Assata Shakur (New York, AEB, 1946), jaiotzez Joanne Chesimard, estatubatuar iraultzaile antiarrazista da. Black Liberation Army-ko (Beltzen Askapenaren aldeko Armada, BLA) kidea, eta baita Pantera Beltzen alderdikidea ere. 1973an atxilotu zuten, hilketa saiakera leporatuta, baina sei urte beranduago espetxetik ihes egitea lortu zuen. Kuban hartu zuen babes errefuxiatu politiko gisa, eta gaur egun ere, AEBk bere buruagatik diru-saria eskaintzen segitzen du, bertako terrorista bilatuenen artean baitago. 1988. urtean kaleratu zuen bere bizipenak bilduko zituen lan-autobiografikoa: haurtzaroa, jardun politikoa, gogoetak, harremanak, poemak... Berriki euskaraz kaleratu du lan hori bera Katakrak argitaletxeak, Danele Sarriugarteren itzulpenarekin.

Euskaraz argitaratutako edizioak, Angela Davisen eta Joseba Sarrionandiaren hitzaurreak ditu. Lehenaren hitzartzea jatorrizkoan ere badago, izan ere, hainbat loturak zeharkatzen zituzten Davis eta Shakur. Borroka berean jardun zuten biek, eta Davisek bildu egiten ditu Shakurren urteetako aktibismoa eta egoera-politikoa. Bestetik, Sarrionandiaren ekarpena ez da kasualitate. Elkar ezagutzeko aukera izan zuten Kuban Sarrik eta Shakurrek, eta ari buruzko testuinguratzea jasotzen du liburuaren lehen orrialdeetan: esklabutza, BLA, borrokalariaren bizitza, ihesaldia… 

Sarriugarte estimatua dago emandako aukeragatik. Aitortu du aurkeztu zuten egunean zirrara handia izan zuela eta orduak emango lituzkeela liburuaz eta idazleaz mintzatzen. Hori dela eta biziki gomendatu du hura irakurtzea, istorio "indartsua bezain gogorra" delakoan.

Nola heldu zitzaizun Assata Shakurren autobiografia itzultzeko aukera?

Katakrak argitaletxekoek proposatu zidaten itzulpena egitea. Nik haiekin itzulpen batzuk egin ditut jada. Azken bizpahiru urteetan, urtero bat, behintzat, esango nuke. Iaz editoreak komentatu zidan Assata Shakurren autobiografia zutela itzultzeko eta eskaini zidatenean poz handiz hartu nuen. Izan ere, irakurrita neukan liburua eta bere figura bera deigarria iruditu zitzaidan. Beraz, oso lan emozionantea izan da obra hau euskaratzea.

Ezagun zenuen, beraz. Dokumentazio lan handirik suposatu al dizu?

Egia esan, ez dut egin dokumentazio lan handirik edo orokorrik. Arazoak sortzen direnean, bada, agian erakunde jakin bat ez dakizunean zein den, edo hizkuntzari lotutako zalantza sortzen zaizunean, esapideren batekin, bai. Orduan noski egin dudala. Egia da nik Angela Davisen 'Emakumeak, arraza eta klasea' (Elkar, 2016) ere itzuli nuela eta, gainera, bere garaian AEBetan ere bizi izan nintzela. Beraz, ez da gutxien ezagutzen dudan mugimendua. Beste batzuk gutxiago ezagutzen ditut, baina Pantera Beltzen inguruan eta beltzen askapen mugimenduaren inguruan gehixeago irakurri dut.

Gaiak harrapatuta zaitu, orduan?

Egia da pertsonalki bai interesatzen zaidala mugimendu antiarrazista. Alde horretatik bai saiatu naizela asko irakurtzen horren inguruan. Hala ere, Shakurren historia pasa den mendearen amaieran eta AEBtan kokatuta dago, eta ni kezkatuago nago zehazki gure inguruan eta orain gertatzen ari denarekin. Baina soka bat egon badago mugimendu antiarrazistan, gaur egungoaren eta aurrekoaren artean. Pentsatzeko asko eman dit, hala ere, itzulitako lanak, baina ez bereziki orain itzuli dudalako, baizik eta lehenagotik dudalako gaiaren inguruko kezka.

Liburua aurretik ere gazteleraz irakurtzerik bazegoen. Hala ere, euskaratzea erabaki du Katakrakek. Zer ekarpen egiten dio euskal komunitateari Shakurren lanak?

Nik uste dut gauza askorengatik egin diezaiokeela ekarpena gure komunitateari. Agian, garrantzitsuenetako bat izan daiteke Euskal Herrian ere egon dela erresistentzia armatuko mugimendu bat. Hemen ere izan dira preso politikoak, are, badira oraindik. Era berean, oso interesgarriak izan daitezke erakunde politikoei edota klandestinitateari buruz egiten dituen hausnarketak eta autokritikak. Gainera, garai baten erradiografia egiten du, eta hori beti da ekarpen bat baita ere.

Eta bitxikeria gisa-edo, Joseba Sarrionandiaren hitzaurrea dauka liburuak, Sarrik pertsonalki ezagutu baitzuen. Izan ere, biak erbesteratu ziren Kubara. Beraz, hori ere badu euskarazko bertsioak, beste itzulpenek ez dutena.

Autobiografia izanik, zer topatuko du irakurleak?

Autobiografia bat da, baina Hedoik [Hedoi Etxarte, editorea] aurkezpenean aipatu zuen, eta ni oso ados nago horrekin, kasik nobela baten modura irakur daitekeela. Esan nahi dut, pertsona baten alderdi pilo bat agertzen dira: bere haurtzaroko oroitzapenak, bere pentsamenduak, bere gai batzuei buruzko kezkak, azaltzen da halaber, nola hazten den pertsona bezala, eta era berean, nola iritsi zen izatera gaur dena, nola hartu zuten atxilo…

Azken hori liburuaren hasieran ageri da: atxiloketa eta espetxealdia txandakatzen dira bere ume garaiko pasarteekin. Orduan ikusten da umea, baina aldi berean, badakigu heldutakoan, emakume denean, zer gertatzen zaion. Oso interesgarria da ikustea nola bere kontzientzia politikoa garatzen doan, eta gainera garaiarekin bat doala. Adibidez, bera oraindik nerabea denean, eskubideen mugimendu zibila indarra hartzen ari da, edo kontatzen du Martin Luther King hiltzen dutenean nola eragiten dion… Gauza mordo bat gertatzen dira, eta zentzu batean, hortaz, lekukotasun bat topatzen dugu, modu pertsonalean. Hala ere, talde militante baten garapen kolektibo horren berri ere badugu nolabait.

Shakurren euskarazko autobiografia liburu-dendetan dago eskuragarri jada.

Shakurren euskarazko autobiografia liburu-dendetan dago eskuragarri jada. Katakrak

Izaera politiko hori ez ezik, ukitu pertsonalagoa duten pasarteak ere badira?

Amarekin zuen harremana ere ageri da, esaterako. Amak bakarrik izan zituen Assata eta bera ahizpa, eta oso esanguratsua da hori ere. Kontatzen du nola borrokatzen diren edo bere aitona-amonak aipatzen ditu… Adibidez, hor azaltzen du bere aitonak eta amonak nola bizi izan duten arrazakeria, eta berak une horretan nola bizi duen. Bera gaztea zenean haserre eta amorruz bizi zuen, baina denborarekin badoa ulertuz nola kokatu diren eta zer erabaki hartu duten bere senideek.

Kontatzen du bere izebarekin izandako harremana ere bai, eta ez da kasualitatea nik uste, azken finean, garrantzitsua da beretzat izebaren figura hori, kulturzalea dena eta kasu honetan bere abokatua ere badena. Izebak ate eta mundu asko zabaltzen dizkio… Eta hiriaren beraren, New Yorken, eraldaketa ikusten dugu liburuan. Horiek guztiak eta gehiago agertzen zaizkigu. Gainera ez da kapitulu bat honi buruz, hurrengoa besteari buruz, ez. Dena doa pixka bat batera. Azkenean, gauzak ez dira gertatzen aparte, konpartimentu itxietan, baizik eta dena batera. Izebarena, adibidez: abokatu izan zuen, beraz lotzen dira haien senide-harremana eta harreman militante eta profesionala.

Autobiografia, saiakera, nobela zantzuak… Eta poemak ere bai.

Berak azaltzen du nerabetan hasi zela idazten lagun batekin batera. Eta kontatzen du poemek balio izan diotela barrenak hustutzeko. Nik esango nuke poemetan ikus daitezkeela beste sentimendu mota batzuk. Testuan agertzen dira poza eta mina, baina poemen artean, adibidez, badago bat eskainia militante-kide bati, ihes egiteko ahaleginean hil egin zena. Beste bat amari eskainia, alabari ere bai… Uste dut poesiak ematen duela aukera beste tonu batean irakurtzeko. Beraz, ikusten dugu Assata Shakur oso narratzaile ona eta oso pentsalari ona dela, eta poemei esker, beste ikuspegi bat ere ematen digu.

Itzulpen-lanari dagokionez, zeintzuk izan dira erronka zailenak? Eta erraztasunak?

Ez da itzulpen zaila izan. Kontakizunarekin, bere ahotsarekin bazoaz. Baina bere ahots hori, hain justu, eraikiz doa eta ahots hori islatzea izan da erronketako bat. Hizkuntza soila du, baina, aldi berean, oso aberatsa ere badena. Gainera, ahozkotasunetik gertu dago. Beraz, erronka nagusia izan da erregistro horiek imitatzen saiatzea, bizitasuna nola islatu. Bestela oso narratiboa da, elkarrizketak agertzen dira, ez dira azaltzen zailtzat hartzen diren hainbeste ezaugarri.

Ez da ordea zure aurtengo itzulpen-lan bakarra. Luisa Carnés idazlearen '13 ipuin' (Erein, 2022) lana kaleratu berri duzu. Guztiz ezberdina honako hau.

Bai, guztiz bestelakoa. Kasu honetan ipuinak dira, literatura, eta helburu horrekin argitaratuak. Ez dira ezagutarazteko testigantzak, baizik eta literatur-sormenetik abiatutako lan bat. Kasu honetan ere, Luisa Carnés errepresaliatu zen, espainiarra baitzen jaiotzez. Giro politikoak eta giro sozialak leku handia dute hemen ere, baina beste modu batera kontatzen da hori, ez da lekukotasun zuzenen bidez, baizik eta ipuinen bidez.

Itzuli eta itzuli zabiltza…

Itzultzea da nire lanbidea. Ez dira denak liburuak izaten baina. Soldata ateratzeko itzulpenak egiten ditut eta gero tarteka literatur-lanak, horiek izaten dira oihartzun handiena dutenak. Baina, bai, han eta hemen gustuko gauzetan nabil gehien-gehienetan.