Síguenos en redes sociales:

Astoen santutegia

Keniako Lamu herrian ez dago ia garraio motorizaturik. Aldiz, 5.000 asto inguru bizi dira, eta urte luzez kargarako lanabes gisa erabili dituzte. Orain, ordea, herritar talde batek animalia horien babeserako aterpe bat sortu du

Astoen santutegiaAne Irazabal

Astoak zaintzen ez dituen gizakia asto bat da”. Esaldi horrekin eman digu ongietorria Lamuko Astoen Santutegiak. Keniako swahili kostan aurkitzen den harribitxi historikoa da Lamu. Somaliarekiko mugan dago eta piraten heldulekua izan da mendeetan zehar. Bertara iritsi eta badirudi denbora duela 300 urte gelditu zela. Lamun Erdi Aroko kanoiak eta gotorlekuak dira nagusi. Emakumeek eta gizonek swahilizko esaldiak dituzten ehunak janzten dituzte. Diruak behin-behineko zoriontasuna ematen du edo maitasuna eta errespetua gauza bera dira tankerako esaldiak gainean jan-tzita alde batetik bestera dabiltza lamutarrak.

“Lamu jarraian okupaturiko munduko herririk zaharrena da”, esan du harro Mohamedek. Gizonari gusta-tzen zaio behin eta berriz errepika-tzea XVI. mendeko merkatari arabiar handien oinordekoa dela: “Nire bir-bir-birrationak hemen ezarri ziren, bada, artxipielago hau arran-tzaren eta merkataritzaren zentro nagusia izan zen. Hemendik boliaren, animalien larruen eta esklabuen salerosketa zuzentzen zuten merkatariek”. Eta tradizio horren ondorioak begien bistakoak dira herritarrengan. Lamun bat egiten dute pertsiarren, bantuarren, arabiarren eta indiarren oinordekoek. Horregatik, agian, UNESCOk gizateriaren ondasunen zerrendan jarri du.

Mohamedek ileapaindegi bat dauka herriko alde zaharrean, baina denbora librean Astoen Santutegian lan egiten du. “Duela gutxira arte ez zegoen garraio motorizaturik Lamun. Bidaiatzeko eta merkan-tziak eramateko astoak erabiltzen ziren. Oraindik ere erabiltzen dira”, azaldu du Mohamedek. “Izan ere, 2018an gauden arren, bi auto bakarrik daude Lamun. Hirian lan egiten duten bi gaztek erosi dituzte”, diosku Mohamedek. Hain zuzen, herrian gertakari historikoa izan zen autoen iritsiera. “Itsasontziz heldu ziren. Ordura arte herritarrak ez zeuden autoetara ohituak. Edonola ere, motorrak eta kotxeak nekez pasa daitezke herriko kale estuetatik. Ez dago hemengo 5.000 astoei konpetentzia egingo dien garraiorik”, erantsi du.

Astoak kargarako eta garraiorako animaliak dira Lamun. Ia familia bakoitzak asto bat du. “Batez beste 25-30 urtez sano bizi daiteke astakiloa. Arazoa da hemen, sarritan, gaizki tratatzen dituztela”, salatu du Mohamedek. “Lamun, zoritxarrez, ohikoak dira astoen aurkako jipoiak. Herritar askok ez dituzte animaliak zaintzen, ez diete jaten ematen”. 2018an 10 astakilo hil dira, jasan dituzten tratu txarren ondorioz. “Horregatik sortu genuen santutegia. Iruditu zitzaigun animalien onerako zerbait egin behar genuela”.

Babeslekuak 1987an ireki zituen ateak. Mohamedek hala gogoratzen du: “Hasieran, astoen ospitale bat zen. Funtsean, gaixorik zeuden asto abandonatuak edo umezurtzak zaintzen genituen”. Orduan, Donkey Sactuary UK erakundearen lagun-tza jaso zuten lamutarrek. Dozena bat turisten eta herritarren lanari esker, eraikin txiki bat alokatu zuten.

Egun, berriz, Lamuko albaitariek 20 astakilo zaintzen dituzte. “Arazo nagusiena da familiek haien astoak abandonatzen dituztela nagusitzen direnean. Izan ere, ez dute indarrik orain arteko lanari eusteko. Aterpeak bizitza lasaia eskaintzen die, bakean hil daitezen”, uste du Mohamedek.

Ileapaintzailearen familiak ere bi asto ditu: Rossana eta Andrea. Santutegian boluntario gisa lan egin zuten bi gazte britainiarren izena jarri zien. “Guretzat oso garrantzi-tsua da herritarrek astoak errespetatzeko ohiturak aldatzea. Lamutarrek jakin behar dute astoak ondo badaude hobeto lan egiten dutela. Horregatik, hainbat pizgarri sortu ditugu”, azaldu du Mohamedek. Famatuena, The Donkey Awards edo Astoen Saria. Zertan datza? Urtero, Lamuko asto ederrenari eta osasuntsuenari saria ematen diote eta animaliaren familiak diru-laguntza jasotzen du”. Horixe, bada, astakilo ez bihurtzeko, astoak zaindu behar dira.