Rafa Ugalde zorrontzarrari aurretik Hamaika bizimodu (Ibaizabal, 2003), Gorria eta beste kontakizun batzuk (Beta, 2005) edo Relax (Txalaparta, 2007) ezagutzen genizkion. Guk dakigula Hondar aleak hau du (Erein, 2018) estreinako poema liburua. Bilboko Udalak antolatutako Blas de Otero Nazioarteko X. Poesia Lehiaketako saria merezi izan du poemarioak eta, egia esan, narrazio luze-laburretan zein abestien letretan poesiak hain argiro zipriztindutako idazle batentzat uste dugu ez bide dela gaitza izan idaztea lirismoz bizitzaren joatea eta idaztearen ezdeuskeria ederra: “Hu-tsune bihurtzen da inguruan dudan guztia/ gaztelu inguruko fosa-zuloa lez,/ handiko aldean dabiltza ingurukoak,/ zubi altxagarria zabaltzen dut lantzean behin, halakoren bat hurbildu dakidan.// Baina esku hutsik itzultzen naiz beti,/ berba ustelen artean,/ esku hutsen zama astuna eraman ezinik”.
Atzera begirako ahapaldiak dira Hondar aleak, aurreko poeman esku hutsek duten pisua bezala zaiolarik pisu idazleari ideien mundua. Are, nahiago du Rafa Ugaldek jostatu sentsibilitatearekin, instintu hutsarekin: “baldintzarik gabe maiteko nauen/ nor edo noren abere-sen garbia,/ ukimenezko hizkuntzan berba egingo didan norbait,/ begirik gabe, ahotsik gabe,/ azaletik hitz egin,/ eskuetatik maitatuko nauen norbait”.
Idazlearen babesleku da lurra, sustraien habi, segurantzen paradisu gezurrezko. Idazlearen altzo seguru, halaber, joandako maitasunak, bereziko indartsua inoiz izan ez ziren tokien magnetismoa. Oihartzun egiten dute liburuan zehar locus amoenus guztiek, errotarririk mugitzen ez duten uren antzera direlako tatxa gabeko idealizazio bikain.
Erromantikoen joera nabari zaio idazleari purua dena goratzeko eta kateak gorrotatzeko. Bakoitzak bere buruari ezartzen dizkion kateei egiten die kontra gainera. Horrek asmarazten dizkio maiz inon ez dauden paradisuak. Eta, hala ere, zein ondo idatziak gezur horiek guztiak, osa-tzen dutenak gizakiaren egia: “Nik ez diot ezer,/ hemen nago/ beti izan naizen lekuan,/ zure eraso ongilearen zain, baina orduan arerio bilakatuko nauzu,/ eta nik ez dinot ezer,/ baina gizakia banaiz,/ animalia banaiz,/ biziduna baldin banaiz,/ neure burua babestu behar dut,/ neure izana eta izena defendituko ditut,/ galtzaile izango naizela ondo jakin arren,/ bortitza izango naiz neure buruaren defentsan,/ eta terrorista izendatuko nauzu”.
Rafa Ugaldek badauka Luigi Anselmiren zer edo zer, Sarriren ukitu bat, klasikoen eitea. Aitaren herio-tza ere gurutzatzen du liburuak, agur neurritsu, agur diskretu baten antzera. Ibili ere, Hondar aleak honetan igartzen da poeta findu eta birfindu ibili dela hitz, koma, arnasa eta zentzua. Kolpe batez irakur-tzen den liburua da, aho zapore garbikoa: sinpletasuna eta eite klasikoa dira bere meritua. Amets garbien lurraldeetan, Anselmiren poesia sakona da, baina era berean atsegina eta arina. Bakuntasuna ote da bere sekretua, edo tristeki atsegina bihurtzen duen nostalgiarako joera dotore hori? Ezin jakin. Lerro artean ezkutaturik doa Ugalderen eskua, eta uneka mila urteotako poetek idatzitakoaren bilduma dakarrela dirudi: “Lur hau maitatu dut,/ gogoz arnastu dut,/ hats kolpe bakoitza egurats fresko honetan”.