Hitzak eta musika nahastu egingo dira, elkar gurutzatuko dira martxoaren 31n Bilboko Itsasadarra itsas museoko oholtzan. Goizalde Landabasok (Bilbo, 1970) eta Garazi Goiak (1978, Segura) elkarrekin idatzi duten 1.362km euri (Elkar) liburuan oinarritutako performancea taularatuko da bertan. Liburuaren izen bera eramango duen ikuskizuna izango da. Galder Perez antzerkigilea eta kazetaria ari da guzti horri forma ematen, bera baita zuzendari artistikoa.
Sormen literario honen oinarria eskutitzak dira. Garazi Goia eta Goizalde Landabaso idazleen artean 1.362 km daude. Bata Bilbon eta bestea Londresen bizi da. Liburua bera Landabasok eta Goiak elkarri bidalitako gutunen bilduma da. Azaldu dutenez, oso modu naturalean eman zen eskutitz horiei liburu formatua ematea. “Elkarrekin zerbait idatzi nahi genuen baina ez genekien zer”, kontatu du Landabasok. Argi zutena zen emakumeekin lotutako zerbait egin nahi zutela eta gutunaren ideia otu zitzaien. “Gutunek tartea eskatzen dute batak bestea entzuteko, besteari idazteko”, uste du Landabasok, eta horixe zen, hain zuzen ere, bilatzen zutena: “bizi garen abiada biziko garai honetan beste patxada bat bilatu idazteko, bata bestearekin egoteko, nahiz eta gure artean 1.362 km-tako distantzia egon”. Era horretan, Landabasoren iritziz, “une batez, gutunek irauten zuten denbora horretan gure munduak gelditu egin ditugu”. Horrez gain, liburuak biltzen dituen gutunak postal bihurtu dituzte egileek.
Itzalpeko emakumeak Bizitzaz, eguraldiaz, egunerokoaz, eta batez ere, arteaz eta miresten dituzten emakumeez mintzo diren testuak irakurriko dituzte emanaldian. Bi lagunen artean gutun bidez sortzen diren gaiez haratago, emakume ahaztuak izan direnak, erreferen-tziazkoak izan beharko luketenak dira eskutitz hauen protagonista: “Historian zehar lan handia eta benetan ekarpen asko egin zituzten emakume asko itzalean gelditu dira. Itzalean, haien ondoan gizonezko batek hartu zuelako protagonismoa edo emakume izate hutsak desabantaila asko zituelako. Emakume horietako batzuk aldarrikatu nahi izan ditugu gure gutunetan”, azaldu du Goiak. “Guk ez dugu emakumezko erreferentziarik izan eta ezinbestekoa da jakitea badirela emakume miresgarriak, boteretsuak, adoretsuak, gauza asko egin zutenak”, gehitu du Landabasok.
Horretarako dokumentazio lan handia egin behar izan dute, “haiei buruzko informazio gutxi egon delako, eta askotan bilaketa lana handia izan da”, jakinarazi du Landabasok. “Oso zaila da emakume zenbaiten lorratza jarraitzea”, erantsi du. Informazio nahikorik topatu ez dutelako, hain zuzen, emakumeetako batzuk baztertu behar izan dituzte egileek. Idazle bakoitzak bere gutun horietako protagonistak aukeratu ditu; Landabasok, esaterako, argi zeukan lehenengoa Eulalia Abaitua argazkilaria izango zela. “Bere erakusketa bat ikusi nuenetik liluratu izan nau”. Gainerakoak bilaketak berak ekarri ditu.
Galder Perez antzerkigilea eta kazetaria ari da Goia eta Landabasoren gutun trukaketa literario horri performance itxura ematen, zuzendari artistiko lanetan. Babeserako kopia ikuskizuna ere Galder Perez eta Ane Zabalarekin egin zuen Landabasok. “Pentsatu genuen nolabaiteko jarraipena eman geniezaiokeela liburuari eta performance-arena otu zitzaigun. Hortik aurrera, dena apurka joan da. Liburua kaleratu ostean postalak bihurtzen hasi ginen eta hezurdura denon artean egiten joan gara”, azaldu du kazetari bilbotarrak. Perez eta Landabaso aspaldiko lagunak dira. Irratian batera lan egin izan dute, baina sekula ez dute kazetaritza arloan elkarrekin lan egin. “Lagunak gara eta badugu gure sormen lanak partekatzeko ohitura. Kultura asko konpartitzen dugu”, dio Perezek.
Musika LAGUN Literaturak ez ezik, musikak ere izango du presentzia emanaldian. Nerea Alberdi biolin-jotzailea emakumezkoek idatzitako musika piezak bilatzen ibili da, eta liburuaren bi egileekin batera parte hartuko du agertokian. “Giro berezi bat sortzea nahiko genuke. Gutun trukaketa batek sortzen duen intimitatea eta eskuzabaltasuna, aterki batek lortzen duen babesa eta jolasa”, azaldu du Perezek. Bere esanetan, “oso ikuskizun xumea” da prestatzen ari direna. “Garazik eta Goizaldek idatzi dutena transmititu nahiko genuke. Hau da, gutunetan jaso duten emakumeen izaera, bizi-tza eta arima taula gainean jartzea”.