Trapa, pop-punka, bachata, hyperpopa... eta beste hainbat estilo uztartzen dituen Zilibito Records kolektiboak jaso du aurtengo Gaztea Maketa Lehiaketako sari nagusia, epaimahaiak horrela erabakita. Bestalde, Enbata Lorade, Itzek eta Gabinet taldeak izan dira gainontzeko finalistak. Iazko irailean hasi ziren elkartzen Zilibito Records kolektiboko kideak, eta ekainean Hastapenak izeneko lehen lan luzea argitaratu zuten. Berriz abestiarekin, ostera, euskal musika talde gazteak hauspotzea helburu duen maketa lehiaketa irabazi berri dute, “espero gabeko” saria eskuratuta, Ekain Telletxea elkarteko kideak azaldu duenez. Lehiaketaren bultzadarekin Euskal Herriko plaza ezberdinetan eta jendearen aurrean kontzertuak eskaintzea dute helburu.
Espero al zenuten Julen Idigorasek, Lorea Argaratek eta Josune Arakistainek osatutako epaimahaiak zuen lana irabazle bezala aukeratzea?
Ez genuen batere espero. Azken unean izena eman genuen lehiaketan, in extremis. Hala ere, finalera iritsi ginen, eta finalean parte har-tzea irabaztea bezalakoa izan zen gure-tzat. Ez sinistekoa izan zen dena. Gure izena esan zutenean adrenalina da sentitu genuena. Asko motibatu ginen, egia esan. Epaileek gure proiektuaren aldeko apustua egin zuten, gure proiektuarengan sinetsi zuten saria ematerakoan.
Zein helbururekin eman zenuten izena lehiaketan?
Probatzeko parte hartu genuen, inongo helbururik gabe. Gainera, azken egunean bidali genuen lana, eta arazoak izan genituen hori bidaltzeko. Jendeak gure kantuaz uste zuena jakin nahi genuen, besterik gabe. Ezer espero gabe izena eman genuen.
Lortutakoari buruzko nolako balorazioa egiten duzue?
Zuzeneko txukuna daukagula uste dut, eta gure abestiak nahiko itsasgarriak izan daitezkeela iruditzen zait. Baliteke horregatik irabazi izana. Ez dakit zergatik, baina garran-tzitsua da saria lortu izana, horren bultzadarekin, orain, sortzen jarraitzeko aukera daukagulako. Sari hau proiektuarentzako beste bultzada bat da. Ilusio handia daukagu.
Oarsoaldetik kanpo kontzertu bat eskaintzen zenuten lehenengo aldia zen Gaztea Maketa Lehiaketako finala. Zelan kontrolatu zenituzten urduritasunak?
Oiartzunen edo inguruetan eskaini ditugu kontzertuak, baina Oarsoaldetik ateratzen ginen lehenengo aldia izan zen, eta, gainera, Bizkaian jo genuen. Taldeekideak urduri xamar zeuden, baina ni normalean ez naiz urduri jartzen kontzertuetan. Lagunak hurbil izanez gero, lasai aritzen naiz, beraientzat ari naizela sinisten dudalako. Hala ere, lehiaketan tentsio uneak ere egon ziren, ondo egiteko ardura geneukalako guztiok.
Zelan ikusi zenituzten beste finalistak?
Egia esan, beste taldeen kontzertuak ez genituen osorik ikusi, gure emanaldiaren ostean kanpoan geundelako, esperoan. Hala ere, guztietatik zertxobait ikusi ahal izan genuen, eta saria irabazteak harritu eta poztu egin gintuen, beste taldeen maila ere oso ona zelako. Beste taldeak oso onak ziren, oso jatorrak, maila ona zuten eta denetariko proposamenak taularatu zituzten.
Zilibito Records osatzen duzuen kolektiboari dagokionez, noiz hasi zineten elkartzen eta musika sortzen?
Berez, kuadrillakoak gara denak, eta bi lagunek podcast bat sortzeko ideia izan zuten hasieran. Azkenean, baina, beste lagun batek abesti bat grabatzearen eta talde bat sortzearen ideia izan zuen. Kuadrillako batzuek baietz erantzun genion, eta hortik abiatu zen proiektua. Iazko irailean hasi ginen batzen eta sortzen, gauza ezberdinak probatzen, baina taldea beranduago finkatu zen. Hasieran probatzea zen asmoa, gauzak zelan egin ziren ikustea eta ikastea, eta, plataformetan izena eman genuenerako abendua ailegatu zen. Hasieran mikrofonoak erosi genituen, nahiko xumeak egia esan, eta etxean zein inguruko talde eta lagunen estudioetan abestiak grabatzen aritu ginen. Ondorioz, lehenengo abestiak soinu aldetik ez ziren oso onak izan. Gero, abesti batzuk amaituta genituenean, soinu hobea lortzen saiatzen ginen, lanketa sakonagoa egiten. Orain, ekipo berria eta hobea erostea da gure asmoa.
Probatzearen emaitza izan zen ekainean aurkeztu zenuten ‘Hastapenak’ izeneko lana.
Apirilean aurkeztu behar genuen, baina luzatu egin genuen aurkezpena. Album dezente bat atera nahi genuen, eta ekainera arte luzatu genuen sor-tze prozesua. Ordutik, abestiak sor-tzen jarraitu dugu, ez dugu etenik izan, eta orain, lan berri bat aurkezteko asmoa ere badugu, profesionalagoa eta kalitate handiagokoa.
Trapa, pop-punka, hyperpopa... Denetariko estiloak nahasten dituzue zuen lanetan. Denetariko soinuak entzun daitezke.
Gure musikak daukan errazena da ekoizleek oinarri bat sortzen dutenean guk ez daukagula genero horretan esanguratsuak diren musika instrumentuak jotzen jakin beharrik. Hala, gustatzen zaizkigun generoen oinarriak bilatzen eta kantuak sor-tzen aritzen gara. Hyperpopa edota bachata, esaterako, euskal musikan horrenbeste entzuten ez diren generoak dira, eta gu horietan murgilduta ere bagiltza. Erabateko askatasuna daukagu genero horietan ibiltzeko, eta kolektiboko bakoitzak gustuko duen estilo hori aukeratzen du sortzeko.
Taldekideak • Aner Orbagozo • Ander Goenaga • Eñaut Arbelaitz • Jurgi Arbelaitz • Ekain Telletxea. • Xabi Bergaretxe • Manes Mitxelena • Mattin Mata
Zelakoa da kolektiboko kideen sortze prozesua?
Abestien oinarriak edo baseak sor-tzen dizkiguten bi ekoizle ditugu, eta gero, guk, oinarri horiek ardatz hartuta, sortu, inprobisatu eta letrak zehazten ditugu. Letrak eta melodiak sortzen ditugu. Taldekide bakoitzak bere sorkuntza prozesua dauka, eta gero sortutakoak taldean entzuten ditugu, denon artean erabakitzeko horiekin zer egin: aurrera edo atzera. Abestietan, letrak zaintzen saiatzen gara, baina aurrerantzean lan horretan sakondu behar dugula uste dut.
Kolektibo izaera daukan taldea zarete. Nola uztartzen duzue hori?
Kolektibo bat gara, eta norberak nahi duena egin dezake. Talde modura sortzen eta argitaratzen dugunaren ardura badaukagu, baina kolektiboa garenez, bakoitzak nahi duena sortu eta publikatu dezake.
Hori horrela, taldekide bakoitzak bere musika erreferente propioak izango ditu. Baina zeintzuek batzen zaituztete?
Euskal eszenan denetarik entzuten dugu: Bengo, Merina Gris, Hofe... bezalako taldeak gustatzen zaizkigu beste batzuen artean. Olaia Inziarte ere asko entzuten dugu, Ibil Bedi, J Martina eta beste hainbat. Genero asko entzuten ditugu, Euskal Herritik kanpokoak direnak ere bai. Denetarik entzuten dugu, gero gure proiektuan antzeman daitekeen modura. Saiatzen gara soinu ezberdinak egiten, gure soinua sortzen, baina noski, entzuten ditugun artisten erreferentzia egon badago gure lanean.
Euskaraz entzuten ez diren genero horiei euskarazko ahotsa jartzen diezue.
Oiartzungoak gara, eta euskaraz ari-tzen gara gure artean. Euskaraz bizi gara eta euskaraz sortzen dugu. Abestiren bat gazteleraz ere badaukagu, baina ia-ia dena euskaraz egiten dugu, horrela ateratzen zaigulako.
Saria irabazita, aurrera begira jartzeko momentua ere bada. 5.000 euroko saria jaso duzue, eta BBK Live jaialdian jo-tzeko aukera ere izango duzue datorren urtean.
Sekulako aukera da BBK Live-eko oholtzara igotzea, fantasia bat da guretzat. Hala ere, jaialdiko egunek gure ikasbidaiarekin bat egiten dute. Suposatzen dut ikasbidaia atzeratu beharko dugula, eta horrelako jaialdi batean jotearen alde egingo dugula. Ez dut irudikatzen zelakoa izango den kontzertua, ze eszenariotan egongo garen, zein testuingurutan, baina, BBKLive-en jotzea ja gure ibilbidean pauso garrantzitsu bat ematea da. Kontzertua eskaintzeko beste modu bat da, eta uste dut ezin dugula aukera hori galdu.
Material berria erostea ere aurreikusi duzue.
Bai. Gaztea Maketa Lehiaketako sariaren diru ekarpenarekin musika ekipo berria erosteko asmoa daukagu, daukaguna berritzekoa, alegia. Baita lokal bat berritzekoa ere, hurrengo ekoizpenak kalitate hobeagoarekin eta modu profesionalagoan sortu ahal izateko.
Eta emango dituzuen hurrengo pausoak zeintzuk izango dira?
Herri ezberdinetako jaietan kontzertuak ematea eta jendeak gure musika entzutea izango litzateke onena. Gu horrekin pozik egongo ginateke. Proiektu modura, gainera, otsailean album berri bat plazaratzeko asmoa daukagu, eta bideoklipa kaleratzekoa ere bai. Izan ere, abesti asko eta asko ditugu sortuta, baina horietatik zein-tzuk aukeratu erabaki beharko dugu, baita zeintzuk berriro grabatu eta zeintzuk zerotik landu ere. Horretan gabiltza. Gainera, lehenengoz ari gara musika instrumentuak -gitarra eta baxua- kantu batean jorratzen, eta lan berri horrekin ere oso pozik gaude. Apurka-apurka aurrerapausoak ematea gustatuko litzaiguke, bestelako esperientzietatik ikastea. Proba-tzea gustatzen zaigu, eta, Oiartzunen, musikari eta erreferente askoren laguntza dugu horretarako.