Oteiza museoa ikustera abiatu gara. Egia esan eraikina argazkietatik ezagutzen nuen eta bertaratzean honekiko nuen iritzia guztiz aldatu zait. Francisco Saenz de Oiza eta Jorge Oteiza elkarrizketan, bakoitzaren ezaugarriak bateratzen dituen eraikina da. Oteizaren eta arkitekturaren arteko harremana eraikin esanguratsuetan izan zuen esku-hartzetik haratago doa, eta arkitektoak asko elikatu dira bere hausnarketa eta teorietatik.
Saenz de Oiza Kasedan jaiotako arkitekto esanguratsua izan zen. Askok arkitektura modernoaren maisutzat zuten eta Iberiar penintsulako hainbat arkitektorengan eragin handia izan zuen. Madrilgo Arkitektura Eskolan diplomatu zen eta bi urtez Estatu Batuetan ikasketak jorratzeko aukera izan zuen. Madrilgo Eskolan irakasle eta zuzendari izan zen. Bere lanen artean ezagunenak dira Arantzazuko santutegia (Oñati), Torres Blancas eraikina (Madril), Bilboko Bankuaren Dorrea (Madril) eta orrialde honetan ikus daitekeen eraikina, Altzuzan.
Oteiza museoak eskultore eta artista estimatuaren bilduma pertsonala jasotzen du. 1992an Nafarroako herriari dohaintzan emandako bildumak 1.700 eskultura eta klarionazko 2.000 pieza ditu, marrazki eta collage sorta zabal batekin batera. Museoa 2003an inauguratu zen eta Saenz de Oiza arkitektoaren obra da. Hormigoi tindatuzko kubo bat proiektatu zuen, Oteizak birsortutako espazio metafisikoaren metafora baten antzera.
Museoan bi bolumen bereizten dira. Alde batetik, Oteizaren tailerra izan zen etxea dago eta bestetik Oizak planteatzen duen kuboa. Azken hau Oteizaren tailerra izan zen baserrira atxikitzen zaio, bien arteko elkarlan egokia agerikoa izanik. Bi egitura arkitektoniko horien arteko lotura arkitektonikoa modu harmoniatsuan gertatzen da.
Etxebizitzaren fatxada eta barrualdea zeuden moduan mantendu dira, Oteiza herri honetan bizi izan zeneko urteen lekukotasun gisa.
Bertaratzean kuboaren aurrealdeak erakusten duen zurruntasun sentsazioa guztiz desitxuratzen da atzealdetik edota barruan gaudenean. Arkitektoak honela definitzen du hasierako helburua: “ez da eskultura bat egin behar eskulturak gordetzeko, hori kontraesana izan bailitzateke. Eraikina zenbat eta bakunagoa eta sinpleagoa izan gero eta monumentalagoak izango dira barruan dauden eskulturak”. Arkitektura monumentalari uko egiteko ideiak bultzatu zuen arkitektoa eraikin hau beste era batera planteatzera. Kuboaren eskalak aldiz kontrakoa erakusten du.
Berak utzitako idatziek adierazten dute eraikinarekin “ohiko tenplu erlijiosoa iraultzea” bilatu zuela. Idazki horretan honakoa ere gehitzen du, “Elizan, beirateek argitzen dute erdiko nabea, argizulo txikiagoek argitzen dituzte, ordea, alboko nabeak. Horrenbestez, argiztapen trinkoena nora, garrantzi erlijioso handiagoa hara, horregatik jartzen da aldare nagusia sortaldera begira. Nik hain justu ere kontrakoa egin nahi izan dut: argiztapen nagusia alboetatik hartuko duen tenplu profanoa; erdialdea kontrargiaz argituko dena; era horretara alde hori iluna eta misteriotsua izango da. Ideia hori bat dator Oteizak Aran-tzazun landu zuen tunelaren oroitzapenarekin: ez oso argia, baina misterio xarmangarria zuena”. Aipatutako intentzioak guztiz betetzen ez direlakoan nago.
Sarrera eraikin zaharretik egiten da. Nahiz eta jakitun ez izan, hasieratik hasten gara obraz gozatzen. Pasabidearen bitartez iritsiko gara Oizaren eskulturan sartzen. Kubo barrenean gaudenean elementu batzuk ez dira ulertzen eta horrek eraikinaren potentzialtasuna handitzen du. Eskala desberdinetako espazioez eratuta dago museoa, sekuentzian elkarrekin erlazionatuta daudelarik. Sekuentzia horretan erdikoa da gune nagusia, bertan aurkitzen delarik aipatutako erakusketa interesgarria. Ustezko misterioz betetako erdiko gunearen arabera, egituratzen dira gainontzeko areto guztiak, eta bertan daude Oteizaren obrak.
Leiho horizontaletatik sartzen den argiak espazioaren adierazpen espiritual eta metafisikoarekin bat datoz. Sabaiko argi-zuloek aldiz beste espazioetan lortzen den misterio sentsazioarekin apurtzen dute, eta pena da. Nahiz eta arkitektoak nahi ez izan, eskultura baten barrenean izan gara. Eta obra baten funtzioa betetzen du eraikinak; galdera eta jakin-min berriak sorrarazi dizkit. Zerbait gehiago eskatu diezaieket Olentzerori eta Mari Domingiri?