Pantailari begira, edo pantailan agertu
‘Mandamentu hipermodernoak’ Iñigo Martínez Peñaren lehenengo saiakera liburua izan zen eta oraingoan pantailak izan ditu aztergai. ‘Pantailen garaipena’ lehenengoaren jarraipena izan ez arren, gaur egungo gizartea izan du ardatz
Gasteizen jaiota, Iñigo Martínez Peña filosofoak 2021ean argitaratu zuen bere lehenengo liburua, Mandamentu hipermodernoak. Bertan, gure gizartearen jatorriari buruz gogoetak egiten zituen. Bere hitzetan, 2021eko liburu horretan gure garaia ulertzen ahalegindu zen, egungo bizimodua deskribatzen. Belaunaldien arteko ezberdintasunei buruzko galderak egin zizkion bere buruari Martínezek, eta Eztabaida izeneko bildumaren barruan Elkar argitaletxeak argitaratu zuen liburua. Bi urte geroago, filosofoaren kuriositateak ez du etenik, eta kolekzio berdinaren barruan jarraitu du bere buruari galderak egiten, kasu honetan, pantailei buruz.
Pantailen garaipena saiakera liburua bere bigarren argitalpena izan da eta berriz ere, Elkarren eskutik heldu zaigu irakurleoi. Honetan, berriz ere gizartea izan da eztabaidagai, baina zentzumenak piztera gonbidatuz: gizarteak usain txarra baitu. Bizi garen denboran, pantailak ditugu edonon, eta horrela egituratu du Martínezek liburua. Kapitulu bakoitzean, bere bizipen batek piztuko du pantailen presentziaren inguruko hausnarketa. Bere semea izan du bidelagun batzuetan, eta besteetan, medikua den lagun bat, adibidez.
Bi liburu ezberdin, baina bien arteko lotura. Esan genezake idazlearentzat mandamentu “hipermoderno” bat dela pantailen garaipena. Martínezen ustez, mandamentu horrek bi bide ditu: pantailari begira egon edo horretan agertu. Ez dago beste aukerarik. Mandamentu hipermodernoak saiakeran gure gizarteak kondenatzen gaituen kuantifikazioa izan zen abiapuntua: datuak, beti gure buruaren kontra lehia, hazkunde etengabearen ideia, autoesplotazioa… Pantailen garaipena-ren kasuan, berriz ere zenbakiak: “Zerbait ikusteko gogotik den-dena ikusteko exijentziara igaro gara: horretan datza begiradaren totalitarismoa”.
Martínezek “irudiaren totalitarismoa” izena jarri dio fenomeno zehatz bati: ez dena ikusten ez da existitzen. Gainera, sektore ezberdinak txertatu ditu liburuan zehar deskribatzen (eta sakontzen) duen fenomenoan: zientziak “dena ikusi” nahi du, unibertsoaren azken bazterraren bila ari da, politikak “denok ikusgai” nahi gaitu, eta komunikabideek “dena ikuskizun” bilakatu nahi dute. Hiru erpin horiek, ikusi, ikusgai eta ikuskizun, osatzen dute ideologia berria. Egoera guztietan bezala, badaude katastrofe posibleak. Honetan, bi dira nagusi: sekula begiratuak ez izan eta une oro begiratuak izan. Eta berriz, zifrak, “zifra anonimoak gara”. Eta berriz, datuak, “begirada algoritmiko eta matematiko batek jarraitzen gaitu”.
Pentsa genezake aurrerapen teknologikoen kontrako alegatua egiten ari dela egilea, baina ez da horrela. Pantailek eta horien erabilera ugariek biltzen dute paradigma berbera, eta horretaz arituko da: “irudiaren eta begiradaren gizartearen mendekotasuna”.
Kritika bai, baina nostalgiarik gabe
Gauzak zuriak eta beltzak ez direla dio Martínezek. Medikuntza jarri du adibide positibo bezala. Horretan pantailek ekarritako abantailei buruz hitz egin du. Kritikotasunez aritzeko beharra azpimarratu du idazleak, eta nabarmendu du liburua ez dela ideologikoa, “ikerketatxo filosofikoa” baizik. Olatz Mitxelenak idatzi du liburuaren hitzaurrea eta liburuan aurreko garaietara itzultzeko gogorik ez dagoela dio. Idazlearen hitzetan, kontua ez da “irakurketa nostalgiko bat egitea”. Aurreko garaietan paradisurik ez dagoela dio, eta nahiz eta era kritiko baten aztertu ahal dugun gure garaia, nora itzuli ez dagoela argi dauka.
Tokatu zaiguna ulertzeko saiakera da Pantailen garaipena, “bizitza bizigarriago baten alde egitea, garaiko inertzia batzuk zalantzan jartzea” irakurketaren gakoa dela dio Martínezek. Zalantzan jarriko ditugu era askotariko pantailak: bideobigilantzia kameren pantailak, eskanerren pantailak, mugikorrenak… Ispiluaren funtzionamendua zalantzan jartzera ere ausartu da eta pantaila baten funtzionamenduarekin alegoria bat egin du. Kontua da datuak harrapatzea, pilatzea, eta horiekin “kapitalismo digitala” gero eta gehiago handiagotzea.
Horregatik idazleak gure eguneroko bizitzaren zenbait egoera hartu ditu adibide moduan. Lo egiten dugunean, pantaila batek ematen dizkigu gure loaren inguruko datuak. Berdina gertatzen da eskolan, aisialdian, edota lanean. Industria digitalak gure arreta bizitzaren esparru guztietan bereganatu nahi ditu datuak, 24 orduz bada hobe.
Eta gazteak, zer?
Idazlea izateaz aparte, batxilergoko irakaslea da Martínez. Gertuko harremana du gazteekin, eta ezaguna da hauen eta pantailen arteko harremanaren inguruko eztabaida. TikTok, sare sozialak, mugikorrarekiko menpekotasuna… Etorkizuna aurreikusi ezin den honetan, idazleak ez die gazteei pantailen kontrako sermoirik bota nahi, lehenengo eta behin “horrek ez duelako ezertarako balio”. Beste kontu bat izango litzateke pantailen aurrean gehiegi egoteak haiengan eragindako bakardade sentsazioa, antsietatea edo gizarte superfizialago baten eraikuntza prozesuaren barruan egotea. Liburuaren xedea bizimodu digitalak eragiten duen sufrimendua aztertzea da, mandamentu “hipermoderno” honek ekarri ahal digunari buruz hausnartzea: “Elkarrekin pentsatzeko horrelako espazioak zabaldu nahiko nituzke. Liburuak hori eragiten badu, gaitz erdi!”