'Natasha', Koldo Almandozek eta Aritz Truebak ondu berri duten komikia horrela hasten da: Gazte bat parranda batean. Musika, alkohola eta beste droga batzuk. Neskak eta mutilak. Dantza eta ligoteoa. Denak ere • REC batek inguraturik.

Farmazia Beltza etxeak argitaratu duen lanean, lehen orrialdeetan ez da hitzik. Aitzitik, sobera ulertzen dira gertakizunak Aritz Truebak (Donostia, 1980) egindako irudietan: festa batean, Natasha neska gaztea drogak hartzen eta beste grabatzen dute. Gertakizun horretatik abiatuta bada, errua, intimitatea eta sare sozialen erabilpena lantzen dituen istorioa biltzen du komikiak. Jatorrian benetako gertakizun batean oinarri zuenari, beste amaiera bat eman diote oraingoan, ordea.

'Natasha' komikia.

'Natasha' komikia. Farmazia Beltza

Gipuzkoako herri txiki bateko neska bati gertatutakoaren berri izan zuen Koldo Almandozek (Donostia, 1973) orain urte batzuk. "Bizitzari buelta eman zion gertatukoak" esan du Almandozek, izan ere, neskak bere buruaz beste egin zuen. Aldiz, gaian pentsatzen jarrita honakoak pentsatu zituela azaldu du: "Aurrera egitea erabaki izan balu, edo beste erabaki batzuk hartu izan balitu, nolakoa izango litzateke istorioa?". Hartara, erronkatik ere bazuen istorioaren alternatiba hori kontatzeak, "argitsua" behar zuela. Hari horri eutsita, erantsi du dramatizatzeko eta biktimizatzeko joera dagoela, eta beraz, fikzioak beste ikuspegi bat eman ziezaiokeela gaiari.

Norabide aldaketa

Jazoera hartan oinarritutako gidoia egin zuen Almandozek, film bat izango zenerako hain zuzen. Finantzaketa eta bestelako arazoak medio, bertan behera geratu zen ikus-entzunezko proiektua. Orduan, aurretiko elkarlanak, eta bereziki, Almandozen eta Truebaren arteko aspaldiko laguntasunak bultzatuta -txikitan bizilagunak ziren- komikia egiteko aukera proposatu zion irudigileak zinema zuzendariari. Hala bada, urtebetez, ostiralero Koldoren sukaldean biltzen zirela kontatu du Aritzek: "Beste lan batzuk egin izan ditugu elkarrekin. Oraingoan jolas modukoa izan da eta ez da batere nekagarria izan", eta gehitu du askatasun osoz sortzeko aukera izan duela, izan ere, gidoiak ez zuen finkaturik sekuentziarik edota binetarik ere. Bere aldetik, Truebak azpimarratu nahi izan du ez dela lanen banaketa izan: batak gidoia, besteak irudiak. Testuen eta irudien antolaketa biek egin dute hartara, eta nolabait, rolak banatu egin dituztela kontatu du: "Ni ekoizpenean murgilduta nengoen, eta Koldok, berriz, irakurle eta zuzentzaile papera hartu zuen". Komunikazioa gako izan dela bat datoz bi bizilagunak eta bien narrazio-grafikorako gaitasuna goraipatu. Bataren zein bestearen ekarpenak eta iritziak elkar trukatzeak lagundu dute, beraz, Natasha den liburua izaten. Almandozek, halaber, gehitu du ez dela "bigarren plater moduko proiektua", hau da, beste modu batera begiratuta, filma atera ez izanari esker egin ahal izan dute komikia.

'Natasha' komikia.

'Natasha' komikia. Farmazia Beltza

Lehen aldia du Koldo Almandozek literaturaren arloan. Hala ere, aitortzen du betidanik idatzi izan duela, nahiz eta ez duen bere burua idazle gisa aitortzen: "Idazle eta narratzaile arteko banaketa egiten dut. Liburu onak argitaratzen dituztenen artean, batzuk narratzaileak dira, eta gutxi batzuek baino ez dute lortzen idazle maila". Narratzaileen taldean ikusten du bere burua. Gainera, txikitatik komiki-zale amorratua dela aitortu du. Ez du beraz, ikus-entzunezkoetatik literaturarako salto handia egin duenik sentitu: erreferentziak, atsegin zituen lanak eta egileak hor zituztelako.

Irudia ardatz

Testuak bainoago, irudiek dute pisu handiagoa 'Natasha' komikian. Zineman, batzuetan, ere halaxe gertatzen dela uste du Almandozek. "Hasieratik argi nuen obra honetan pertsonaiek, haiek akzioen bitartez kontatu behar zutela istorioa", esan du zuzendariak eta gehitu du: "Nola kontatu istorioa, gertakizunak berbalizatu gabe?". Bi gauza nabarmendu nahi izan ditu: batetik, azalpenik ezak. Hau da, testua azaltzen denean pertsonaiei ahotsa emateko baino ez dira azaltzen hitzak, bokadilloetan. Bestetik, Aritz Truebaren marrazkien adierazkortasuna goraipatu du. Almandozen arabera, komiki "emotibo" honetan irudigile donostiarrak emozioak marrazten asmatu duelako. Truebaren teilatuan zegoen, hortaz, irudiei bizia emateko ardura. Ilustratzaileak ez du zama gisa ulertu, are, ariketa modura eta sortzaile gisa eskertu egin du. "Testu-masa handia zegoen eta ezin zen dena azaldu, beraz, elkarrizketa asko kendu egin ditugu", Truebak. Bide batez, gazteen ohiko hizkera imitatu dute, esamoldeak erabiliz, edota sarri, gaztelerara joz.

Ohi ez duen modura, koloreari izkin egin dio marrazkigileak. Kontakizunari dramatismoa emateaz gain, estilo horretan aritzeko beharra sentitu zuen, tintarekin jolasean aritzekoa. Hala mintzo da Trueba obra zuri-beltzean egiteko hautuaz: "Aurreko lanean ohartu nintzen marrazkien lerroari ez niola baliorik eman. Oraingo honetan, intimoa da, eta aurpegiko adierazpenek garrantzia izango zutenez, horrekin jokatu dut". Gehitu du hasieratik irudikatzen zuela bere buruan zuri-beltzean, eta lerroen "lehertzeak" ekarriko zuela, Truebaren hitzetan, esperimentazioa: "Beste lerro finago batekin ez nukeen agian lortuko hain espresiboa den lan bat". Laborategi bat izan dela ondorioztatu du, hortaz, bai marrazkien teknikaren aldetik, baita bineten antolaketaren aldetik ere. Hain justu, bineten antolaketa, orohar, komikien antzerako den arren, badira, gertakizunen sekuentziari beste narratiba bat eman asmoz bestera jarriak dauden irudi gordinak edota zirriborratutako marrazkiak: bi orritako tirak, orri osoko irudiak, collage-ak…

Aurrera egitea

Natasharen irudi batzuekin hasten da komikia, eta irakurleek ulertuko dute zer den irudiok iradokitzen dutena, nahiz eta hasiera batean, behintzat, esplizitua ez izan. Eskolan, errugbi taldean edota herrian gertaeraren inguruan esaten direnak biltzen ditu gero, baita amarekin edota psikologoarekin duen harremana ere. Jarraian, bi urte beranduago Natashak unibertsitatera salto egindakoan, oraindik ere baduen zama irudikatzen dituzte marrazkiek. "Ez genuen Natasha drama batean sartu nahi", azaldu du Almandozek. Egileen ustez, garrantzitsuena komikian ez da bideoa bera, protagonistaren bizitza baizik, eta aurrera egiteko gonbite modukoa: "Horrelakoak bizitzan gertatzen badira ere, eta gertatzen segituko dute, ez diegu hainbesteko oihartzunik eman behar eta bizitzen jarraitu behar da".

'Natasha' komikia. Farmazia Beltza

Kasualitateak zer diren, intimitatean egiten direnak partekatzeak dakarrena azken asteetan mahaigaineratu egin da. Batetik, Netflix streaming plataforma digitalean 'Intimidad' telesaila mundu mailako fenomeno bihurtu da -ingelesa ez den beste hizkuntzetako ikusienen artean dago-. Telesailak bikote donostiarraren lanean lantzen denaren pareko jazoera baten ingurukoak kontatzen ditu. Estreinatu eta gutxira, Santi Millan aurkezle espainiarraren bideo bat zabaldu zen sareetan sexu-harremanak izaten. Komikiaren gidoigileak hipokresia puntu bat nabaritzen du horiek gertatzen direnean: "Gehienok egiten dugu txortan normaltasunez, eta bideotan ikusten duguna ez zaigu arrotza. Hala ere, mugikorrean ikusten ditugunean harritu egiten gara eta zalaparta sortzen da". Are gehiago, uste du gaia ahoz-aho ibili bada, bideoetan azaltzen dena ezaguna delako dela, eta kontrara, beste norbait balitz, ez lukeela horrenbeste oihartzun izango. Horrekin batera ekarri ditu Eibarko futbol taldekidearen edo Donostiako gazte batzuen bideoen adibideak.

Kameoak

Keinuak ugariak dira euskaraz Farmazia Beltzak, eta gazteleraz Nuevo Nueve argitaletxeek argitaratu duten lanean zehar: Martin arrantzalea, 'Ondar Ahoak' telesaila edo Berri Txarrak taldea, besteak beste. Marrazkietan, filmetan ez bezala, nahi dena marrazteko aukera dagoela azaldu du Almandozek. "Batzuk kendu behar izan ditugu, ez genuen Torrenteren film bat bihurtu nahi", aitortu du, hala ere, barre artean.

Esperimentazioa aipatu du lehenago ere Truebak. Eta horretan jarraitzeko asmoa duela erakutsi. Hala ere, film izateko jaio zen proiektua paper-irudiz osatu ostean, ez du baztertzen Natasha-ren ikus-entzunezkoa egiteko aukera, halakorik sortuko balitz. Paco Rocak 'Arrugas' lanarekin edo Marjane Satrapiren 'Persepolis' komikiarekin egin bezala, hau ere pantailetara eramatea lor daitekeela uste du. Nolanahi ere, lana bukatutzat ematen dute sortzaileek, eta hausnarketa egin beharko lukete animazio-filmaren proposamenaren aurrean, arriskuak egon daitezkeelakoan.