Maiz ez gara ohartzen zein garai pozgarriak diren euskaldun izateko. Ados, gure hizkuntza hilzorian dago, ezagutzan aurrera egin arren hizkuntzaren erabileraren joerak penagarriak dira, etab. Baina euskarara egindako itzulpen literario bat esku artean har-tzen dudan ia bakoitzean ahaztu egiten naiz, pixka bat sikiera, berezkoa dugun agonismo linguistikoaz.
Batzuetan kontrastez gertatzen zait. Neguko opor hauetan, adibidez, bigarren eskuko liburu denda batean Leonardo Sciasciaren Itsaso ardo kolorea ipuin liburuaren euskararako itzulpenarekin topo egin (Erein, 1991), eta berehala poltsikoratu nuen, egilearen ezer aspaldi irakurri ez nuela gogoan hartuta. Oso zalea izan bainintzen gaztetan, nire liburutegiko apalategiak salatzen duen bezala: El archivo de Egipto, El contexo, Todo modo, Las parroquias de Regalpetra? Guztiak Bruguerako Libro Amigo sail merke hartakoak.
Liburua atseginez irakurri dut, eta bi gogoeta eragin dizkit. Lehenengoa, eta zutabe honen gai nagusiarekin lotuta, akordura ekarri dit zenbat egin duen aurrera, 1991 hartatik, euskal itzulpengintzak. Ez Josu Zabaletaren itzulpena gaizki dagoelako, urrun baitago jasan behar izan ditugun itzulpen ortopediko haietatik: kontua da oraindik nabaritzen zaiola ez doala gaur egungo gehienak bezain koipeztatua, une batzuetan jatorrizkoa ez -italierarik ez dakidalako, noski-, baina gaztelaniazko itzulpenari begiratu bat emateko tentalditxoa sortzen zaizulako, traba egiten dizun -eta berrirakurriz berehala ebazten duzun- esaldi edo paragrafo hori argitzeko. Halako bulkadarik batere ez, ordea eta esaterako, Zabaletak berak errusieratik itzulitako Lev Tolstoiren Hadji-Murat irakurtzean (Meettok, 2017), nobela ezin gozagarriago bat, bide batez esanda, gure artean merezi zuena baino oihartzun gutxiago izan duena, literaturaren historiako lan handi horietako bat izan arren.
Eta bigarrena, hau askoz ere albokoagoa, Sciasciaren literaturarekin atzera topo egin izanak eragin dit, hainbeste urteren ostean. Liburu haiek guztiak bata bestearen ondoan irakurri ondoren izandako inpresio bera berretsi baitit honek: badaude idazleak, handiak izan arren, ez dakitenak beren lanak ondo errematatzen, hots, amaiera ahulak ematen dizkietenak beren obrei. Sciascia zorrotza delako, darabilen gaia izugarri ondo planteatzen eta garatzen duelako, Siziliaren eta, azken finean, gizakiaren/gizartearen alderdi ilunenak ironiaz disekzionatzeko trebezia berezia duelako? baina ez daki amaiera biribilak sortzen, edo hori iruditzen zait behintzat: nobelekin gertatu zitzaidan, eta are gehiago orain ipuinekin -Julian Barnesi buruz antzeko pentsatzen dut, salbuespen batekin: ingelesak hobeto azkentzen ditu ipuinak; nire hipotesia da Barnesen berezko sena ipuingilearena zela, eta profesionalizazioak bultzatu zuela, halabeharrez, eleberrigintzara?-.
Amaierarena arte bat baita, zailenetako bat akaso. Artikulu honenak erakusten duen bezala, lekurik gabe geratu bainaiz benetan biribila izango litzatekeen bat gauzatu ahal izateko -adibidez, zirkulua ixteko, hasierarekin bat egingo lukeen bat, edo itzulpenen gai nagusiarekin lotutako bat, eta ez, bistan denez, Sciasciaren edo Barnesen amaierena bezalako off topic batekin-. Tamala benetan.