Editore eta idazle moduan ibilbide luzea duen Xabier Mendigurenek 'Oso latza izan da' liburua aurkeztu du Donostian. Azken lan horretan, Joxe Arregiren hilketa eta gero argitaratutako argazki ezagunak izan ditu abiapuntu. Hortik tiraka, Euskal Herriko historian torturak izan duen eraginaren kontaera sortu du bai Arregiren historiaz baliatuz, eta baita Bixente Ameztoi eta Juan Kruz Unzurrunzagaren istorioak liburuan txertatuz.

Euskal Herriko tortura kasu ezagunenaren kontakizuna egiten duzu ‘Oso latza izan da’ liburuan. Noraino dauka kronikatik, eta noraino literaturatik?

Espero dut literatura izatea eta, aldi berean, kronika ere izatea. Lagun batek irakurri zuen eta esan zidan kronika literario moduan definitu daitekela, kontatzen dena benetako gertakariak direlako, baina estiloa, aldiz, literarioa dela. Ez dut historialariaren jarrera izan, eta hizkera ere ez da kazetariarena.

"Kazetari batek dena jakin nahi du, eta nik, nahita, gauza batzuk alde batera utzi ditut"

Zertan antzeman ahalko du irakurleak hizkera berezi hori?

Zati bat prosa estandar batean dago idatzita, baina beste zati batzuk, berriz, prosa poetikoagoan daude idatzita, asmo literario batekin idatzita, alegia. Gainera, kazetari batek dena jakin nahi du, eta nik, nahita, gauza batzuk alde batera utzi ditut. Idazlearen begirada da “hau kontatuko dut eta hau ez” esatea; kazetari batek, ostera, dena kontatu behar du. Nik alde batera utzi ditut gauza batzuk ez zirelako garrantzitsuak niretzat.

Kontakizunean fikziozko pasarteak al daude?

Ez dut fikziozko pasarte askorik sartu. Nire burua lotu dut alde horretatik, ez ditut elkarrizketak asmatu. Hartu ditudan askatasunak pertsonaien motibazioei buruzko gogoetak edo profil psikologikoak izan dira gehienbat, edota inguru soziologikoaren hipotesiak.

Arregiri Zizurkilgo hilerrian egindako argazkiak izan dira istorioaren abiapuntua, ezta?

Bai. Kontakizunean horiek dira liburuaren hasiera eta baita amaiera ere, atzera egiten dudalako. Gainera, nire abiapuntua ere izan dira, argazkiek beraiek eman zidatelako pista zelan idatzi jakiteko: alde batetik, Arregiren atxiloketa eta torturak, eta heriotza eta berpizte sinboliko hori argazkiekin kontatzen dudalako; eta, beste alde batetik, argazki saio horretan, gorpua hilobitik atera zutenen deskubrimenduan ibili naizelako.

Haien artean, Bixente Ameztoi eta Juan Kruz Unzurrunzaga kokatu di-tzakegu. 

Bai. Liburuan zehar, Arregiren azkeneko egunak kontatzearekin batera, paraleloan, Ameztoi eta Unzurrunzagaren bizitzak kontatu ditut.

"Euskaldunoi memorian torturen sinbolo bezala geratu zaigun esaldia da"

Joxe Arregiren hitzak erabili dituzu liburuari izenburu bat bilatzeko.

Ezagunak dira bai hitzok. Bera hilzorian zegoela, komisariatik eraman zuten Carabancheleko kartzelako ospitalera. Han, medikuek ez zioten kasu handirik egin baina zeuden hiru presopolitikoek jaramon egin zioten. Liburuan agertzen dira hiru pertsona horien izenak eta afiliazioak. Hiru horiek karta bat egin zuten “oso latza izan da” esaldia jasota, eta moldatu ziren kartzelatik ahalik eta lasterren ateratzeko. Gutuna argitaratu zuten prentsan eta haiei esker dakigu nolakoak izan ziren Arregiren azken orduak. Euskaldunoi memorian torturen sinbolo bezala geratu zaigun esaldia da.

Arregiren hilketa dokumentatua izan da aurretik, zelan deskribatuko zenuke liburu honek dakarren berritasuna?

Batetik, ahalegin literario bat dago. Nobela batek kontatzen du lehenik ezaguna zen zerbait baina beste modu batean, eta hori izaten da nobelistaren ekarpena, eta espero dut alde horretatik zerbait egotea. Beste alde batetik, argazkien historiari buruz, behin kontatu da zerbait, Unzurrunzagak kontatu zuena hil baino lehenago, baina nik gehiago jakin ahal izan dut; adibidez, argazki horiek nortzuk atera zituzten jakin dut, eta haiekin hitz egin ahal izan dut. Nik egin dudan collage hori liburuan aurkitu daiteke.

Orduan, zure ustetan, badago oraindik gai honetan sakontzeko beharra?

Euskal Herrian bizi garenok badakigu tortura existitu izan dela, baina kontakizun ofiziala da normaltasun demokratiko batean salbuespeneko tortura kasu batzuk egon direla. Nik uste dut argi eta garbi esan behar dela egia beste bat dela: eta egia da borroka armatua existitu den bitartean, tortura sistematikoa izan dela, eta erakunde armatuekin zerikusia duela. Hau dakigula, salbuespenaren teoria ez da egia.

Sistemak, batzuetan, tortura kasuak aurrera eraman dituenean, akatsak egin ditu, eta akats horiek izan dira salbuespenekoak, bistan utzi dutelako tortura existitu egin dela. Asko izan dira tortura kasuak: ezagutzen ditugunak eta ezagutzen ez ditugunak. Tortura sistematikoa izan dela ukatzen den bitartean, ezingo da memoria konpartitu bat sortu, eta horrela ez da egongo ez egiarik, ez justiziarik, ez erreparaziorik. Zoritxarrez, ez da aitortu nahi tortura modu sistematikoan praktikatu dela, eta hori esan egin behar da. Nik besterik gabe, liburu bat idatzi dut, ez daukat ardura politikorik, baina hau esan behar da.