen, eta ez du bere burua argazkilari bezala definitzen, nahiz eta bere obraren oinarria argazkiak izan. Modu profesionalean ez denez argazkilaritzan aritzen, ez du izen hori erabili nahi. Gainera, disziplina askotan eroso sentitzen dela azpimarratu du.
Hala ere, BilbaoArten emandako hilabeteetan lortu du bere bidea nondik joango den argitzea, eta zer nahi duen jakitea: “Kontakizun bat idatzi nuen non aldagarri batekin egiten nuen topo eta nire gorputza janzten nuen suge bat bilakatzeko”. Hori da bere obraren bidez erakutsi nahi duena: “Ezin naiz bihurtu nahi dudan horretan”. Hala, dioenez, argazkiekin momentu zehatz batean lortzen du suge bilakatzea.
“Objektuak sortzen ditut argazkiak ateratzeko, eta argazkietatik ere objektuak lortzen ditut”, dio Argiñe Ceballosek. Bere lan-prozesua beti izan da horrela. “Nik objektu bat sortzen dudanean, eskultura bat, adibidez, eskulturak berak esaten dit objektu gisa funtzionatu ahal duen edo argazki baten parte izateko sortu dudan”, argitzen du Ceballosek.
Argazkilaritza eta eskultura ez ezik, sugeen imajinarioak erronka ugaritara eraman du Ceballos; adibidez, kontakizun bat sortzera. Sugeen istorioa hasi zenean, irakurri zuen sugeek azala aldatzen dutenean, etapa bat atzean uzten dutela. Oihalen bidez sortutako jantziek -sugeen azala simulatzen dutenak- atzean uzten dituen etapen esanahia dute oinarrian.
Ugaoko artistak bideogintzan ere esperientzia du, baina BilbaoArten ez du oraindik hori landu: “Lan-prozesu luzea da eta beste pertsonen laguntza behar dut”. Erosotasuna ez da Argiñe Ceballosen prozesua definitzen duen hitza. Eskulturarekin, esaterako, bere buruari erronka bat jarri nahi zion, deseroso sentiaraziz. Bideogintzarekin, ostera, sortutako kontakizuna irudikatzea da lortu nahi duena: bideo forma hartuta eta momenturen baten berak sortutako iruditegi baten bidez hitzekin azaltzea lortu duena irudiekin aurkeztuta.
Garapen espazioa
Arte Ederren ikasketak bukatu bezain pronto hasi zen BilbaoArten lanean, eta salto handia izan zela gogoratzen du: “Lehen aldia zen nik bakarrik lan egiten nuena”.
Erresidentzia artistikoa amaituko du laster, baina ez da bukatu, ordea, BilbaoArten hasi duen proiektua: “Prozesuaren momentu hau oso interesgarria da, eta landu egin nahi dut, lan egiten dudan bitartean nire lanak eskaintzen dizkidan berrikuntza guztiak ikertzen ditut. Proiektu hau ez da momentu honetan bakarrik egingo dudan zerbait, proiektu honek denbora luzez aurrera egingo du”.
Bukatu baino lehen, benetako sugeei argazkiak aterako dizkie Ceballosek, eta ekainean BilbaoArtek antolatzen duen bekadunen erakusketan bere pieza bat jarriko du ikusgai. Ekaina amaieran, gainera, sugekari bilakatu duen estudioen ateak irekiko ditu barruan garatu duen proiektu guztia erakutsi ahal izateko.