Síguenos en redes sociales:

Urte gaitza

Urte gaitza

Aitak aurreko urtean Europako mapa erosi zuen eta hartan ezkilimaz lotu banderatxoa ipintzen hasi, errusiarren frentea marka-tzeko. Ekainaren 6.ean aliatuak Normandian lurreratu eta aitak Frantziako mapa erosi zuen eta hartan jokoa izan zitzaigun bi semeei banderatxoak landatzea.

Azkenean, aliatuak Parisera hurbiltzen zirela, aita gurea desagertu zen: Parisen askapena, bi haurrek amarekin bizitu genuen. Aita erresistentziako lagunekin administrazio lekuen okupatzen zebilen eta okupentzat janari bila. Hamar bat egunez ez zuen etxean lo egin.

Laster, erresistentziak komunistek bultzaturik matxinada aldarrikatu zuen. Etxetik hurbil barrikada bat eraiki zen, gure etxeko gizonetarik inor ez, hamabi-hamalau urtetako komandoa antolatu genuen eta hondar zaku zenbait jaitsi, barrikada egiteko. Biharamunean, esan ziguten negoziatzen zela eta barrikadak kentzeko. Iluntzean, atarian geundela, bulebar erditan aleman Tigre tanke bat eta bi espaloietan blindatuak agertu ziren.

Aitak bisita labur bat egin zigun, alemanei hartu Mauser bat eskuan, izerditan, eta borrokara itzuli zen.

Lurpeko sotoetara jaitsi ginen alemanek Paris zartarazi eta erre nahi zutelako. Gero, jakin genuen Von Choltitzek Hitlerri ukatu ziola Parisen erretzea eta errenditu. Frantses blindatuak zetozela jakin. Amak galdetu tanke gidari bati nongoa zen: hark Mauleko. Eüskalduna? Ez, espainola. Lehen laurehun gizon horietan sartu zirenetan ehun bat espainol errepublikar baziren.

Biharamunean, gure etxetik hurbil, alemanek isilarazi katedraleko bordonak askatasuna ordu betez jo zuen, agorrilaren 25.a zen. Gau berean, sirenak deiadarka jo eta hiru aleman hegazkin agertu paristarrek edanaz opa ez zezaten ardo merkatuaren bonbardatzera etorriak. Bonba su-emailea gure patiora erori eta hondarrarekin ito zen. Gure etxetik hurbil Ardo Merkatua sutan zegoen. Amak maleta hartu, anaia biok poltsa bana eta ihesi. Alarma bukatu eta etxera.

Faxista kolaboratzaileak epaiarekin edo epairik gabe fusilatu zituzten. Behin, teilatuetako tiratzailea, kalean hiltzen ikusi genuen. Azkenean aita etxera itzuli zitzaigun, Mauserarekin.

Amaren etxondoko premua Monte Cassinoko guduan zauritua Parisera etorri eta abisatu behar ukan nuen haren anaia gazteena, mendian espainol errepublikarrek abandonatu armak biltzean mina bat zartarazi eta 20 urteekin hil zela.

Hamabi urterekin Lycée Henri IVean sartu: hiru asteren buruan gaixotu. Gose gorriak eta janari txarrek argaldua, negu osoa ospitalean eman nuen eta hor azkenean ongi jan.